‘SILUETAK’ ERAKUSKETA

Konfinamenduak nola aldatu gaituen adierazten duen ikuspegi artistikoa, ‘Siluetak’ erakusketaren bidez, Íñigo Labaienen proposamena, Ziudadelako Bolborategian

Zuri-beltzean irudi desfokuratuak dituzten hogeita hamar argazkik osatzen duten bilduma doan bisitatu daiteke maiatzaren 15era bitarte

Ziudadelako Bolborategiak maiatzaren 15era bitarte Íñigo Labaienen ‘Siluetak’ proposamen artistikoa eskainiko du. Argazkigintzaren bidez egindako hausnarketa bat da, konfinamenduak pertsonak nola aldatu dituen azaltzen duena, zuri-beltza eta desfokuratze-teknikak oinarri harturik. Erakusketa osatzen duten hogeita hamar argazkiak ikusgai daude, doan, asteartetik larunbatera 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, goizez.

Siluetak’ proposamena 2020an sortu zen, Íñigo Labaien artistak konfinamenduak sortutako egoeraren ondorioz izan zituen sentimenduak eta sentsazioak islatzeko asmoz. Gizarte-urruntzea, deseskalatzea, normaltasun berria. Kontzeptu erabat ezezagunak ziren, baina etapa horretan herritar guztien egunerokoaren parte bihurtu zirenak. Emozioen ikuspegitik, egoera horrek sentimenduak eta sentsazioak helarazten zituen, hala nola isiltasuna, distantzia, zabarkeria, melankolia, nahaste-borrastea, kidetasuna, lasaitasuna, duintasuna, alaitasuna eta zoriontasuna. Horietako bakoitza argazki baten bidez azaltzen da erakusketan; argazkietan, desfokuratzeak eta lausotuak errealitate berri horretan murgilduta dauden pertsonen siluetak ezkutatzen dituzte.

Pandemia garaian gizarteak zuen pertzepzioaren ondorioz, Labaienek erretratuak egiteko zuen modua birplanteatu zuen, barne-gogoeta egin ondoren: ez zen errealitatea ikusten ari dena aldatu baino lehenagoko begirada berarekin.  Artistak, epe berri horretan, “aldendua, hotza, kontaktu hurbilago baten nostalgia duen” komunitatea behatzen du, eta hura bere lanean islatzen saiatzen da. Horren guztiaren ondorioz, sakontzen du sentimendu horiek islatzen dituzten argazkilaritza-teknika eta parametro berrien bilaketan. Esposizio luzeekin eta kameraren mugimenduarekin kalean ikusten dituen ‘silueta’ horiek sortzea lortzen du, zeinak bere erakusketari izena emanen diotela erabaki baitu. Are eremu irekietan ere konfinatuta dagoen gizarte baten irudi abstraktuak, desfokuratuak eta inpertsonalak dira.

Ez da lehen aldia Íñigo Labaienek konfinamenduak eta pandemiak eragindako egoera berriak sortu zizkion sentimenduak adierazten dituena; izan ere, 2020an, Iruñeko Udalak antolatutako “Konfinamenduari begiradak” erakusketan ere parte hartu zuen. Bere lana erakusteaz gain, arteari, kulturari eta argazkigintzari buruz duen ikuspegia helarazten ere tematu da, beste artista batzuekin elkarlanean egindako hamar bat lantegiren bidez.

Ziudadela, sarrera doan duen erakusketa-gune bat, hiriaren erdialdean

Mistoen Eraikineko beheko solairuak egun hauetan Gonzalo Nicuesa egilearen erakusketa eskaintzen du, neurri ezberdinetako eskultura klasikoen 70 ‘‘bertsio grafiko’’ inguru aurkezten dituena, greziar klasizismoarekin hasi eta Michelangeloren David errenazentista arte. ‘#Stendhal’ egileak berak duela 20 urte baino gehiagotik hainbat bidaietan eta museoetara egindako bisitetan erretratatutakoaren birsortze bat da. Plastikoki, ibilbide bat egiten du argazki sorta baten zuri-beltzaren soiltasunetik pop koloreko lakrikunkeria batera; kontzienteki aukeratutako iragazki subjektibo eta pertsonala, non batzuetan eguneratze zaharkitu eta ia kitsch batekin jolasten baitu, teknika grafikoak ahalbidetzen dituzten fluor koloreekin eta testuekin, hainbat aldaeratan elementuak errepikatuz. Klasikoetara itzultzeko duen modu berezia da, edertasun formalaren berezko aldarrikapen gisa, eta baita orain Instagramen dagoen estetikaren idealizazio platonikoaren aldarrikapen gisa ere, eta Grezia klasikoan jada ikusten zutena.

Erakusketa-gune bereko lehen solairuan ‘Sastraka / Maleza’ erakusketa dago. Liburukiak honako hauek biltzen ditu: hamabi testu, gaztelaniaz eta euskaraz, testuetan oinarritutako 27 koadroren erreprodukzioa, Imanol Úbedak konposatutako hamabi abesti dituen CD diskoa, Imanol Rayoren 36 argazkiak eta argazkiak laguntzeko konposatutako soinu-banda duen CDa. Arte-proposamen hori lau sortzailek lau arte-diziplinatan egindako lanaren emaitza da. Literaturak, pinturak, musikak eta argazkigintzak bat egiten dute bidaia labur bat, artearen bidezko ezinezko bidaia bat, planteatzen duen proiektu batean.