AUZO-LOTSA 26 ERREGE-ERREGINAREN BISITA

Bolada hartan, Juan Carlos Borboikoaren aita, Nafarroako Unibertsitatea klinikan egoten zen, gaixotasun larriren bat zela eta. Arrazoi hargatik, tarteka-marteka, Espainiako Erresumako errege-erreginak Iruñera joaten ziren, eri zegoena bisitatzera.

Antza denez, Noaingo aireporturaino joateko ez zuten arazo handirik, Madrilen hegazkin batean sartu ondoren, baina, zailtasuna, hain zuzen ere, Noaindik Nafarroako Unibertsitatea izeneko klinikaraino iristeko izaten zuten, nonbait, eta, begira ezazue nola jokatzen zuen jende handiusteko hark.

Garai hartan, Nafarroako Gurutze Gorriak erosi berria zuen auto moderno eta on bat, gurpil aulkiak ongi eta modu erosoan eramateko balio zuena. Egun askotan, ibilgailu hartan egiten zizkidaten Zizur Nagusiko eskola publikorainoko joan-etorriko zerbitzuak, lantokira iritsi ahal izateko, irakasle moduan. Baina, txitean-pitean zer gertatzen zen? Ba, gertatzen zena zen, Espainiako errege-erregina kalamidade eta lotsagabe haiek, Noaindik Iruñera joateko, bahitzen zutela Nafarroako Gurutze Gorriko beribil onena, eta, ni, lanera joateko, uzten ninduten beste ibilgailu zaharrago eta kaxkarrago batzuekin, gurpil aulki motordunean gora eta behera ibiltzeko.

Are gehiago, Espainiako beren maiestate eta gorentasun irrigarri haiei, nonbait, lotsagarria eta makurkeria iruditu behar zitzaien Gurutze Gorriko autoan joatea, erakunde hartako logotipoekin, eta, ken zitzaten eskatzeko ausarkeria izan omen zuten, alegia, automobil hartan ibili nahi zuten, baina Gurutze Gorriko ibilgailua zela nabaritu gabe, eta, dena, dohainik, gainera. Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gurutze Gorriak gogor egin, eta, beren gorentasunek ez omen zuten lortu nahi zutena, hau da, autoko logotipoak kentzea.

Mundu honetan, zeinen jendilaje lotsagabea egon daitekeen, sinistea ere kostatu egiten da.

Xanti Begiristain Madotz.

Auritz. 2022-03-30.