Apirilaren 30era arte zabalik Erriberriko Antzerki Jaialdiko lan egonaldietarako deialdiak
Ikerketarako laborategiek 6.000 euroko aurrekontua izango dute eta Erriberri eta Beiren egingo dira uztailaren 15etik 31ra
Erriberriko Antzerki Jaialdiak gaur, apirilak 4, irekiko du Nafarroako antzerki-konpainiek bi lan-egoitzetarako proposamenak aurkezteko izen-ematerako epea. Hurrengo edizioa 2022ko uztailaren 15etik 31ra bitartean egingo da.
Arte eszenikoetako sormen artistikoaren edozein alderdirekin zerikusia duten proiektuak aurkez daitezke ikerketa-laborategi horietan. Proiektuak hezkuntza-atala edo jendearekiko bitartekaritza-programa izatea baloratuko da, baita egindako lanaren aurkezpena izatea ere, konpainiak nahiago duen formatuan (hitzaldia, bideoa, aurkezpena, saiakera irekia, etab.) Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 2022ko programaren barruan. Hauek ere baloratuko dira: proiektuaren kalitatea eta deialdiaren xede, helburu eta eremurako egokia izatea; talde artistiko eta teknikoaren egokitasuna; proiektuaren originaltasuna eta etorkizunean eszenaratzeko bideragarritasuna; eta hurrengo denboraldian Nafarroako Foru Komunitateko beste espazio batzuetan ekoizteko eta proiektatzeko egokia izatea.
Egoitzak uztailaren 15etik 31ra bitartean, biak barne, eginen dira, eta bata Erriberrin eta bestea Beiren egingo dira. Jaialdiak erabakiko du bi egoitzak non jarri, eta lanerako toki bat eskainiko du, herri bakoitzeko udalak lagatako lokal batean, zehaztutako ordutegian.
Egoitzek 6.000na euro izanen dituzte gehienez (BEZa barne), Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak emanak. Izena emateko epea apirilaren 30era arte izanen da, posta elektronikoz, programasydifusion@navarr.es helbidera; gaian honako hau adieraziko da: Erriberriko egoitzetarako 2022ko deialdia.
Nafarroako arte eszeniko profesionaletako egile edo konpainiek har dezakete parte deialdian; hauek joko dira halakotzat: jarduera ekonomiko nagusia arte eszenikoekin lotuta duten enpresa eta profesionalak, baldin eta hala jasota badago jarduera ekonomikoen gaineko zergan. Forma juridikoa edozein dela ere, Nafarroako Foru Komunitatean garatu behar dute jarduera eta bizilekua edo helbidea izan betiere.
Parte hartuko duten proiektuak batzorde batek hautatuko ditu. Jaialdiko zuzendari artistikoak (María Goiricelaya eta Ane Pikaza) arituko dira batzordeko buru, eta ondokoak kide izango dira: Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendari Lorenzo García, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko buru Marisol Martínez, Nafarroako arte eszenikoen alorrean aitortutako ospea duten bi aditu eta, idazkaritzarako, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat. Bi deialdien erabakia 2022ko maiatzaren 30a baino lehen jakinaraziko zaie interesdunei.
Konpainia egoiliarren lana jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera hasi ahal izango da. Hala ere, konpainiek jaialdia egiten den bitartean egon beharko dute Erriberrin eta Beiren, zehaztuko den lan-ordutegian.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatuko du ziklo hau, baldin eta Covid-19k eragindako egungo egoerak Erriberriko 2022 Jaialdia egitea posible egiten badu.
You must be logged in to post a comment.