LEMNISKATA: FERNANDO PLAZAOLA

Fernando Plazaola (Irudia EHU)

Datorren ostiralean, martxoaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan, Beasaingo Igartza jauregian “Made in Goierri” zikloko azken  hitzaldia izango dugu, Fernando Plazaolaren eskutik:

“Fusioko energia aldaketa-klimatikoa eragozteko aproposa izango al da?”

Energia denon ahotan dagoen honetan, Fernando Plazaola goierritarrak Iter proiektua zertan den azalduko digu.

 

FERNANDO PLAZAOLA MUGURUZA

(1958-05-03, Legorreta)

Madrileko Complutense Unibertsitateko Fisika Fakultatean Zientzia Fisikoetan Lizentziatua. Eusko Jaurlaritzako ikerlariak formatzeko laguntza bati esker Helsinkiko Teknologia Unibertsitatean doktoretza garatu zuen eta UPV/EHUn Doktore izendatua izan zen. Unibertsitate honetan Teknika Nuklearren bidez Materialak ikertzeko laborategia sortu zuen eta MIMASPEC ikerketa-taldearen buru da. Zuzentzen dituen ikerketa-lerroak bai materialen eta euren aplikazio teknologikoen zein minbiziaren diagnostikorako eta terapiarako instrumentazio berrien ikerketara bideratuta daude. Besteen artean, UPV/EHUko Ikerketa-Errektoreordea eta Errektorea funtziotan (2013-17) izan da. Egun, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoa da.

Fernando Plazaola Lemniskatako laguntzailea da eta, oraingoa bertan emandako bigarren hitzaldia du; hainbatetan gure ekitaldien aurkezlea izan dugu.

 

LABURPENA

Aldaketa-klimatikoaren aurkako Pariseko goi-bileran lortutako akordioa bete asmoz, Europak 2050rako deskarbonizazio osoa lortu nahi du. Hori, munduaren tenperaturaren bataz besteko balioa mende honetan 1,5 gradu ez gainditzeko muga lortzeko urrats garrantzitsua izango litzateke. Baina horrek, erregai fosilen baztertzea, eta beste energia motez ordezkatzea dakar. Zoritxarrez, energia berriztagarriak soilik ez dira nahiko, oraingoz, erregai fosilak ordezkatzeko, eta Europak duela oso gutxi proposatu du gasaren energia eta fisioko energia nuklearra “berde” bezala hartzea. Hitzaldiaren hasieran puntu hori laburki eztabaidatuko da, eta ostean fisio eta fusio nuklearraren arteko ezberdintasunak aztertu ostean, ITER proiektuaren egungo egoera azalduko da. Bukatzeko, fusio nuklearraren bidez potentziako zentral elektriko komertzial bat eraikitzeko azken urteetan eman diren urratsak azalduko da.