EZ HANGO, EZ HEMENGO

Ubi bene, ibi patria

Zerk nongotzen gaitu? Jaioterriak ala bizitokiak? Behin betikotasunak ala urte kopuruak? Jarraitasunak? Nola neurtu nongotasuna? Erroldatze-ziurtagiriarekin, zergen ordainketarekin, bihotzarekin, kuadrillarekin, herriko ekitaldien parte-hartze aktiboarekin, denda txikietako erosketa handiekin?

Asko gara, arrazoi desberdinak medio, jaioterritik urrun edo gertu, jaio ginen herrian bizi ez garenok. Batzuk geure erabakimenez; beste batzuk halabeharrez. Bertakotze prozesuaren egokitzapen aldia, zalantzarik gabe, diruak baldintzatzen du. Jaioterritik aldendu denak patrikan edo kontu korrontean duen diruaren arabera erosi edo alokatuko baitu etxebizitza bat ala beste, auzo bat ala beste, etxea partekatuko edo ez, lagun batzuk izango ditu ala batere. Ezagunak asko, egoitzaz aldatu dena ezagutzera ematen bada, bederen, lagunak eta minak ez horrenbeste.

Bizitoki berriko dendariak, bankariak, bizilagunak, lankideak, esaterako, ez dira lagun bilakatuko, harik eta etorri berriak saiakera sutsua egiten ez badu; lagunak egiten tematzen ez bada. Haien azaleko adeitasuna, hasieran behintzat, berauen interesen baitakoa izango da. Alegia, ohiko bezero bilakatzea, hipoteka txintxo-txintxo ordaintzen duen zenbaki bat (gehiago) izatea, bizilagun isila, langile arduratsua…

Herri berri batera bizitzera joan denari, arropa merke egin berriari bezalatsu, etiketa luze-luzeak jarriko dizkiote, nahitaez, bizi osotik bertakoak diren biztanleek. Irribarre egiten badu, alaia izango da; beti agurtzen duen horietakoa bada, sinpatikoa; aurpegiera seriokoa bada, zakarra; dotore janzten bada, harroa; zarpail janzten bada, ardugarabea; tabernetan ibiltzen bada, nagia; gutxi irteten bada, antisoziala; balkoian ikusi badute, kuxkuxeroa; zaborra behar den ordutegitik kanpo botatzen badu, lotsagabea; lagunik ez badu, zerbaitengatik izango da; lagunak baldin baditu, zerbait nahiko du; eta, horrelako adibideak ad infinitum.

Gaztelaniazko esamolde batek dioenez, bestalde, bakoitza ez omen da jaio den lekukoa, bazkatzen duenekoa baizik. Zer esana edukiko dute, hortaz, etxebizitzatik urrun beste herriren batean lana egin eta iluntzera arte bueltatzen ez direnek, sarritan lantokian bazkaldu eta batzuetan afaldu ere egin behar duten horietxek, hain justu. Nongotzat ote dute beraien burua lo-hirietako biztanleek?

Bizitoki berriko bizimoduan muturra sartzeko, halaber, etorkinaren (jaio ginen herrian bizi ez garen edonor, egiazki) izaerak pisu handia izango du, onarpenaren lana errazterakoan edo areagotzerakoan. Herritar berria irekia baldin bada, azkarrago egingo ditu ezagunak lehenean, eta lagunak, akaso, ondoren. Kanporakoia ez den herritar berriak, ordea, ireki plantak egin beharko ditu talderen batean onartua izan nahi baldin badu.

Familia ez dugu guk aukeratzen, lagunak bai, ordea. Hala diote, behintzat, lagun onak edukitzeaz harro ageri diren batzuek. Berritan, ostera, lagun izateko hautagaien zerrenda nahiak bainoago, inguruak baldintzatuko du; hots, bikotekidearen lagunak edo kuadrillakoak (etorri berriak bikotekiderik baldin badu, noski), lankideak (bizi eta lana herri berean egiteko pribilegioa baldin badu, noski), kirolen bateko klase kideak (kirola gustatzen bazaio, noski), bizilagunen bat (adin eta kidetasun bertsukoren bat bizi baldin bada, noski), seme-alaben gelakideen gurasoak (seme-alabarik baldin badu, noski) etab. Betiere, etorri berriak saiatu behar, argi dago.

Norbaitek «aurrekoan zure herrian egon nintzen» esandakoan bietako zeinetan zalantza egitea nongotasuna bitan zatituta duzula sentitzearen imintzio esanguratsua da. Nongoa zaren galdetzerakoan zer erantzuten duzun saio erabakigarria izan daiteke. «Hemen bizi baina hangoa naiz» erantzutea ez baita «hemengoa naiz» zeharo baieztatzea bezala, inondik inora. Herriminak, jaioterriarekiko minak alegia, sekula alde egiten ez duela ziurtatuko nuke. Eta hori norberak bere erara defendatzen du. Batzuek hizkuntzaren bitartez, kasu. Herri edo hiri berriko hizkuntza edo dialektoa bereganatzea aukera ona izan daiteke bizitoki berrian onartuago izateko saiakera egin nahi duenarentzat. Norbere sustraietako dialektoan jardutea (eta hitanoan, gainera) batzuek etsaitasunez ikusiko dute, beste batzuek, berriz, jaioterriaren aingura ez askatzearen erabaki irmotzat hartuko dute.

Hizkuntzarena, ordea, beste afera bat da. Harrigarria eta, bide batez, lotsagarria deritzot urteetan euskaldunekin elkarbizi diren etorkin askoren euskararekiko arbuio hedatua. Horietako asko, gainera, bizi osoan euskaraz hitz bat ere egin gabe hiltzen dira. Ez dut uste errua beraiena bakarrik denik. Ez horixe. Hori ahalbidentzen duen egoerak eta geure onargarritasunak ere hori horrela izan dadin baimentzen baitu. Eta ez diot aldatzeko tankera handirik hartzen, egia esan.

Pentsatzen jarrita, komunikabideek ere bakoitzaren nongotasuna definitzen laguntzen dute. Kasualitatea ote egin dizkidaten elkarrizketa gehienak bizitokitik kanpoko hedabideetarako egindakoak izatea? Bizilekuko astekarian tarte ñimiñorik ere nahita ez eskaintzeak bertakotasuna han dudala, eta ez hemen gogorarazteko balio dit, hori baita, nire ustez, berariaz egindako horren helburuetako bat.

Normalean, herrian herrikoa nahi dute, bertan jaiotakoa, alegia, nahiz eta erdalduna izan. Herriko lantoki pribatuetan ere, bertakotasuna lehenesten da, bertan jaiotakoarena, hain zuzen, nahiz eta kasu askotan euren artean erdara hutsean jarduten duten. Kanpotik etorritakoak, ondoko herritik izanagatik, bertan jaiotakoari aukera kentzen ari zaiola sentitzen duenik ere bada oraindik orain. Labela. Kilometro 0, pertsonentzat ere. Onarpenaren pasea, beraz, garestia izateaz gain, adierazgarria ere badela uste dut. Zer esanik ez azal kolore desberdina dutenentzat edo bonbengandik ihesean edozein lekutara abaroaren bila alde egin behar izan dutenentzat.

Maite López Las Heras