ALETXA ETA MIKEL – 3

Udaberriko eguzkia itzulirik, baikortasunik handieneko giroan, kostaldeko apartamendu aberatsean tratu berria elektronikoki izenpetu zuen Mikelek.

–  Biba zu, Mikel! Aro berri batean sartu garela, uste dut —erran zion Aletxak.

Dutxatik atera berri izana zen Mikel, garbi-garbia jantzi idorretan, usain onekoa, inguratzen zuen desodorante hodei erdian garagardo usaineko haizetxorik gabe. Tratu berriaren legez jadanik ez zen dutxaren aukeran presioko edo kañaren edatea pentsatzekoa.

Afaltzeko tenorea hurbiltzen zen. Interfonoaren tirrinta entzun zuten. Aletxak, aspalditik soinu hau itxoiten zuen bezala, harridurarik gabe, erantzun zuen.

– Nor da?

– “Gustatzen Zaidana” programako afaria eramaten dizut —erantzun zion gizon baten ahots gazteak, ezkuter azantzak nahastuak.

– Bosgarren estaira igogailuz otoi, eta eskuinetara lehen apartamenduaren atera, milesker —erantzun zion Aletxak.

Mikelek, zur eta lur, ahoa hortz bete, erdi zutik, erdi eseririk, atera begira zegoen.

– Baina? Gaur arratsaldean jadanik? Nola dakite zer gustatzen zaidan?

– Ba Mikel, jadanik bi urtez elkarrekin egon gara! Zer eginen nuke hemen zure gustuak oraindik ez banekizkien? Positiboki har ezazu zerbitzu hau. Datozen sei hilabetez erosketen eta sukaldaritzaren egiterik ez! Denbora gehiago ukanen duzu, zuretzat, etxerako lana egiteko edo film bati beha egoteko, ezta?

– Bai, bai Aletxa, baina hori dena berri-berria da eta hain fite iragaten da!

Apartamenduaren atea ireki zen eta motorista agertu zen, kaskoa eta guztiz jantzia, kartoizko kutxa eskularruen artean.

– Non ezarriko dut? —galdetu zion Mikeli.

– Hemen, hemen, sukaldearen mahaian otoi. Ea zerbait zor dizudan? —Mikelek.

– Ez, ez. Manatzearekin egin zen ordaintzea. On egin eta bihar arte! –erantzun zuen gazteak eta agertu bezain fite abiatu.

Mikelek kartoizko kutxa ireki eta platerak atera zituen, jadanik epela zen plater nagusia mikrouhin labean sartu, minutu bat itxoin eta atera, lurrun hodeitxo batekin, mahaian ezarri eta eseri.

– Usain ona du plater horrek, Aletxa! Dasta dezagun ea bere usaina bezain ona den!

– On egin Mikel! Kasu ez erretzeko! Biziki beroa iruditzen zait eta.

– Milesker Aletxa! Ba, biziki ona da ere, erran behar dizut. Goresmenak ideiagatik!

– Ezta zeren, Mikel! Euritan ibiltzearen konpontzeko lagunduko zaitu afari ona! Eta nola izan da zure lan eguna, atzo baino hobea? Edo berriz zure kontra izan dira denak?

– Aletxa, ez dira egunetik biharamunera aldatzen, horrelakoak, zoritxarrez!

– Baina zer dute zure kontra, Mikel? Nahi duzunean pertsona atsegina izan zaitezke, egia erran.

– Lodi-lodia naizela egun osoan erraten didate, Aletxa, edo ulertarazten. Baita horregatik gauzak emekiegi egiten ditudala ere. Eta horregatik ere inoiz ez naizela ezkongai izanen eta donadotzat bukatuko. Negar egitekoa da! Teknikoki hauek guztiak baino hobea naiz!

– Bon! Bon! Lasai Mikel, oraintxe bide berri bat hartzen duzu. Egiazki harritua izanen zara elikadura programaren ondorioz.

Afaria bukatu eta gero, Mikelek garbigailuan dena sartu zuen eta Aletxak garbitze programa abiatu. Mikel sofan eseri zen eta telebista piztu zortzietako berriei so egiteko.

Bederatzietan, Mikelek eguraldi aurreikuspena ikusi eta gero, Aletxak galdetu zion:

– Ba, Mikel, orain jakin behar dut nori zure boza emanen duzun datorren lehendakari hauteskundeetan?

– A! Aletxa hori jadanik?

– Bai Mikel! Tratua errespetatzen dugula ahal bezain laster frogatu behar dugu, ezta? Beraz nori?

– Aletxa, gaur gauean, dakizun hori dena pairatu ondotik, ez dakit nork hobetuko duen nire egoera, zutaz aparte! Beraz boz zuria emanen dut!

2021/03/18

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (73. zenbakian)