KAFKA LITERATURA SARIAK

Saridunak eta Fakultateko zenbait irakasle eta arduradun. Lehenbiziko lerroan, ezkerretik eskuinera: Axel Cárdenas, Peio Ardaiz, Rafael Lara (dekanoa), Begoña Pérez Eransus (Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea) eta David Delgado (Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialeko lehendakaria). Bigarren lerroan, ezkerretik eskuinera: Leyre Elizari Urtasun (dekanordea), Amaiur Guindeo, Edgar Araiz, Julen Llorens (Zuzenbide Saileko irakasle eta Kafka sarien antolatzailea), Fátima Moral eta Grelly Betty Cardeña

NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateak Mikrokontakizun Juridikoen 2021eko Kafka Literatura Sariak eman ditu

Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradu amaierako lanik hoberenaren saria ere eman da ekitaldian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak Mikrokontakizun Juridikoen 2021eko Kafka Literatura Sariak emateko ekitaldia egin du berriki. Ekitaldian, halaber, Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradu amaierako lanik hoberenaren saria ere eman du NUPek Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoarekin batera. Ekitaldiaren buru egin dute Rafael Lara González NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak eta David Delgado Ramos Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialeko lehendakariak.

VI. Kafka Sarietan, Axel Cárdenas Roldán izan da irabazlea gaztelaniazko modalitatean, “Del derecho a su vida” lanarekin; euskarazkoan, berriz, Peio Ardaiz Galé, “Legearen aurrean” izeneko lanarekin. Bigarren saria honako hauei eman diete, gaztelaniazko eta euskarazko modalitateetan hurrenez hurren: David Edgar Araiz Huarteri, “Dos caras de un mismo mundo” ipuinarengatik, eta Amaiur Guindeo Arandigoieni, “Askatasunaren koloreak” izeneko lanagatik. Horrez gain, aipamen berezia egin diote Grelly Betty Cardeña Pomari “Atrapada” kontakizunarengatik.

Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren Proiektu Kulturalen deialdian hautatu zutelako jarri zen martxan Kafka sarien ekimena.

Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradu amaierako lanik hoberenaren saria

Fátima Moral Escuderok irabazi du Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradu amaierako lanik hoberenaren saria 2019-2020 ikasturtean, “Bideozaintza, laneko harremanak kontrolatzeko tresna” izeneko lanari esker. Epaimahaiak Julen Llorens Espada izan du buru, eta azpimarratu du “saridunak doktrina jurisprudentzialaren analisi juridiko zorrotza egin duela gaurkotasun eta garrantzi handiko eremu batean, hau da, zehazki aztertu duela nolako erabilera ematen zaion teknologiari laneko harremanetan eta nolako eragina duen horrek oinarrizko eskubideetan”.