KULTURA ALA EZEREZA

Jabetu al gara, benetan, iritsia zaigula ordua? Iraultza gogoa berpizteko garaia dugula? Hau da, Europako eta bertoko “ezkerra” deritzonaren ordua dela? Eta agian azken aukera?

Bada, pausoak ematen hastear bagare, har dezagun kontutan zera: kultura ala ezereza, ezer-ez nuklearra seguruenik.

Zeren gizakiok zeharo zorabiatu eta desbideratu baikara, dirudienez lar dan beste. Gauzez eta gauzaren gauzez itota, agortuta, barrena hustuta, bizitzaz ahaztu egin baikara. Eta elkarren aurka egiteari ekin, munduan beste gauza ederragorik ez bailegoen.

Eta ez bakarrik hori, baizik eta gure gauzen zaborrez mundua bete diagula, biosfera toxikatu, klima aldarazi eta hainbat migrazio masibo eta gaixotasun eragin, mundu mailako pandemia barne. Gure “hiru industria iraultzek” zaborreria aunitz ekarri digute. Hazkundea, bi ahoko ezpata: gizakiontzat ongi (batik bat gutxi batzuentzat bikainki), baina inguruarendako jasangaitz betiere, desbidetik abiatutako “hazkundea” nonbait, nolabait.

Bata eta bestea pentsa dezake bakoitzak horren guztiaren zergatiaz, inoiz honen denaren zergatiaz inor kezkatzen baldin bada azkenean. Ezen ez soilik ondorioez, jakina, ez eta ondorioen ondorioez, “gure” hedabideek eta eliteak nahi duten moduan dirudienez, baizik eta kausez, zergatiez, gertatzen dagoenaren “errealitatearen” zergatiez. Zeren inoiz baino premiazkoago baita egoeraren analisia, antropologia eta filosofia; inoiz baino maizago ezkutatzen dizkigulako zergatiak (elitea ipurdia agerian geratuko delakoan edo).

Filosofia, bai, inoiz baino premiazkoago, egoera honen zergatiez asmatzeko eta sekulako gizarte-desbideratze hau zuzen dezagun erro-errotik.

Zer gertatzen ari zaigu gizakioi XXI. zorioneko mende honetan? Seguru da burua galdu dugula, garuna urtu zaigula. Ez dakidana da zein neurriraino. Ea egoera honek atzera bueltarik daukan, edo jada ez. Darwin jaunak, berak izadiaz zeukan jakintza guztiarekin, eta espezien eboluzioaz hitz egin zigun arren maisuki, ez zuen, ez zukeen-eta aurreikusi gaur egun gertatzen dagoena. Erran zigun espezieak garatu egiten darela, aurrerantz garatu eta noizean behin, gainera, jauzi kualitatiboak emonez… aurrerantz. Baina eta bere mendeko seme zenez, ez zuen sumatu atzeranzko jauzi kualitatiborik gerta zitekeen. Atzeranzko pausorik. Zer pena.

Lastima, bai. Izan ere horixe baita, ene aburuz, oraintxe berton gertatzen zaiguna 2019-2022 bitarte honetan: gizakion eboluzioan atzeranzko jauzi kualitatibo bat. Ez pentsa hain arraroa denik. Gertatu da halakorik lehenago ere gizakion historian, eta ez dakit beste espezie batzuetan; aski eta sobera diagu geureaz oraingoz. Zelan gertatzen dan atzeranzko jauzi kualitatibo bat? Bada, seguru asko astiro-astiro. Lehengo garaian, bi espezie desberdin gurutzatzean, espezie desfaboratuenaren geneek gaina hartzean; adibidez, neandertala eta “sapiens-sapiens-a” gurutzatzean, azken hau irtetean garaile (bai, ongi irakurri duzue).

Baina eta zergatik, gaur egungo giza eboluzioan, atzeranzko jauzi kualitatibo hau? Ez da erraza hain odol beroan konklusioak ateratzea, baina saia gaitezen horretan, biharko uztearren beranduegi izan ote delakoan, gauzak eta gertaerak doazen abiada azeleratuaz kargutuz.

Gizakiok zeharo desbideratu garen sentsazioa zeukeat, duela 1950etik honantz bederen: “zeozer pasetan da atmosferan” entzun nuenetik hamaika urte nebazala, gaztainadiak gaixotu ziren hartan. Gizakiok, lehenbizi, elkarren aurkako gerratan dihardugu etengabe, munduan beste zereginik ez bailegoen, esan bezala. “Baina hori beti izan duk horrela”, esanen duzue. Ah, baina orain diferentea duk, lagunok. Lehen harrika ziharduten, gero geziez eta lantzaz, gero kanoikadaz…, baina orain milaka arma nuklearrez, horietariko bat bera nahikoa delarik munduan kaosa eragiteko. Baina gizartearen gidariek horren kontziente izanen dozak…eztok? Bada, horixe da zalantzan jartzekoa, hain zuzen. Gertatzen dagoen guztia ikusita, ezin garela gure gidari politikoez, ezta are gutxiago ekonomikoez fidatu.

Mendebaldeko ekonomia gidatzen duen Eliteak, etika oro popatik hartzera bidalita, gaixotasun batez baliatu da, eta horretan dihardu oraindik, dolarretan muntatzeko bere makro-negozioa, Big-Farma bigarren diru-potentzia bilakatzeraino botere-rankinean, arma-mutilen pareko kasik. Hau ironia. Armak eta Farmakoak jaun eta jabe, munduko peste biak ala biak.

Eta Mendebalde honetako politika gidatzen duen eliteak, gerra hau ekarri digu, oraingoan Europaren bihotzera. Eta hau ere luzerako doala dirudi, Plandemia bera bezalaxe.

Zer gertatzen zaigu, ordea? Odol hotzean esanen dizuet neronen aburua. Gizakiok bizitzaren “misterioa” aparkatu dugu gure eguneroko bizitzan. Gauzez bete dugu gure eguneroko bizitza. Gauzez, hipermerkatuz, pantailaz, digitalez, kablez: gauza fisiko zein digitalen Giga mordoa; eta udaberriko loreez ahaztu gara, bedatsean belarra nola hazten den, umeak jaiotzearen miraria normaltzat hartzeraino, eta hainbat mirari, bizitza bera mirari ez bailitzen.

Gizakiok bizitzaren misterio sakratuaren zentzua alboratu dugu, eta hor nonbait, bazterren batean aparkatuta utzi eguneroko bizitzaren miraria sakratua. Eta horrek galbidera eramanen gaitu, halako jarreran jarraitzen baldin badugu: elkarri gerra etengabea eginez eta bizitza arbuiatuz. Edozein bizitza arbuiatuz.

Gaixotasun mental larri horri aurre egiteko erremedioren bat? Bat behintzat argi daukat: kultura! Zeren eta kultura ez baita soilik teatro eta espektakulua, ezta soilik zinea, telebista eta kirola. Kultura hori guztia izateaz gain, sorkuntza da, pentsaera, antropologia sortzailea, hizkuntza, gure arbasoen ondarea oro, eta jakituria horren gaineko geure sorkuntza barria, kultur ekintza, kulturgintza orobat, oro har. Hau da, bizitzaz gozatzea, gozamen horretarako gai izatea… Hori litzateke errietan diharduten liskarti ganorabako eta txoriburuei beste zerbaitera beha dezatela gomendatzea: bizitza beha dezatela!

Horrexegatik diot: kultura ala ezereza.