POESIARI GORAZARRE

Verba volant, scripta manent

Liburu-dendetan poesia liburuen txokoa txikiena izan ohi da, eta, sarritan, zokoratua, ia ikusezina, itxuragabeki ordenatua. Ez omen da poesiarik saltzen. Gehiago omen, gaur egun, poesia idazten dutenak irakurtzen dutenak baino. Horiek liburu saltzaileek noizbait neuri zuzenean esandako pare bat adibide.

«Dirua irabaztea nahi baduzu, idatzi itxurakeriazko eleberri melenga bat. Edo Dolores Redondoren trilogiaren tankerako zerbait, misterioa, azpikeria eta hilketa, mitologia eta aurreikusteko moduko amodio kontu batekin nahastua.» Hori gomendatu zidan behin lankide batek, idazlea izozkigile batekin parekatu, eta topping-en moduko osagaiekin ordenagailu aurrean eseri eta liburuak berez ateratzen direla uste duenak. Ez nago erabat ziur, baina, agian, zientzietakoa izateak badu horretan zerikusia. Alegia, idazleok diruagatik idazten dugula pentsatzean. Edo dirua ematen duen liburuak ildo zehatz bat jarraitu behar duela uste izatean.

Holaxe, brastakoan eta jendaurrean, poesia, poeta eta sentiberatasuna eraitsi zituen, eta zuritoari zurrutaka, eguzkia hartzen jarraitu zuen, tabernako terrazan, lasai, eta beltzaran.

Eta ez zitzaion arrazoirik falta, egia esan. Poesiak ez baitu dirurik ematen. Baina hortik poesia idaztea diruaren truke egiten den zerbait dela pentsatzeak, tarteko zubia apurtuta dagoela erakusten du, zerbait gaizki dagoela eta konpondu beharrean, eta ez da nahikoa aldamio traketsez edo adabakiz in extremis egindako konponketa itsusi bezain deserosoa.

Guztiaren merkantilizazio garaian bizi gara, ezin ukatu. Salmentek baldintzatzen dute zer argitaratu eta zer ez. Modak agintzen du zer irakurriko dugun, edo zer nahi duten guk irakurtzea. Eta poesia ez dago modan. Edo liburu-saltzailearen hitzei jarraiki, poesia irakurtzea/erostea ez dago modan. Letra gutxi orri gutxiko hamabost euroko liburu baterako. Behin dirua gastatzen hasita, nahiago liburu potoloago bat, nahiz eta irakurtzeak uneko plazer iragankorra besterik ez eman, kasurik onenean. Edo modan zaudela erakusteko balio izan.

Liburutegietan ere antzerakoa gertatu ohi da: mahairik bistaratuenean erraz eta eskuragarri ditu bazkideak liburu irakurrienak edo azkeneko argitalpenak. Poesia, baldin badago, gutxiengoa izango da.

Badirudi maiz ahaztu egiten zaigula literatura poesiarekin hasi zela. Beste batzuetan, berriz, ahaztu baino, poesiaren ikusezintasuna ezjakintasunari zor zaiola pentsatzen dut. Eta ezjakintasun hori, hain justu ere, zer irakurri behar dugun erabakitzen duten merkantilizatzaileek sustatzen dutela uste dut.

Areago, literaturaren hastapenetan poesia epikoa eta lirikoa gailentzeaz gain, testu bat bere izenez sinatu zuen munduko lehenengo idazlea emakume bat izan zela ahazten zaigu edo, besterik gabe, ez dakigu. Enheduanna olerkari eta apaiz andereak himno multzo bat idatzi zuen Homero baino mila eta bostehun urte lehenago, K. a. XXIII. mendean, Mesopotamian. Bertakoagoa dugu Safo, K. a. VII.ean grekoz ondutako poemak abestu zituen mendebal literaturako lehenengo emakume poeta.

Beraz, ahanztura baino, ez jakitea da hainbat liburu-azoka, irratsaio edo bestelako hedabideetan poesia, emakumeek idatzitako poesia, emakumeek idatzitako poesia klasikoa, gure egungo literatura eraiki zuten lehendabiziko emakume poetak aintzakotzat ez hartzearen arrazoia.

Eta aurrekoa estuki loturik dagoela baieztatuko nuke egun hezkuntza sistemarekin (zer sistema?) egiten ari diren sarraskiarekin; zehatzago, humanitateen inoizko deuseztatzerik bortitzenarekin. Nuccio Ordinek berriki salatu duenez, «irakaskuntza kate osoa hazkunde ekonomikoa delakoaren, merkatuaren eta enpresen eskaeraren zerbitzura jarri da.» «Gazteei sinetsarazten zaie beharrezkoa dela estudiatzea ogibide bat ikasteko, eta arrakasta banku-kontuaren baitan neurtzen dela.» Eta ni neu, nire eskarmentuan oinarriturik, italiarrarekin ezin adosago nago. Ezin ukatu, halaber, gehiegitan eskoletako zuzendaritza-taldearen formakuntzak zuzen-zuzenean baldintzatzen duela ikasgaien biziraupena edo haien iraungitze-data, eta, ondorioz, etorkizuneko pertsonen heziketaren norabidea. Ikastetxeetako goi-karguek erabakiko dute ikasleak etorkizuneko bezero, robot, makina, sortzaile edo pentsalariak izango diren.

Ezagutzaren aurretik, irudimenaren eta fantasiaren kontzeptuak aldarrikatu zituen Ordinek. Nik, kalabriar doktorearen baimenarekin, poesiarena gehituko nuke. Akaso, puntuak lortzeko irrikaz dagoen bankari goseberak bezero koitaduaren aurrezki apurrak produktu (zer produktu?) batean inbertitzeko alamena poesia irakurtzearekin alderantzikatuko balu, mundua zertxobait hobea litzateke.

Orain, Ukrainakoa dela eta, edo kamioilarien grebarena, edo gasolinaren garestitzearena, edo argi-indarrarena, edo auskalo zer dela eta, sasoi ona omen da inbertsiorako. Hala errepikatu dit behin baino gehiagotan nire bankari birtualak. Sasoi ona? Norentzat? Zergatik? Zertarako? Zeren truke? Sasoi paregabea bai berarentzat poesia irakurtzen hasi eta lerdokeriak alde batera uzteko. Guztiok ez dugu diru-gosea, bai ordea poesiaren hatsaren beharra.

Maite López Las Heras