Antonio Urbina NUPeko irakasleak eguzki energia jasangarriari buruzko liburu bat argitaratu du Springer argitaletxearekin
Eguzki erradiaziotik elektrizitatea sortzeko sistema fotovoltaikoen funtzionamendua jorratzen du “Sustainable Solar Electricity” lanak
Antonio Urbina Yeregui Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzien Saileko irakasle eta INAMAT2 Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko ikertzaileak “Sustainable Solar Electricity” liburua argitaratu du Springer argitaletxearekin. Liburuan, egileak eguzki zelulen fisika eta eguzki erradiaziotik elektrizitatea sortzeko sistema fotovoltaiko osoen funtzionamendua aurkezten ditu, baita horiek ingurumenean eta ekonomian dituzten ondorioak ere. Liburua mintegi batean aurkeztuko da, maiatzaren 3an, 12:00etan, NUPeko Jerónimo de Ayanz zentroko hitzaldi aretoan.
“Eguzki energia fotovoltaikoa terawatt batera hurbiltzen ari da instalatutako potentziari dagokionez, eta munduko ahalmen elektriko osoaren % 9 izan zen 2020an; izan ere, azken urteetan gehien hazi den teknologia energetikoa da”, dio egileak. Azaldu duenez, liburuan “arreta bereziarekin aztertzen dira teknologia fotovoltaiko nagusietan erabiltzen diren materialak, horien ekoizpen, operazio eta birziklatze prozesuak ingurumenean dituen ondorioen ebaluazioa barne, eta analisi zehatza egiten da teknologia hori klima-aldaketa arintzeko tresna nagusietako bat bihurtzen duen energia-balantzeari buruz”. Gainera, liburuaren parte batean azaltzen da zergatik den lagungarria eguzki elektrizitatea giza garapenaren indizeak hobetzearren energia eskuragarri eginez sare elektrikora konektatuta ez dauden urrutiko eremuetan.
Testua energia berriztagarriekin lotuak dauden zientziaren edo ingeniaritzaren arloetako graduko eta graduondoko ikasleei dago zuzendua, baina baliagarria izan daiteke teknologia fotovoltaikoarekin zerikusia duten erakunde edo enpresetan lanean ari diren nahiz ingurumenean eta ekonomian duten eraginaren azterketa zehatza egiteko interesa duten pertsonentzat ere.
Egilearen CV laburra
Antonio Urbina Zientzia Fisikoetan doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM), eta doktoretza-tesia Madrilgo Materialen Zientzia Institutuan egin zuen (ICMM-CSIC). Doktoretza ondoko ikertzailea izan da nazioarteko zenbait zentrotan, baita Cartagenako Unibertsitate Politeknikoko irakaslea ere. Dimentsionalitate txikiko sistemetako garraio elektronikoko fenomenoak ikertu ditu (hall kuantikoaren efektua, mugikortasun handiko transistoreak edo karbonozko nanotutuak), eta, berriki, material organiko eta hibrido berrietan oinarritutako zelula fotovoltaikoak fabrikatzen eta karakterizatzen eta haien ekoizpen prozesuak optimizatzen aritu da ingurumenean zer ondorio dituzten murrizteko. 2021eko irailean sartu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzien Sailean.