PUNTO DE VISTA

Punto de Vistak berriz ere dokumentala bere proposamenaren erdigunean jarri du, amaitu berri den hamaseigarren edizioan

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren hamaseigarren edizioa joan den martxoaren 19an amaitu zen. Mugimendu handiko sei egun izan dira, eta, haietan, dokumentalaren proposamenik estimulatzaileenak bildu dira, dokumentalaren forma desberdinetan. Aurten, Punto de Vistak bere ibilbideko etapa berri bati ekin dio, Manuel Asínen zuzendaritza artistikoaren pean, eta Asínek berak, Lucía Salasek, Miguel Zozayak, Lur Olaizolak eta Pablo García Cangak osatutako programazio batzordearekin.

 

Jaialdia Nafarroako Gobernuak sustatu du eta NICDO sozietate publikoak antolatu du osorik, eta, aurten, 6.500 pertsona baino gehiago bildu ditu antolatu dituzten proiekzioetan eta jardueretan. Jaialdiko jarduerak egoitza hauetan egin dira: Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza Museoa, Nafarroako Filmoteka, Civivox Sarea, Civican eta Katakrak. Ikusleen % 80 inguru jaialdiaren egoitza nagusian bildu dira, Baluarten, Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditorioan, baina, aldi berean, Punto de Vistak Iruñeko hainbat espaziotara hedatzen jarraitu du, eskaintza zabaltzeko eta publiko ezberdinengana iritsi ahal izateko. Gainera, jaialdiko astearen aurretik, Punto de Vistak hainbat tailer antolatu zituen haurrentzako hezkuntza programaren barruan; eta Programatzaile Gazteak x Punto de Vista saioak ere egin zituen, gazte talde batek horrelako jaialdi batean zinema nola programatzen den ikasteko.

 

Aurten, Punto de Vistak 435 pertsonari baino gehiagori eman die akreditazioa, eta, horien artean, ikus-entzunezkoen arloko 215 profesional baino gehiago egon dira (zinemagileak, artistak, akademikoak, zine zuzendariak eta beste jaialdi batzuetako zuzendariak, produkzioko profesionalak, banaketako profesionalak eta programazioko profesionalak, besteak beste). Horrez gain, hainbat unibertsitatetako eta zine eskolatako 174 ikasle ere bildu dira Iruñean. Besteak beste, unibertsitate eta eskola hauetakoak: Euskal Herriko Unibertsitatea, Elías Querejeta Zine Eskola, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, ECAM (Madril), Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Nafarroako Unibertsitatea, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea, ECIB (Bartzelona) eta Máster LAV (Madril). Azkenik, Punto de Vistara tokiko, Estatuko eta nazioarteko komunikabideetako 60 kazetari akreditatu baino gehiago etorri dira.

 

Punto de Vista 2022 zenbakitan

 

  • Punto de Vista 2022ko proiekzioetan eta jardueretan 6.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.

 

  • Guztira 435 pertsona akreditatu dira jaialdian, profesionalak, ikasleak eta kazetariak batuta.

 

  • Astebetean 100 film baino gehiago proiektatu dira, eta 60 saio baino gehiago antolatu dira proiekzioak eta gainerako jarduerak batuta.

 

  • Sail ofizialean 16 nazionalitatetako 21 film egon dira, horien artean hamahiru film luze eta zortzi film labur; emakumezko hamabi zinemagilek eta gizonezko hamarrek zuzendutako filmak izan dira.

 

  • Guztira 20 herrialderen baino gehiagoren ordezkaritzak bildu dira jaialdian; besteak beste, Frantzia, Estatu Batuak, Espainia, Japonia, Afganistan, Italia, Argentina, Bosnia, Txina, Irlanda, Filipinak edo Kamerungo ordezkaritzak.

 

  • Nazioarteko epaimahaiak, X Filmseko epaimahaiak eta gazteen epaimahaiak emandako sariak emakumezko bost zinemagilek eta gizonezko zinemagile batek jaso dituzte. Film Onenaren Sari Nagusia Pascale Bodet frantziar zinemagilearen Baleh-baleh filmak irabazi du, eta emakumezko beste bi zuzendarik bina sari jaso dituzte: Arantza Santestebanek Publikoaren Sari Berezia Film Onenari eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia (Film Onenaren kategorian) jaso ditu, 918 GAU filmagatik; eta Mengqi Zhangek Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria eta Gazteen Saria Film Onenari jaso ditu, Self-Portrait: Fairy Tale in 47KM filmagatik.

 

  • Punto de Vista jaialdi kontziliagarria izan da lehenengoz, Punto de Vista: El Globo Rojo ludotekaren sorrerari esker. Bertan, bai pertsona akreditatuek bai publiko orokorrak 6 hilabetetik 12 urtera bitarteko haurrentzako espazio bat izan dute hainbat egunez. Dozenaka haur joan dira ludotekara jaialdiko astean, eta, bertan, jolasteko eta ikasteko aukera izan dute.

 

Jaialdiaren kolaboratzaileak

 

Aurten, Punto de Vistak orain arteko kolaboratzaile sarerik handiena izan du. Kulturaren industriarekin zerikusia duten Estatuko eta nazioarteko erakundeek eta eragileek bat egin nahi izan dute Punto de Vistaren proposamenarekin. Horietako batzuk, aurreko edizioetan ere izan dira kolaboratzaile; besteak beste, ICAA, Acción Cultural Española (Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programaren bidez), Uharte Zentroa, Iruñeko Udala (Civivox Sarearen bidez), Nafarroako Kutxa Fundazioa, Radio 3, Nafarroako Filmoteka, Jorge Oteiza Museo Fundazioa, Madrilgo Goethe Institut, NAPAR, Cineteca, Institut Françejais eta Elías Querejeta Zine Eskola.

 

Baina aurten bazkide berriak batu dira, hala nola Golem, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Casa Árabe, CIMA, Zinema Afrikarraren Jaialdia (FCAT), Marokoko Zentro Zinematografikoa, Nafarroako Artxiboa, Tangerreko Cervantes Institutua, Le Ballon Rouge, Kanadako enbaxada, Espainiako Filmoteka, Frantziako Zinemateka, Portugalgo Zinemateka, Bologna/ The Film Foundation/ World Cinema Zinemateka, Antartika, Injuve eta Festival Scope plataforma.

 

Gainera, pandemiaren ondorioz sortutako elkarte batzuetan (Pantalla Federazioa, La Mesta edo Red Ibero Fest) parte hartze aktiboa izaten jarraitu du jaialdiak.

 

Punto de Vista 2022: Zinema dokumentalari buruz