IOSU RADA: “MUNDU ERREALERAKO DISEINATZEA”

Funtzionalitatearen edertasuna da Iosu Rada diseinatzaile sarituaren ibilbidea jasotzen duen erakusketaren ardatza

‘Mundu errealerako diseinatzea’ Ziudadelako Mistoen Eraikinean ekainaren 26a arte izanen da ikusgai

Ziudadelako Mistoen eraikineko lehen solairuan egonen da ikusgai Iosu Radaren ‘Mundu errealerako diseinatzea’ erakusketa. Erakusketak diseinuaren arlo guztietako lan sorta anitza jasotzen du, diseinu grafikotik abiatu eta produktuaren diseinura arte, seinaleak eta argiztapena barne, Radak irtenbide funtzional eta ederrak bilatzen eman duen bizitza-ibilbide osotik hautatuak.

Erakusketaren izenburua, berez, printzipioen eta planteamendu artistiko eta profesionalen adierazpena da, izan ere, egilearen arabera, estetika ez da, berez, diseinuaren helburua, baizik eta erabilera, ekoizpen-prozesuak eta erabiltzaileen beharrak asetzea; finean, diseinuak produktuaren kalitatea hobetzen du eta, esparru horretan, estetikak eta funtzionalitateak eskutik helduta joan behar dute.

Barne-arkitektoa eta diseinatzailea, Milango Scuola Politécnica di Design-en prestakuntza jasotakoa, Iosu Radak jarduera profesional zabala du diseinu industrialaren eta grafikoaren alor operatibo askotarikoei aplikatua: ekipo-ondasunetatik, “vending” makinetara eta makina-erremintara, kontsumo-ondasunetatik, altzarietatik, argiztapenetik, paketatzetik, irudi korporatibotik eta abarretatik pasatuz.

Rada ekoizlearen ikuspuntutik eta kontsumitzailearen ikuspegitik lanparak, billar-mahaiak, tornuak edo saltzeko makinak koherentziaz ebazteaz arduratzen da, betiere objektuaren adierazkortasuna, erabiltzeko modu berriak eta erabiltzailearen parte-hartze aktiboa bilatuz. Bere lanek hainbat aintzatespen jaso dituzte eta askotariko argitalpen eta erakusketatan izan dira, besteak beste Madrilgo Reina Sofia Museoan diseinuari buruz egindakoetan.

Erakusketa maiatzaren 12tik ekainaren 26ra bitarte bisitatzen ahalko da Mistoen eraikinean, honako ordutegi honetan: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:00etara. Barrutiko areto guztietara sartzea doan da.