EUSKAL ARTISTA PROFESIONAL BATZUK ZAPART SAREAN BATU DIRA

Sare horren lehen helburua Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea da; ikusgarritasun fisikoa lagundu, sorkuntza sustatu eta belaunaldi, genero eta praktiken arteko zubiak eraikitzeaz gain.

Zapart sareko kideak arte plastikoetako sortzaileak dira, beren artetik bizi dira eta profesionalak izanik, beren eskubideak aldarrikatzeko eta defendatzeko elkartu dira. Ohartu dira askotan artista bisualen lana ez dela balioztatzen. Alderantziz, “denen onerako izanik ere, eta sare ekonomiko oso bat biziarazten den bitartean (programatzaile, inprimatzaile, hornidura saltzaile, garraiolari, teknikari eta abar luze bat) artistek ez dute, gehienetan, xentimo bat bera ere ukitzen, ez produkzio garaian, ez eta erakusketa gehienen kari ere ez…”

Gauzak aldatzeko asmoz sortu da, beraz, Zapart, Euskal Herriko ikuspegitik.

“Arteak bide luzea du gurean. Alta, publikoak artearekin duen harremana auzo-herrialdeetan baino txikiagoa dago. Kultura hau garatzen lagundu eta jendartean onuragarria den artezaletasuna indartzeko ahaleginak eginen ditu Zapartek, erakusketen bidez edota bestelako tresnak sortuz.”

Kidetzak

Modu ezberdinak proposatzen dituzte Zapart sarean kidetzeko, konpromezu maila ezberdinetakoak:

  • ZAPARTista: elkartekidea, zalea soilik izan daiteke, edo ekarpen aktiboa egiten duena.

  • Kide aktibo: Kide Aktiboek elkartearen ekinbidean parte hartzen dute, proposamenak eginez, iritzia emanez etab. Biltzarretan parte hartzen dute, bozka eskubidearekin.

  • Zale: Elkartearen ekintzan puntualki parte hartzen dute eta kuota bat ordaindu dezakete, inolako obligaziorik gabe.

Info+: https://zapart.eus/izan_zapartista

Kalkulagailua

Zapart-ek ASTRE sare frantsesaren tresna hau eredu hartu eta euskaratu du.

Kalkulagailuak, artista profesionalen lansariak irudikatzeko lagungarri izan nahi du, bai administrazio eta eskale ezberdinentzako, baita artista profesionalentzako ere (aurrekontuak osatzeari begira).

Kontsultak egiteko: https://zapart.eus/kalkulagailua