JORGE CARDARELLI ARTISTAREN ‘SERENDEPIA’ ERAKUSKETAK

erakusketak Ziudadelako Mistoen eraikina kolorez eta optimismoz bete du

Kolorearen bidez ikuslea gonbidatzen du espiritualitatean eta introspekzioan sakontzera, norbere burua eta inguratzen duen mundua ezagutzeko 

Jorge Cardarelliren obren sormen-berezkotasuna ekainaren 26ra arte Ziudadelako Mistoen eraikinean bisitatu ahal izanen den erakusketaren izenburuan bertan markatuta dago. Erakusketan artistak kolore eztanda eta trazu-askatasuna aurkezten ditu, eta horrek, erakusketaren izenak jasotzen duen bezala, serendipian pentsatzera eramaten du: “izakiarentzat ustekabeko aurkikuntza bat, ustekabeko aurkikuntza baten bidez gertatzen dena, kasualitatez sortua, intuizioz edo zortez, beste gauza bat bilatzen ari garenean”. Aurkikuntza horrek heltzen dio gizakiak inguratzen gaituen mundua ulertu eta konprenitzeko espiritualtasuna eta introspekzioa sustatzeko duen beharrari.

Hogeita hamar bat margolanez osatutako erakusketa da; gehienak tamaina handikoak dira, eta koloreak funtsezko eginkizuna du. Tonu gorriak, urdinak, horiak eta arrosak nagusitzen dira margolanetan, eta bizitasunari, energiari eta optismismoari keinu egiten diete. Balio horiek beste alderdi batzuk betetzen dituzte, hala nola izakiaren askatasuna eta espiritualtasuna.

Artista honek espero du bere lanak ikuslearentzako arreta-dei bihurtzea, argi eta kolorezko leiho horiek aldaketa bat eragitea behatzen eta ikusten dituztenengan. Haiekin, Cardarellik –kontzientzia asaldatzaile bihurtuta– espiritualtasun eta introspekzio ariketa bat lortu nahi du, non ikuslea bere barnean sartuko baita egunerokotasunaren bilakaera, haren jatorria eta ondorioak aztertzeko, eta analisi horren bitartez “berez gaixo dagoen mundu bat” sendatzeko, artistak berak azaldu duenez. Bere lanek eragiten dituzten mezu eta hausnarketetan presentzia handia dute Ekialdeko eskola taoista zaharrek eta Zen praktika budista.

Jorge Cardarelli (Donostia, 1971) Barne-arkitekturan lizentziaduna da, eta Chicagoko Art Institutean eta Londresko Sotheby’s and Christie’s etxeetan arte garaikidea ikasi du. Lehenengo bakarkako erakusketa 21 urterekin egin zuen, eta 28 urterekin estudio bat ireki zuen Madrilen, prestatzen jarraitzeko eta estilo artistiko berriak aztertzeko Estatu Batuetara eta Latinoamerikara bidaiatu aurretik.

Bere lana hainbat lehiaketatan –Gure Artea kasu– eta azokatan egon da ikusgai, hala nola, Arco Madrid, Estampa, Artissima Turín, Art Bassel Miami, Art Chicago, Art Palm Beah eta Fiac Paris. Halaber, hainbat galeriatan egon da bere obra ikusgai, hala nola, Gavlak, Metta, Marta Cervera, Espacio Líquido eta La Fábrica, bai eta museo eta fundazioetan ere, besteak beste, Thyssen Bornemisza, CAC Málaga eta Kutxabank.

Pinturaz gain, Cardarellik beste hainbat diziplina jorratu ditu, esaterako, eskultura, argazkigintza eta bideoa.