MAHASTIETAKO MAHATSONDO-LERROAK

Bi mahasti: mahatsondo-lerroetan berean landare-estalkia du ezkerrekoak, eta mahatsondo-enborren artean lur landua eskuinekoak (lagatako argazkia)

Mahastietako mahatsondo-lerroetan berean landare-estalkia jartzeak onurak ekartzen dizkio mahatsondoari, eta ez du eragin negatiborik ardoan

Javier Abad Zamorak lurzoruak kudeatzeko eta mahatsondoak hazteko estrategia hori aztertu du NUPen irakurritako doktoretza-tesian

Javier Abad Zamora Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) nekazaritzako ingeniariak mahatsondo-lerroetan berean landare-estalkia jartzeak zer onura dituen ikertu du bere doktoretza-tesian. “Modu horretan, belar txarrak kontrolatzen dira baina eragin negatiborik izan gabe mahatsen ekoizpenean eta ardoan, eta, gainera, lurzoruaren kalitatea hobetzen da; kostuaren ikuspegitik, bestalde, lurra lantzea edo herbizidak erabiltzea baino merkeagoa da bigarren eta hirugarren urtetik aurrera”, azaldu du ikertzaileak.

NUPen irakurritako doktoretza-tesiak “Klima mediterraneoko kondizioetan landatutako mahatsondo-lerroetan berean landare-estalkia jartzeak duen interesaren ebaluazioa” du izenburua. Luis Orcaray Echeverría INTIAko Esperimentazioko eta I+G-ko Proiektuen kudeatzaileak eta Luis Gonzaga Santesteban García NUPeko Landare Ekoizpeneko Saileko irakaslea izan ditu zuzendari, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du tesiak.

Landare-estalkia egiteko, belarra hazten utzi behar da mahasti osoko edo parte bateko lurretan, aldi batez edo betiko. Kasu honetan, marrubi hirustaz egin zuen estalkia Javier Abadek. Ikertzaileak azaldu duenez, “Mediterraneoko mahastietan landare-estalkia erabili den kasuetan, mahatsondo-lerroen arteko kaleetan landatu dira ia beti, ez mahatsondo-lerroetan berean dagoen lurrean”. Laborantzako egiazko kondizioetan estalkiak nola funtzionatzen duen ebaluatzeko, ondoz ondoko hiru urtez aztertu du ikertzaileak Ochoa upeltegietako mahasti komertzial batean.

Ikertzaileak nabarmendu duenez, “hirusta-estalkia behin bakarrik ereinda, egoera onean iraun du ikerketaren hiru urteetan (eta gaur egun ere, bost urte pasatu direnean, egoera onean dago oraindik ere), eta mahatsondo-enborren arteko lur-lantzeak baino hobeki kontrolatu du belar txarren presentzia”. Ildo horretan, Javier Abadek dio “mahatsondoarekin pittin bat lehiatu dela hirusta ura lortzeko, baina ez dela batere lehiatu elikagaiak bereganatzeko. Lehia horrek ez du eragin nabarmenik izan mahastiaren ekoizpenean, nahiz eta komeni den ureztapena pixka bat doitzea laborantza-teknika hori erabiliz gero. Lurra erabiltzeko bi moduetatik ateratako ardoen artean ere ez zuten alderik sumatu; beharbada, ardoaren fruitu eta lore lurrina pixka bat handitu zuela hirusta-estalkiak.

Beste onura batzuk

Marrubi hirustaren estalkia erabiltzearen alderdi garrantzitsuetako bat izan zen “lurzoruaren kalitatearen parametroak laster hobetu zirela; izan ere, hirusta erein ondorengo lehenbiziko urterako ohartu ziren hobetu egin zela lurzoruaren materia organikoaren maila eta haren egitura, eta horrek lagundu egiten dio higadurari aurre egiten”. Lurzoruaren parametro biologikoek ere hobera egin zuten denboraren joanarekin.

Javier Abadek ondorio gisa azpimarratu du “belar-estalkia baliagarria dela belar txarrak kontrolatzeko, eta ez duela eragin negatiborik mahatsen ekoizpenean eta ardoan; gainera, hobetu egiten du lurzoruaren kalitatea, eta teknika ona da klima mediterraneoko mahatsondoetan erabiltzeko baldin eta ureztatze sistema badute”.

Lurzoruaren erabilera kudeatzeko modu horren kostuari buruz, ikertzaileak dio ezen, “mahatsondo-enborren arteko lur-lantzearekin eta herbizidak erabiltzearekin alderatuz gero, lurra marrubi hirustarekin lantzea merkeagoa dela ziurtatzen bada estalkiak bizpahiru urte iraunen duela gutxienez”.

Curriculum vitae laburra

Javier Abad Zamora nekazaritzako ingeniaria da NUPen, eta Landare Osasuneko Masterra egin zuen Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Nafarroako Gobernuko Landareen Ekoizpenaren eta Osasunaren Departamentuan aritu zen lanean hiru urtez, eta, gero, Nafarroako Mahastizaintzako eta Enologiako Estazioan beste 3 urtez (EVENA). Denboraldi batez UCANen eta Mahastizaintza Aurreratuaren NUPeko Taldean aritu ondoren, doktoretza-tesia egiten hasi zen INTIAn (Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutua) INIAren doktoretza aurreko laguntza batekin, eta NUPen, EVENArekin, Neikerrekin eta INCAVI-IRTArekin lankidetzan. Plumpton Collegeko (Ingalaterra) Mahastizaintza eta Enologia Zentroan ikerketa-egonaldi bat ere egin zuen.

Bestalde, lau artikulu zientifiko argitaratu ditu egile nagusi gisa, eta egilekide izan da hamar artikulu baino gehiagotan. Mahastizaintzari buruzko biltzar nazionaletan eta nazioartekoetan hartu du parte, eta Baratzezaintzako Zientzien Kongresu Nazionaleko Hiru Minutuko Tesi Hoberenaren Saria irabazi du. Horri esker, Espainiaren ordezkaria izanen da heldu den udan Frantzian eginen den Baratzezaintzako Zientzien Kongresuan. Gaur egun, INTIAn ari da lanean Javier Abad, landa-aholkulari eta mahastizaintzako arduradun gisa.