Duela saio batzuk bost zenbakiari buruz aritu ginen. Bertan bere ezaugarri nagusiak aztertu genituen. Adibidez, bost-a nola agertzen den naturan hainbat alditan: kontinenteen eta erlijio nagusien kopuruan, gizakiaren gorputzean (bost hatzamar, adibidez), eta beste hainbat modutan. Guzti honekin, esaten genuen bezala, bazirudien bostak bere bizitza edo berezko izakera zuela. Zenbaki ausarta eta askatasun zalea dela bost-a.
Gaur zeroari buruz arituko gara. Ondo pentsatuz gero, agian hau da zenbaki guztien artean bereziena. Zeroa, batzutan hutsa ere deitzen zaiona, horixe, zenbaki hutsa, edukirik gabekoa, agian, zenbaki garrantzitsuena izan daitekeena. Edukirik ez badu, beharrezkoa al da orduan? Gure zibilizazioak zergatik antolatu dute sistema dezimalarekin? Hamar = bat eta zero. Mus jokoan ere horrela da: hamarrekoak nagusi.
Gainera, bada bost eta zeroaren arteko lotura estua. Bost-ari buruz aritzeko orduan aipatu genuen bezala bada bien arteko lotura estu bat. Bost eta zero beti loturik daude bikoteak sortzerakoan. Bost gehi bost hamar, zerokin bukatuz. Eta ordea, hamar eta bost, hamabost, bostekin bukatuz oraingoan.
Baditugu zeroa ez ahaztzeko beste zenbait arrazoi. Izan ere 2000 urtea hasi zeneko Gabon Zaharra askok ez dugu ahaztuko. Munduko hiri guztietan festa berezia izan zen ordukoa. Eta zergatik? 0-rekin bukatzen zeneko urte baten hasiera zelako, eta kasu honetan berezia berezien artean, ez baitzen zero batekin bukatzen, hiru zerokin baizik!
Horrek zer garrantzi dauka? Zerorekin bukatzen diren urteak hamarkadaz aldatu dugula esan nahi baitu. Euskaraz ere honela zenbatzen dugu: zerotik bederatzi eta hamarrerarte eta ondoren berriz hasten gara, hamaika, hamabi zenbatuz. Hogeirarte orduan eta berriz buelta.
Zer gertatzen da bi zerorekin bukatzen diren urteetan? Mendez aldatzen dugula. Beraz, 2000. urtean mendez ere aldatu genuen, XX. mendetik XXI.era pasatu ginen. Baina oraindik asko ez gara ohitu. Adibidez Lord Maxwell-k, elektromagnetismoaren teoriaren sortzailea, iraultza industrealean horrenbesteko arrakasta izan zuen trenaren bapore makinaren izaeraren ekuazio matematikoen bidea aztertu zuenenan XIX. mendea zen. Edota Andres Antonio Gorbea jauna, Araban jaio ondoren, Txilera joan zena 1826an eta bertan Txileko Unibertsitateko Fisika eta Matematika Fakultatea sortu zuenean, 1843an, XIX. mendean ginen. Izan ere, XXI. mendean, 167 urteren ondoren, gaur egun, Fakultate horretan da Hegoameriketako matematika aplikaturako zentrorik onena: “Centro de Modelamiento Matemático” deritzona. Batzuk, XX. mendean horrenbeste denboraz bizi izan garenez, ia gure bizitza osoa, oraindik XIX. mendea aurrekotzat jotzen dugu, konturatu gabe XXI.ean gaudela. Beraz aurrekoa ez da XIX. Mendea, XX. baizik.
Hots, gure bizitzako gertakari asko eta asko jadanik aurreko mendekoak dira. Adibidez, euskal futbol taldeek ez dute mende honetan ligarik irabazi, aurrekoan bai ordea, eta arro gainera, bai Errealak eta Athletic-ek lortu zutelako.
Baina 2000 urtearena are bereziagoa zen. Izan ere hiru zerorekin bukatzen zen. Horrek esan nahi du milurtekoz ere aldatu genuela mendez aldatu genuenean, 1900an aurreko aldiz, agian gure aittita-amonak, eta euren gurasoek jaioak ziren jadanik. Baina 1000an? Urrunegi! Nolakoa zen gure gizartea orduan. Historiazale amorratuei galdetu behar zaie garai haien berri izateko. Nolakoak ziren gure herri eta hiriak? Zenbat euskaldun bizi ziren orduan? Noraino zabaltzen euskara inguruko herrialdeetan? Zenbat aldatu da mundua mila urte hauetan?
Seguru biztanle gutxiago zirela gure herrialdeetan eta gutxioagok egiten zutela euskaraz, baina hizkuntzaren osasuna hobea edo txarragoa ote zen oro har? Orduan ez zegoen ez globalizaziorik eta hizkuntza txikiek ez zituzten orain dituzten arazorik. Ordea, seguru baserrietan neguan eta gauaz hotz egiten zuela… Orain hobeto bizi garen seinale.
Izan ere, agian gauza lar ere baditugu. Ezaguna den bezala, munduan zehar konsumitzen den guztiaren % 80a, munduko % 20k besterik ez dute erabiltzen, eta banaketa horretan, euskaldunok barne gaude, aberatsen artean. Baina ez da ona ez, ez da egonkorra eta iraunkorra, honelako desoreka. Noiz izango dute munduko 80% biztanle horiek tokatzen zaiena?
Zenbat aldatuko da gure gizartea hurrengo mila urteetan? Gauza bat seguru: 3000 urtea denean, hemendik 978 urtetara gutariko inor ez dela hemen izango. Nik ordurako 1000 urte baino gehiagoko adina izango dut eta pixkat gehiegitxo dira osasun ona izateko. Nork ordainduko dit jubilazioa ordurarte? Eta euskal futbol taldeek irabaziko ote dute ligarik tarte luze horretan? Gipuzkoarrok, oraingoz, Erreala lehen mailara igotzearekin pozik ginateke.
Zeroa bera ere, beraz, zenbaki berezia da. Seguru zero zenbaki hau gure elkarrizketa hau entzuten egongo balitz, barrezka izango zela. Zenbaki hutsa esaten diote eta hona hor zer nolakoak adierazten digun beraren presentziak.
Diru kontuetan ere kontuz ibili behar dugu. Ez da gauza bera ez 10, 100, edo 1000. Eta hori eguneroko bizitzan nabaria da oso. Adibidez, Euskal Herrian eguneko menua 10 eurotan jatea eguerdian jadanik ez da batere erraza. Ordea, deskuidatuz gero, 100 eurotako kontua erraz ordaindu daiteke jatetxe ospetsu horietako batean. 1000 jadanik askotxo da, baina Pariseko jatetxe famatuenetarikoetan bikote batek afari erromantiko bat izatea erabakiz gero, ardo botila dezente batekin, ikusi egin beharko litzateke ea hiru zerotako fakturarik ez dugun jasotzen.
Beraz, berriz ere, kontuz ibili behar dugu zeroarekin.
Eta orduan zergatik esaten da zeroak ez duela garrantziarik? Agian bere indarra eskuinean bakarrik dagoenean erakusten duelako izango da? Adibidez, bat zenbakia, betiko bat-a da. Ezkerrean zeroa jartzen badiogu ez da ezer aldatzen. Hots 01, ez da 1 baino ez. Ordea zeroa eskuinean jarriz gero, 10 dugu, hamar! Loterian ere antzeko. 01-ekin bukatzen duen zenbakia aterako balitz eta gure dezimoak ere bukaera bera izango balu euro bakoitzeko bost irabaziko genituzke. Ordea, gure azkenengo zenbaki biak 10 badira, 01, baina alderantzizko ordenean, ezertxo ere ez, ez dugu ezer irabaziko.
Zeroarekin beti kontuz ibili behar gara ea gure ezker edo eskuin aldean dugun.
Zeroak ere gure bizitzako gune nagusi batzuren adierazgarria dira. Zero urterekin jaiotzen gara. Hamarrekin, 10, koxkoldu egiten gara, neska edo mutil handi bihurtu. 100 urtera heltzen direnak ordea, gogorrenak soilik dira.
Zeroa beraz beti saltsan.
Zenbaki errezena dirudi baina ez da berau lehenik ikasten duguna. Izan ere umeek zenbatzen ikastean aurrena ikasten dutena bat-a izaten da, eta gero bi, eta gero hiru. Orduan noiz heltzen da zeroa? Bakarrik hamar osotzen dugunean. Izan ere zenbatze sistema eta honekin batera gure zientzia osoa borobiltzeko, zeroaren beharra nabaritzea, pauso abstraktua da.
Noiz sortu zen orduan zeroa? Bere denbora behar izan zuen.
Babilonioek euren hiri eta herrietako etxeetan eta biztanleen kontaketan, etxeak hutsik zirenean marka berezi bat jartzen zuten. Zeroaren beharra beraz nabaria zen. Hori kristo aurretik 300 urte lehenago izan zen. Egipzioek adibidez beren piramideak zeroa erabili gabe eraiki zituzten. Nola imajina dezakegu gaur gure etxeko plano eta neurketak zero zenbakirik gabe? Eta igandeko futbol jokoen emaitzak?
Gizakiaren historian, zeroa agertuz eta desagertuz joaten da, behin eta berriro, gaur egun ezagutzen duen konzeptua zehatza bihurtu arte. Antzinako Greziako eta Indiako eskortsuak itxaron behar izan ziren zeroak gaurko forma gauzatuz joateko.
Zeroa beraz airea bezalakoa da. Ez da ikusten baina edonon dago, gure arnasa eta bizitza posible egiten. Zeroa ere horrelakoa da, gure gizarte teknologiko honen euskarria.
You must be logged in to post a comment.