IÑIGO LIBERAL

ñigo Liberal saritua. "Felsen Award" saria jaso du, EurAAPen Europar Konferentzian, Eva Rajo Iglesias irakaslearen eskutik (elkartearen sarien batzordeko burua)

Iñigo Liberal NUPeko ikertzailea, Felsen Award jasotzen duen espainiar estatuko unibertsitate bateko lehen irakaslea

Saria EurAAP elkarteak ematen du, eta 40 urte baino gutxiago dituzten ikertzaileen ibilbidea aitortzen du teoria elektromagnetikoaren esparruan

Iñigo Liberal Olleta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzailea “Leopold B. Felsen Award for Excellence in Electrodynamics” (Leopold B. Felsen saria Elektrodinamikako bikaintasunari) jasotzen duen espainiar estatuko unibertsitate bateko lehendabiziko ikertzailea da. European Association of Antennas and Propagation elkarteak (EurAAP) ematen du saria. Sariaren xedea da bikaintasun akademikoa sustatzea teoria elektrodinamikoaren esparruan, eta 40 urte baino gutxiago dituzten ikertzaileen ibilbide profesionala aitortzea ibilbide horren etapa goiztiar batean. Zehazki, material konplexuen elektrodinamika kuantikoari egindako ekarpen teorikoengatik nabarmendu dute Iñigo Liberal.

Leo” Felsen irakaslearen (1924-2005) ondare akademikoari gorazarre egiten dio sariak. Felsen irakaslea nazioartean ospea zuen ikertzailea zen, eta teoria elektrodinamikoaren, akustikaren, geofisikaren eta urrutiko sentsatzearen esparruak irauli zituen. “Saria oso berezia da niretzat; izan ere, Leo Felsen irakaslea aurrez aurre ezagutzeko aukerarik izan ez banuen ere, ‘Radiation and Scattering of Waves’ bere liburua lagun izan dut nire ikerketa ibilbide osoan”, esan du Iñigo Liberalek. “Horretaz gainera, Leo Felsen irakaslea inspirazio iturri izan da beti niretzat, bai bere zorroztasun teoriko eta matematikoagatik, bai bere metodoen originaltasunagatik eta sormenagatik”, ondorioztatu du.

Iñigo Liberalek martxoak 30ean jaso zuen saria EurAAP elkartearen 16. Europar Konferentziaren amaierako ekitaldian, zeina Madrilen egin baitzen. Saria 5.000 dolarrekoa da, eta Michel eta Judy Felsenek, Leo Felsenen seme-alabek, egindako dohaintza bati esker ezarri zen, beren aitaren azken borondatea betez.

Iñigo Liberalen CV laburra

Iñigo Liberal Olleta (Iruñea, 1985) ingeniaria da (2009) eta doktorea (2013) Telekomunikazio Ingeniaritzan Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ramón y Cajal ikertzailea NUPen, 2020anEuropean Research Council (ERC) erakundearen  “Starting Grant” laguntza jaso zuen, Europar Batasuneko prestigio zientifiko handiena duena. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailean egiten du lan, eta Smart Cities Institutuko (ISC) kidea da.

Antenen, metamaterialen, nanofotonikaren eta optika kuantikoaren teorian oinarritzen da haren ikerketa-jarduera. Ikertzaile bisitaria izan da hainbat erakundetan, hala nola Delft-eko Unibertsitate Teknologikoan (Herbehereak, 2008), Aalto Unibertsitatean (Helsinki, Finlandia, 2011), Arizonako Unibertsitatean (Tucson, Estatu Batuak, 2012 eta 2013) eta Pennsylvaniako Unibertsitatean (Filadelfia, Estatu Batuak) 2014tik 2017ra arte.