EUSKADIKO FILMATEGIA, FIAF-EN ESKUBIDE OSOKO KIDEA

 

Film Artxiboen Nazioarteko Federazioan (FIAF) sartu da eskubide osoko kide gisa.

Kide zen 1994tik, baina urrats historikoa eman du nazioarteko onarpen honekin

2022ko apirilaren 24tik 29ra bitartean, Film Artxiboen Nazioarteko Federazioak (FIAF) urteroko biltzarra egin du Budapesten; Hungariako National Film Institutua izan da anfitrioia. FIAF erakundeko kide izatetik eskubide osoko kide izatera pasatzea eskatu zuen formalki Euskadiko Filmategiak, eta Batzorde Betearazleak txostena aztertu ondoren, Federazioa osatzen duten 93 zinematekek bozkatu egin dute.

Euskadiko Filmategiaren eskaera formalak, erakundeari buruzko informazioaz gain, hautagaitzarentzat bereziki garrantzitsuak diren hiru berme-gutun jaso zituen: Eric Le Roy (Zinema eta Irudi Animatuaren Zentro Nazionaleko Zinematografia Ondarearen zuzendaria, Frantziako CNC), Josetxo Cerdán (Espainiako Filmategiko zuzendaria) eta Esteve Riambau (Kataluniako Filmategiko zuzendaria). FIAFeko Batzorde Betearazleak Euskadiko Filmategiaren txostena “bikaina” zela esan zuen. Horregatik, botoa emateko eskubidea duten nazioarteko 93 zinematekei aldeko botoa ematea gomendatu zien. Bozketaren ondorioz, Euskadiko Filmategia Federazioaren eskubide osoko kide izendatu zuten ofizialki (aurkako botorik ez eta abstentzio bat).

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak atzoko bileran parte hartu eta erakundearentzat historikoa den urratsa azpimarratu zuen. Horri esker, besteak beste, arazoak eta irtenbideak arinago partekatu ahal izango dira nazioarteko beste erakunde batzuekin. Filmategiko arduradunak André Malrauxen hitzak ere ekarri zituen gogora –“kultura munduko nobleziaren herentzia da”, zioen idazleak–, eta gaineratu zuenez, Euskadiko Filmategiak uste osoa du ondare zinematografikoa arte horren edertasunaren eta nobleziaren herentzia dela. “Euskal Herria izena duen munduaren zati honetan hori egiteko ardura duen erakundea gara, baina FIAFeko filmoteka guztien eskutik egin nahi dugu, mugarik ez duten helburuak partekatzen ditugulako haiekin. XIX. mendean Gernikako arbolari buruzko  euskarazko abesti batek zioen bezala: eman ta zabal zazu fruitua munduan zehar. Euskal ondare zinematografikotik hori ere espero dugu pausu berri honi esker”, azaldu zuen Fernándezek.

Euskadiko Filmategiko zuzendariak oso modu positiboan baloratu du albistea: “Urrats historiko garrantzitsua da, arlo honetan lan egiten duen erakunde nagusiaren errekonozimendua. Era berean, gure funtzioak betetzen jarraitzeko eta ondare zinematografikoaren kontserbazioak eta hedapenak etorkizunean azalaratzen dituzten erronka ugariei aurre egiteko pizgarria da. Bidelagun ezin hobeak izango ditugu, nazioarteko familia bateko kide sentitzen baikara”.

Film Artxiboen Nazioarteko Federazioa (FIAF)

Film Artxiboen Federazioa (FIAF) munduko ondare zinematografikoa babesteko eta zabaltzeko lanean ari da 1938az geroztik, eta esparru horretako munduko irabazi-asmorik gabeko erakunde nagusiak biltzen ditu.

Bertako kideek filmak bilatzen, zaintzen, erakusten eta sustatzen lan egiten dute, artelan eta kultura gisa ulertuta, baita dokumentu historiko gisa ere. Bere sorreran, 1938an, FIAFek lau kide zituen eta, egun, 79 herrialdetako 171 erakunde hartzen ditu; ondare zinematografikoa mundu mailako kezka den isla. Gaur egun, Federazioa munduko filmoteka eta artxibo zinematografikoen sare garrantzitsuena da.