JACOBO COMPAINS

Jacobo Compains NUPen.

Jacobo Compains NUPeko doktoreak Administrazio Zuzenbidean prestigiorik handiena duen espainiar sari estatala lortu du

Eduardo García de Enterría sariak, hain zuzen, Compainsek ingurumen-kaltearen arloko Europako eta Espainiako araudiei buruz egindako tesia saritu du

Jacobo Compains Clemente (Iruñea, 1990) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoreari Eduardo García de Enterría saria eman diote, Espainiako Administrazio Zuzenbidearen arloan prestigiorik handiena duen saria, “Herritarren eta administrazioaren ahalmenak ingurumen-kalteari erantzuteko” doktoretza-tesiagatik. Lehendakaritzaren, Gorteekiko Harremanen eta Memoria Demokratikoaren Ministerioaren mendeko Ikerketa Politiko eta Konstituzionalen Zentroak (CEPC) ematen du saria urtero. Hiru mila euro eskudirutan eta tesitik abiatuta monografia bat argitaratzea da saria; aurreikusten da monografia hori 2022ko lehen seihileko honetan argitaratuko dela.

Bere tesian, Jacobo Compainsek ingurumen-kaltearen arloko Europako eta Espainiako araudiak aztertu zituen, eta ingurumen-kalteari buruzko Espainiako araudia hobetu beharra zegoela defendatu zuen, “hutsune nabarmenak” izateagatik. 2019an defendatu zuen tesia NUPen, eta José F. Alenza García NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaile eta Administrazio Zuzenbideko katedraduna izan zen tesi-zuzendaria.

Eduardo García de Enterría (Ramales de la Victoria, Kantabria, 1923 – Madril, 2013) katedraduna, abokatua, akademikoa eta idazlea izan zen. Saria CEPCk ematen du, “Espainiako administrazio zuzenbidearen eraikuntzan erakuslerik handientzat jo daitekeen legegizon horren lan akademiko eta zientifiko goraipagarriaren omenez”.

Sarituaren CV laburra

Doktore titulua eskuratu aurretik, Jacobo Compainsek Zuzenbideko Lizentzia eta, ondoren, Abokatutzarako Sarbideko Unibertsitate Masterra egin zituen NUPen. Tesia egiten ari zen bitartean, bi sari jaso zituen: Doktoregaien Saria Poster Hoberenari, 2017an egin ziren Campus Iberuseko IV. Doktoretza Jardunaldietan; eta Biozuzenbideari eta Ingurumenari buruzko Komunikazio Hoberenaren Saria, Murtziako Unibertsitateko Biozuzenbidearen, Etikaren eta Osasunaren Ikerketa Zentroak emandakoa, Murtzian 2016an egin zen Biozuzenbideari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarrean.

Jacobo Compainsek sei bat ikerketa-artikulu idatzi ditu, baita biltzar zientifikoetarako komunikazioak eta posterrak ere. Gainera, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Alacanteko Unibertsitatean.