LAN PARTY TOPAKETA

Navarra LAN Partyren azken edizio presentzialeko parte-hartzaile batzuk, 2019an, NUPen.

NUPek Navarra LAN Party topaketa eginen du irailaren hasieran, modu presentzialean

Teknologiari buruzko ezagutzak dibulgatzea eta trukatzea xede duen topaketa horren bosgarren edizioa da, eta irailaren 1etik 4ra eginen da

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) irailaren 1etik 4ra Navarra LAN Party topaketaren bosgarren edizioa eginen du Arrosadiko campusean, modu presentzialean. Teknologiazaleen topaketa bat da, eta aukera izaten da lau egunez etenik gabe ezagutzak eta esperientziak trukatzeko eta teknologiaren inguruko mota guztietako jarduerak egiteko. Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) antolatzen du topaketa hori, Unibertsitatearekin lankidetzan. Bosgarren edizioa duen aurtengo hau Nafarroako Kiroldegi Unibertsitarioan eginen da.

Pandemiaren ondorioz, azken bi edizioak “online” modalitatean egin ziren, eta ia bi mila lagunek hartu zuten parte. Edizio honetan, Interneten abiadura handian nabigatzeko ahalmena duten 450 ordenagailu postu instalatuko dira. Datozen asteetan irekiko da ekitaldirako izen-ematea, eta modu digitalean ematen ahalko da izena webgune honetan: www.navarralanparty.org.

Navarra LAN Party topaketak era askotako jarduera, hitzaldi eta txapelketak hartuko ditu barne, besteak beste: teknologiarekin lotutako gaiei buruzko hitzaldiak; zuzeneko ezagutza garatzera bideratutako lantegiak; eta bideo-jokoen eta arte digitalaren txapelketak. Horietako jarduera asko doakoak izanen dira, eta jende ororentzat irekiak. Bideo honetan azaltzen da hori guztia.

IKTen aldeko elkartea

Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.

Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago kontsultagai Navarra LAN Party topaketaren webgunean eta @navarralanparty Twitter kontuan.