Haurrendako Antzerki Testuen XXXI. Lehiaketa deitu da, eta jatorrizko eta argitaratu gabeko lanak aurkezteko epea uztailaren 4an amaituko da
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak berriz ere egin dute lehiaketarako deia, gaztelania eta euskarazko modalitateetan
220419basesconcursotextosteatralesinfantiles.pdf
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak abian jarri dute Haurrendako Antzerki-testuen XXXI. Lehiaketa. Lanak aurkezteko epea uztailaren 4an, 12:00etan, amaituko da. Lehiaketarako deialdia gaztelaniazko eta euskarazko modalitateetan egin da, eta 2.500 euroko sari bakarra emanen da modalitate bakoitzean, lan irabazleak taularatzeko aukeraz gain. Epaimahaiaren epaia irailaren lehen astean emanen da jakitera.
Lehiaketan 18 urtetik gorakoek parte hartzen ahalko dute. Egile bakoitzak, gehienez ere, hiru testu aurkezten ahal ditu, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaragabeak, eta ezin izanen du testu bera bi modalitateetan aurkeztu. Gainera, ezin dira aurkeztu bestelako edozein lehiaketatan saritutako obrak, ezta konpainia batek estreinatutakoak (profesionala izan zein ez) ere. Aurkeztutako antzezlanak haurrendako lanek izan ohi duten iraupena izan behar du.
Testuak posta elektronikoz bidaliko dira biblioteca@laescueladeteatro.com helbidera, eta ‘Gaia’ eremuan honako hau idatzi beharko da: ‘Haurrendako Antzerki-testuen XXXI. Lehiaketa’. Postan bi fitxategi atxikiko dira: 1. fitxategiak, ‘Testua’ izenarekin, izenburua, testua eta idazlearen izengoitia dituen PDF bat barne hartuko du; 2.fitxategiak, ‘Plika’ izenarekin, honako hauek barne hartuko ditu: antzezlanaren izenburua eta izengoitia, egilearen curriculum laburra, goiburuan haren izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefono adierazita, NANaren edo pasaportearen fotokopia, eta idatzizko adierazpen bat non jasoko baita aurkeztutako antzezlana jatorrizkoa eta argitaratu gabea dela eta lehiaketaren oinarriak onartzen dituela.
Aurreko edizioan 123 lan aurkeztu ziren
Iazko edizioan, 123 antzezlan jaso ziren, 118 gaztelaniazko modalitatean eta 5 euskarazkoan. José Luis Baños de Cosen ‘El niño que se escondía dentro de una caja de galletas’, gaztelaniaz eta Pablo Barrioren ‘Dzist-Dzast’, euskaraz, izan ziren lan irabazleak. Biak taularatu dira Nafarroako Antzerki Eskolan, lehenengoa aurreko Gabonetako programazioaren barruan eta bigarrena duela egun gutxi Aste Santuko oporraldien bezperan.
Epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolak izendatuko du, eta antzerki esparruko hiru profesionalek osatuko dute bi kategorietako bakoitzean. Saria jaso dezaketen testuak aukeratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Saritutako lana Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko da, urtebetez, hura argitaratu edota antzezteko. Hortik aurrera, irabazleak testua erabiltzen ahalko du, betiere sariaren izena eta hori eman dioten erakundeak aipatzen baditu.