Lanak online aurkeztu behar dira www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.es webguneetan
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko Bertsopaper Lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu dute, eta lanak aurkezteko epea ekainaren 30era arte dago zabalik. Lanek gai eta neurri librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Halaber, bertsoen melodia zehaztu beharko da, eta lanek oinarrizko kalitate-irizpideak bete beharko dituzte. Lanak bakarrik online aurkeztuko dira, www.irunakulturada.eus edo www.pamplona.es webguneetan dagoen formularioa betez.
Lehiaketan Nafarroako egileek zein nafarrak ez diren baina Foru Komunitatean bizi diren pertsona orok parte hartzen ahalko dute. Deialdiaren oinarriek hiru kategoria ezartzen dituzte, egileen jaiotze-datarekin lotuak eta lanentzako ezaugarri zehatz batzuekin. A kategoria 2009an edo geroago jaiotakoei zuzentzen zaie, eta gutxienez 2 bertso eta gehienez 4 aurkeztu beharko dituzte. B kategoria 2005 eta 2008 bitarte (biak barne) jaiotakoei zuzentzen zaie, eta 4 eta 8 bertso arteko konposizioak hartzen ditu. Azkenik, C kategorian, 2004. urtean edo lehenago jaiotakoei zuzenduta, lanek gutxienez 12 eta gehienez 16 bertso izanen dituzte, eta guztiek nolabaiteko batasuna osatu beharko dute.
A eta B kategorietan, parte-hartzaile bakoitzak gehienez 3 lan aurkezten ahalko ditu. C kategorian, bakarrik lan bat aurkezten ahalko da. Lehiaketa honetako aurreko bi edizioetan C kategorian lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu. Epaimahaia Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Saioa Alkaizak osatuko dute, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala proposatuta.
Kategoria bakoitzak dagozkien sariak izanen ditu ere. A kategorian, 150, 100 eta 50 euroko kultura-bonuak lehen, bigarren eta hirugarren sariendako, hurrenez hurren. B kategorian sariak 350, 200 eta 150 eurokoak dira. C kategorian, sariek diru-kopurua biderkatzen dute, 1.500 euro lehen sariarendako, 1.000 euro bigarrenarendako eta 500 hirugarrenarendako. Sariak banatzeko ekitaldia aurtengo udazkenean eginen da.
Iaz, Iruñeko Bertsopaper Lehiaketaren bigarren edizioan, 20 egileren 22 lan aurkeztu ziren. Horietatik 11, C kategoriakoak ziren, 2, B kategoriakoak eta 9, A kategoriakoak. Lehen sariak Saioa Alkaiza Guallarrek, Nora Mendia Zabalzak eta Loitzate Goñi Elortzak irabazi zituzten. Lehenengo edizioan 24 lan jaso ziren (2, A kategorian; 5, B kategorian, eta 17, C kategorian).