“#STENDHAL” ERAKUSKETA

Mistoen eraikinean ikusgai ‘#Stendhal’ erakusketa, eskultura klasikoaren lanen edertasunaren berrinterpretazio bat arte grafikoetatik

Egilea Gonzalo Nicuesa da, Marrazketako irakaslea Iruñeko eta Corellako Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskoletan

 

Izugarrizko edertasunak ikusleengan eragin fisikoak izan ditzake, hori da behintzat ‘Stendhalen sindromeak’ deskribatzen duena. Artearen aurrean zorabioak eta taupadak edukitzearen erreakzio horri XIX. mendeko egile frantziar ospetsuak eman zion izena, zeinak Florentziako (Italia) Gurutze Santuaren basilikara egindako bisitak eragin zion inpaktu fisikoa deskribatu baitzuen. Gonzalo Nicuesa artistak kontzeptu hori eguneratu du ‘#Stendhal’ erakusketan, zeina ikusgai dagoen Ziudadelako Mistoen Eraikineko beheko solairuan, maiatzaren 1era arte.

Neurri ezberdinetako eskultura klasikoen 70 ‘‘bertsio grafiko’’ inguru, greziar klasizismoarekin hasi eta Michelangeloren David errenazentista arte. Nicuesa egun Marrazketako irakaslea da Iruñeko eta Corellako Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskoletan, eta Italian Erasmusean egon zenean ‘David’ eskulturak shock emozionala eragin ziola gogora ekarri du; hortik dator erakusketaren izena.

#Stendhal’ egileak berak duela 20 urte baino gehiagotik hainbat bidaietan eta museoetara egindako bisitetan erretratatutakoaren birsortze bat da. Plastikoki, ibilbide bat egiten du argazki sorta baten zuri-beltzaren soiltasunetik pop koloreko lakrikunkeria batera (nahiko warholiarra); kontzienteki aukeratutako iragazki subjektibo eta pertsonala, non batzuetan eguneratze zaharkitu eta ia kitsch batekin jolasten baitu, teknika grafikoak ahalbidetzen dituzten fluor koloreekin eta testuekin, hainbat aldaeratan elementuak errepikatuz. Klasikoetara itzultzeko duen modu berezia da, edertasun formalaren berezko aldarrikapen gisa, eta baita orain Instagramen dagoen estetikaren idealizazio platonikoaren aldarrikapen gisa ere, eta Grezia klasikoan jada ikusten zutena.

Proposamena, osorik, paperezko lan grafikoa da, argazkitik eta grabatutik abiatzen diren hainbat teknikarekin egina, baina bertsio ugarirekin: argazkiak zuri-beltzean, fotograbatuak, zianotipiak, litografiak, serigrafiak, risografiak edo plastiko gainean biniloz egindako piezak. 2018 eta 2022 artean Iruñeko, Mallorkako, Zaragozako, Lizarrako eta Uharteko lantegietan sortutako bilduma da.

Iruñeko Udalak erakusketaren karietara, bisita gidatua aurreikusi du egilearekin, apirilaren 24an (igandea), zeinetan egileak berak interpretatuko baititu bere lanak. Sarrera librea da, baina taldeen edukiera mugatua. Hitzordua aretoan bertan izanen da, 12etan. ‘#Stendhal’ erakusketa asteartetik ostiralera bisitatzen ahalko da, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etatik 13.30era.

Egilea

Gonzalo Nicuesa Nuin (Iruña, 1976) Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn (Bilbo, 2001) eta bere ibilbide artistikoa Iruñeko eta Corellako Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskoletan irakasle lanarekin uztartzen du. Sortzaile gisa, bere lana hainbat erakunde publikoren bildumetan dago, hala nola, Iruñeko Udala, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), BilbaoArte Fundazioa, Goya-Fuendetodos Fundazioa eta Huestes de Cadí Konpartsa (Elda, Alacant.)

Bere ibilbidean zehar hainbat beka eta laguntza artistiko jaso ditu, hala nola, Peggy Guggenheim Bildumarena 2003an (Venezia, Italia), Bilbao Arte Fundazioarena eta trukea Kuntshaus Bregenz-arekin (Austria) 2006an eta Nafarroako Gobernuaren laguntza, Ikusizko Arteko proiektuetarako 2016an. Halaber, egonaldi bat egin du Uharte Arte Garaikideko Zentroan, 2017-2018an

Nicuesak hainbat jari jaso ditu, besteak beste, Udalak ematen duen “Iruña eta Artista Gazteak 2001” saria, 1. saria Eldako (Alacant) Oinetakoen Museoko 2013ko Minicuadros lehiaketan eta IberArt saria Grafika/Grabatu modalitatean, 2013an.