LIBIDOAREN ERREPRESIOA ETA UMEENGANAKO SEXU-ABUSUAK

Libidoa” hitzak sexu-dinamika eta betebeharra adierazten du, gizakiongan gauza naturala dena. Beraz, libidoaren sexu-irrika erreprimitzea ez da batere naturala, baizik eta, berez, naturaz kontrakoa edo gutxienez aldrebesko. Badakit libidoa erreprimitzeak edo desbideratzeak, edo sinpleki “bideratzeak”, santu eta santak ekarri dituela (Teresa Avilakoa eta Lisieux-koa, nahiz Joan Gurutzekoa eta besteren bat), baina baita lar dan beste munstro ere, denok dakigunez. Hortxe horren lekuko, etengabe azaleratuz doazen “pedofilia” kasuak.

Esan bezala, libidoa erreprimitzea ez denez batere naturala, ekidinezinezko albo-kalteak dakartza: besteak beste, ume eta nerabeenganako sexu-abusuak (pedofilia).

Auzi larri horren aurrean, lehenik eta behin jarrera zientifikoa behar dugu izan, adarretatik eskegita abiatu nahi ez badugu. Begira dezagun lehenbizi bakoitzak geure barnera. Guzti honen parte gara; ez dago, bada, zezenak barreratik ikusterik. Gutariko bakoitzak geure organismoa, pentsaera eta sexua daukagu. Bakoitzak bere historia. Adibidez, gizonezkook patriarkalismoaren herentzia pozoitsua daukagu; eta badaiteke horixe berori izatea, kasu gehienetan, zergatien zergatia sakonena. Beraz, ez gaitezen dedikatu turko-buruak asmatu eta plazan aurkeztera. Gu geu izan gaitezke munstro-gai, bakoitza bere erara. Leku edo gizarte-mota batean edo bestean jaio izan, eta ausaz jaio ere, “beatu” nahiz “sacamantecas” izan gaitezke.

Aurreko hau kontutan hartuta, gauza pare bat argitu beharra dago “pedofiliaz” eta horren erremedioei buruz.

  • Adibidez, “klerigoen zelibato” kontua. “Zelibatoak”, hau da, klerigoak ezkondu ahal

izateak, erraztu bai eta bideratu dezakeela hein batean klereziaren sexu-irrika leuntzea. Baina soil-soilik “hein batean”. Izan ere, libidoa nolabait edo noizbait erreprimituta izan duenak, hurrengoan ere eraso egin diezaiolako bere bikoteari edo seme-alabei. Eta ez da berez gizaki makur aparta izateagatik, baizik lehentxeago komentatu dugunagatik: dena delako arazo organiko edo psiko-fisikoa duelako. Gu eta Geure zirkunstantzia psiko-fisikoak gara.

Izan ere, ezinezkoa baita giza naturaz kontrako egitate bat, kasu honetan gure barne-irrika sexuala kontrolpean mantentzea, baldin eta irteera-bide bat ematen ez bazaio sakon-sakoneko “pasio” edo patu horri. Alferrik ahalegin guztiak. Francok berak ere zukeen lortuko, bere pantano-horma guztiekin. Alfer-alferrik sexua erreprimitu nahi izatea, gizakiongan zaldi kontrolaezina baita. Dena delako kausa nobleena inbokatzen dela ere, urek gainez egingo dute eta batera edo bestera desbideratu.

  • Halako libido-desbideratze bati “pedofilia” deritza (grekoz “paidos-philia”), hots, libidoa “umeengana” desbideratzea. Gazte-haragi gosea, sexua gazteengan gozatzeko irritsa. Gizakion berezko joera dugu, “hari, besteari, gu ez den besteren bati” errua egoztea eta demoniotzea (“demonioa” geuregan ere ez bailegoen), ala eginda norbera libre geratuko dela pentsatuz. Baina, zintzoak bagara, ez dago lekurik halako maniobretarako. Beraz, alferrikakoa bezain justifikatu ezina da halako jarrera. Zeren eta, alde batetik ez baita komeni inortxo ere demoniotzat hartzea, eta are gutxiago norbere kontzientzia lasai dadin.

  • Pedofiliaren auzi honetan, zeharo bide gaiztoa da “morbo-jarreraz” jardutea. Lekuz

kanpo daude halako pertsona bat (fulano edo zutano) edo halako leku jakin bat (Bermeoko, Derioko, edo dana-dalakoak) seinalatu edo nabarmentzea. Nik uste, hantxe bainintzen neu ere denbora luzez, Seminario Deriokoarena baino hagitz gauza larriagoak gertatu zirela Salesiano, Eskolapio eta internatu zein, kongregazio anitzetan; eta azken batean talde nahiz banako guzti-guztiok garela nolabait errudun edota errudun-gai. Esan bezala, denok eta bakoitza gara santu-gai nahiz munstro-gai. Gaitezen zintzo eta apal. Horra pedofiliaren auziari adarretik heltzeko jarrera bidezkoena eta ezinbestekoa.

  • Horretan ados bagara, posible izanen da “pedofiliaren arazoa” bere osotasunean, edo

globaltasunaren eremu zabalean, planteatzea. Eta orduan bai, konklusio-ondorio egokiak atera ahal izango ditugula. Badago beste alderdi bat, gainera, lar ezkutuan geratzen dena salaketa mailan: hots, nerabeengan gauzatu diren eraso mentalak batik bat, hala nola hainbat diskriminazio nahiz mespretxu. Beraz, ume-abusuen atala ez da mugatzen eraso fisiko organikoetara, baizik eta askoz haratago hedatzen. Biktima guztiek azal dezatela oro, ezen biktimak, era guztietakoak, kontaezinak baitira jendarte gure honetan, eta batik bat Frankismo aro ilun hartan; eta sala daitezela salatzekoak; adibidez, diskriminazio-abusuez hainbat eta hainbatek pairatu dituzten ignominiazko tratu txar eta erasoak: nerabe guapo samar eta itsusi samarren arteko diskriminatze, mespretxu eta umiliazioak, ikasketa mailan listo eta tontoen artekoak, eta beste hamaika eta bat.

Izan ere, biktima zenbaitek, nik uste gehien-gehienek, min handiagoa pairatu dute halako abusuetatik, sexu-erasoengatik euretatik baino.

  • Planteamendu orokor horren arabera bai lor daitekeela abusu guztien erreparatzea.

Eta ez da ezein egile gaiztok egindakoari “burnia kentzearren”, baizik eta bakoitzari berea ematearren: horixe baita-eta benetako “bakea”. Eta ume eta neraberi emandako tratu txarra ez da Matusalenen denboretakoa; pentsatzea besterik ez, nola tratatu ditugun umeak eta nerabeak denbora Covidemikoan. Euskal herritarrok ere ez dugu jakin geure umeak babesten.

Azkenean Nazaretekoak arrazoi. Hark, Magdalako prostituta bat harrikatu gura zuten “fariseoengana” bere ahotsa zuzendu eta halako hura erran zienean: “zuen artean errugabe sentitzen denak, jaurti beza lehenbiziko harria.”