EUSKADIKO FILMATEGIAREN ZIKLO BERRIAK LUMIÈRE INSTITUTUAREN HISTORIAKO KLASIKO GARRANTZITSUENAK EMANGO DITU

Irène Jacob aktoreak eta Maëlle Arnaud programatzaileak Lumière Emanaldietako bi pelikula aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren 

Apirila eta ekaina bitartean, Euskadiko Filmategiak Lumière Emanaldiak programatu ditu, eta Lyongo Lumière Institutuaren historiako hamaika klasiko garrantzitsuren bitartez zinemaren historia errepasatuko du ziklo berriak. Hautaketa eklektikoa da eta, besteak beste, Bertrand Tavernier, Krzysztof Kieslowski, Sergio Leone, Wim Wenders, Ida Lupino eta Jean-Pierre Melville zinemagileen lanak ikusteko aukera egongo da Gasteizko Artium Museoan, Tabakaleran (Donostia), Bilboko Arte Ederren Museoan eta Iruñeko Golem Baiona zinemetan. Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinemetan ere lau emanaldi izango dira.

Lumière Emanaldiak Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiak eta Lumière Institutuak antolatu dituzte. Ziklo berriak Lumière Institutuaren lana goraipatu nahi du, 1982an sortua, Lumière anaiek zinematografoa sortu zuten leku berean.

Harrezkero, erakunde eredugarria da zinema klasikoaren kontserbazioari, zaharberritzeari eta hedapenari dagokienez. Bertrand Tavernier (1941-2021) zinemagilea izan zen bere ohorezko presidentea eta, hil ondoren, Irène Jacob aktoreak hartu zuen haren lekukoa. Izan ere, zinemagile liondarraren film ezagunenetako batek emango dio hasiera zikloari: El relojero de Saint Paul (1974), bere lehen filma eta bere jaioterrian grabatua. Egungo presidentea eta zikloaren kartelaren protagonista, Irène Jacob, Donostian eta Bilbon izango da bere lan nabarmenetako bat aurkezten: La doble vida de Verónica (Krzysztof Kieslowski, 1991), Cannesen emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuena. Thierry Frémaux, Lumière Institutuko zuzendaria eta Cannesko zinema jaialdiaren zuzendaria, Emanaldietan lekua izango du ¡Lumière! La aventura comienza (2016) pelikularen bitartez, Lumière anaien film harrigarrietara egindako bidaia adierazgarria.

Gainera, Clint Eastwood, Elli Wallach eta Lee Van Cleef protagonista dituen spaguetti westernaren klasikoa ere proiektatuko da, El bueno, el feo y el malo (Sergio Leone, 1966); Txorimaloa (Jerry Schatzberg, 1973), Ameriketako Estatu Batuen erretratua, bi izaki marjinalen bidez, Gene Hackmanek eta Al Pacinok antzeztua; eta Zapatilla gorriak (Michael Powell eta Emeric Pressburger, 1948), Britainiar zinemaren funtsezko izenburua. Honako lan hauek ere proiektatuko dira: Alicia en las ciudades (Wim Wenders, 1974), 50 urte geroago modernitatea mantentzen duen road movie bat; El bígamo (Ida Lupino, 1953), bere garaiari aurreratutako istorioa, non Ida Lupino, Hollywood klasikoaren aitzindarietako bat, protagonista eta zuzendaria da; eta duela gutxi berritutako zinemagintza frantsesaren hiru maisulan:  Camaradas (Julien Duvivier, 1936), Belea (Henri-Georges Clouzot, 1943) eta El ejército de las sombras (Jean-Pierre Melville, 1969).

 

Saio berezia eta informazio praktikoa

El relojero de Saint Paul Donostian eta Bilbon aurkeztuko du Maëlle Arnaud Lumière Institutuko programazio arduradunak. Bestalde, La doble vida de Verónica filmaz hitz egiteko Irène Jacob aktore protagonista ere izango da bi hiriburuetan (Donostian eta Bilbon). 

Lumière Emanaldiez gain, Euskadiko Filmategiak saio berezi bat programatu du 2022ko bigarren hiruhilekoa ixteko: Ere erera baleibu icik subua aruaren… (1970), José Antonio Sistiagak 35 mm-ko zeluloidean eskuz margotu zuen filma, pinturaren eta zinema esperimentalaren arteko esperientzia aitzindari bat. Artista donostiarrak Tabakaleran aurkeztuko du proiekzioa. 

Pelikula guztiak 19:00etan proiektatuko dira Artium Museoan (Vitoria-Gasteiz), Tabakaleran (Donostia), Bilboko Arte Ederren Museoan eta Iruñeko Golem Baiona zinemetan. Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinema-aretoetan, berriz, Ere erera baleibu icik subua aruarenLa double vie de VéroniqueLa belle équipe eta ¡Lumière! L’Aventure commence ikusteko aukera egongo da.

Sarrerak proiekzio-leku bakoitzean erosi ahal izango dira, baita internet bidez ere.

 

Egitaraua