AUZO-LOTSA 24 BI GURPIL AULKI

Bolada hartan, ikusi ondoren, oso maiz izaten nituela arazoak aulki motordunarekin, batzuetan, gurpilen zulatuak zirela, beste batzuetan, erreleak erreta edota balazta elektronikoak blokeatuta eta abar, azkenean, badaezpada ere, bi gurpil aulki motordun edukitzea erabaki nuen, bestela, oso zaila zen bizimodu aktibo arrunta egitea; ia-ia ezinezkoa.

Gorago esan bezala, ezin dugu ahaztu, Iruñean, garai hartan, oraindik, gauza garrantzitsu asko normalizatu gabe zeudela, esate baterako, taxiak, hiribusak, zebra bideetako beheraguneak eta abar. Behin batean, konparazio baterako, Pio XII.a etorbidean, etxera itzultzen ari nintzenean, bat-batean, aulkia blokeatuta gelditu zitzaidan, arazo elektronikoren bat zela eta; antza denez, errele batzuk erreta geratu omen ziren, eta, hura izan ei zen arrazoia, gurpil aulkia hantxe geldi-geldirik geratzeko. Une hartan, han besterik ezin egin, eta, aulki motorduna itopuntuan jarrita, kaleko norbaitek, nitaz errukituta, etxeraino eraman ninduen, aulkia ahal zuen bezala bultzatuz; ez zen erraz gertatu. Lehenago esana dagoen bezala, gero, konponketaren mugida guztia etorriko zen: nork konponduko, non, noiz eta abar, ohiko bizimolde arrunta egiten jarraitu ahal izateko?

Bi gurpil aulki motordun edukitzea, inbertsio handi xamarra zen niretzat tenore hartan, baina, hala eginda, aitortu beharra daukat, beste lasaitasun batekin bizi ahal nintzela, jakinik, aulki bat matxuratzen baldin bazitzaidan ere, bestea hantxe izanen nuela beti prest erabili ahal izateko, eta, lasaitasun hura edukitzeak ere, balio handia zeukan bizi kalitaterako.