Zizur Nagusiko eskola publikoan, astelehen batean, Martuteneko trena izeneko abestia lantzea erabaki nuen, asteko lehenengo egunari alaitasun pixka bat emate aldera. Gauzak hala, goizeko une jakin batean, A ereduko hiru urteko neska-mutikoei eskatu nien ilara batean jartzeko, pasabidean, trenaren antzezpena hobeki egiteko asmotan.
–Tira, haurrak, jar zaitezte nire atzean, trenean joan behar dugu eta!–. Esan nien animoso-animoso, abesten hasi baino lehen.
Nik hantxe ekin nion abestiari, pozik eta kontentu: <<Triki-traka, triki-tra Martuteneko trena, triki-traka, triki-tra zubitik barrena>>. Baina, ume deabrutxo haiek, ilara luzea, mugimendu azkarra eta zalaparta alai hura sumatu bezain azkar, sanferminetako entzierro bat antzezten ari ginela interpretatu zuten, noski, eta, aida batean, batzuk nire aurrean kokatu ziren, beste batzuk atzean, eta, falta zirenak, gurpil aulkiaren gainean, ahal zuten bezala: motorren gainean, oinpekoetan zutik eta abar. Bat-batean:
–Je toro, je toro!
–Etorri, etorri azkar!
–Lasterka!–. Hasi zitzaizkidan haur guztiak oihuka eta jauzika, pozak txoratzen, aztoraturik.
Ni, berehalaxe ohartu nintzen, han, egundoko porrota eta zapuzkeria jasan nituela, eta, egoera hura, mikaztasunez, onartu besterik ez nuen izan. Geroago, zuzendariarekin hitz egin, nire arazo eta zailtasunak berriro azaldu, eta, azkenean, hiru urtekoen taldea, behinik behin, kendu zidaten; hark lasaitu txiki bat behintzat ekarri zidan. Handik aurrera, lau urtekoekin jarraitu nuen A ereduan, gehi bertsolaritza ematen D eredukoei, itzulpen bat edo beste egiten eta abar. Baina ezin dut ezkutatu, Hezkuntza Sailaren jokabide arduragabe hark, nire ahalmena alferrik galdu izana sentiarazi zidala, bi ikasturte luze haietan.