JUAN BELZUNEGUI GOTORLEKUAN

Juan Belzunegui pintore nafarrak kolorean eta zertzeladarekin sortzen dituen forma iradokitzaileetan oinarritutako erakusketa proposatzen du

 

Erakusketa Ziudadelako Bolborategian bisitatu daiteke ekainaren 26ra arte

Kolorea adierazpen formalaren tresna gisa eta abstrakzio izateko asmoz sortu baina aurpegi, gorputz, lore edo paisaia bilakatzen diren zertzeladen iradokizuna dira Juan Belzunegui pintore nafarrak Ziudadelako Bolborategian ikusgai duen lanaren ezaugarriak. Mihise eta paper gaineko olioetako berrogei obrek osatzen dute erakusketa, eta ekainaren 26ra arte egonen da ikusgai.

Belzunegui pintore klasiko eta XX. mendeko pintore askoren mireslea da, eta bere erreferentziak, besteak beste, honako hauek dira: Kooning, Saura eta Zumeta edo 50eko eta 60ko hamarkadetako informalismoa eta 80ko hamarkadako neoexpresionismoa. Eragin horiei gehitzen die Belzuneguik bere amorru berezia, entregatzeko grina, kolorea tresna gisa erabilita, eta bertatik agertzen dira forma aurreikusi ezinak, magmatikoak eta apur bat eldarniotsuak, betiere nahasmena eta harridura bilatuz nolabaiteko suminaldia adierazteko.

Juan Belzuneguik bere lanen sorrera abentura bat, jolas bat bezala ulertzen du, oihal zuria pintura, koadro, bihurtzen duen aurreikus ezin daitekeen elkarrizketa bat bezala. Pintatzeko aitzakia-motorra askotarikoa izan ohi da… zirrara bat, errealitatearen oroitzapen bat edo autoreaz jabetzen den kolore-fetitxe batekin pintatzen hasteko grina ulertezin bat.

Koadroa bulkada kaskarinetatik abiatuta sortzen hasten da, beste kolore batekin harreman musikalean (aurkakotasun, marruskadura, bibrazio bidez) jartzen diren kolore-azalerak edo keinu boteretsuak, oihala irudimenezko formaz eta izaera proiektiboaz betetzen den arte. Naturaren erreferentzia errepikakorra da beti giza irudiari, animaliei eta loreei dagokienez, bai eta, gero eta gehiagotan, abstrakzioa.

Juan Belzunegui Zarrakaztelun jaio zen 1955ean eta goi-mailako ikasketak egin zituen Bilboko Arte Ederren fakultatean. Hainbat erakusketaren protagonista izan da bere ibilbide artistikoan zehar eta ez da bere lanak Iruñeko Ziudadelan erakusten dituen lehen aldia. 2013an jada izan zen bertan, Mikel Eguskizarekin batera, Mistoen eraikinean, eta 1999an, Bolborategian bertan. Gainera, bere sorkuntzak 80ko hamarkadako erdialdetik herrialdeko hainbat kultura-zentrotan, galeriatan eta museotan egon dira ikusgai, hala nola Tuteran, Lizarran, Bianan, Bartzelonan, Madrilen eta Eibarren.