Mikel Urdangarin, Joseba Irazoki, Maite Larburu eta Peru Galbete arituko dira Erraldoien Txokoan, ekainaren 2tik 23ra, Kantu eta Hitza zikloaren barruan
Euskarazko formatu txikiko kontzertu horiek ostegunetan izanen dira, 20:00etan, eta sarrera librea izanen da, aldez aurretik gonbidapena hartuta
Lau kontzertuk, ekainaren 2tik 23ra bitarteko ostegunetan, osatzen dute Kantu eta Hitza zikloaren beste edizio bat, eta haren barruan formatu txikiko musika emanaldiak eginen dira Erraldoien Txokoan (Descalzos k., 72). Mikel Urdangarin, Joseba Irazoki eta lagunak, Maite Larburu eta Peru Galbete eta Gu izanen dira Iruñeko ekaineko kultur agendan jada finkatuta dagoen zikloaren protagonistak. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrera librea da, hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta.
Mikel Urdangarinek 25 urteko musika-ibilbidea ospatuko du ekainaren 2an, zikloa irekiko duen kontzertuan. ‘25 Tour’ bira Iruñera iritsiko da errepertorio berezi batekin, zeinetan bere ibilbide artistikoan eta abesti esanguratsuenetan barnako errepaso bat eginen baitu, horietako asko belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duten euskal musikaren altxorrak. Urdangarinek kantautore izaeratik urrundu eta alderik indiena erakutsiko du, bere zuzeneko soinuaren parte den rock progresiboari keinu bat eginez.
‘JIEL III’ Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen bederatzi abestiren bilduma da. Ekainaren 9an aurkeztuko duten lana da, Zarata Mondo Sonorok 2021eko diskorik onena izendatu zuena. Disko heldua da, funtsean Joseba Irazokiren eta haren ohiko taldearen soinu ezagun eta bereizgarriez osatuta, baina inolaz ere erosoa edo konformista. Irazoki gitarra-jotzaile polifazetikoa da, folka, rocka, psikodelia eta instrumentuen esperimentazioa barne hartzen dituzten joera askotarikoa, proposamen artistiko harrigarri eta sailkaezina eratuz. Berarekin batera arituko dira Felix Buff baterian eta sintetizatzaileetan, Jaime Nieto baxuan eta Ibai Gogortza gitarran.
Ekainaren 16an Maite Larburu arituko da agertokian eta ‘Krak’ bere bigarren diskoko abestiak interpretatuko ditu. Album horretan Carlos Taroncher eta Karlos Arancegui ditu lagun. Askotariko helburuekin sortutako melodiak eta Azut antzerki kolektiboaren ‘Amua’ antzezlanerako konposatutako musika jasotzen ditu. Musika bere osotasunean Maite Larburuk konposatu du, bai eta hainbat abestiren letrak ere. Harkaitz Canok idatzitako abestiak ere badaude, Raymond Carveren poema bat eta Amua antzezlanaren gidoitik hartutako esaldiez osatutako abesti bat. Diskoaren altxorretako bat Aldabako Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoak dira, emakume batek idatziak eta ezkutatuak.
Peru Galbetek zikloa itxiko du, ekainaren 23an, eta “Beiratu” aurkeztuko du, bere laugarren diskoa. Musikari autodidakta da eta inprobisazioa maite du. Batez ere ahotsarekin eta irudiarekin lan egiten du, batzuetan bakoitza bere aldetik eta besteetan bata bestearekin harremanean. Haren interes-ardatzak dira ahotsarekin esperimentatzea, inprobisazioa eta performancea, eta banakako piezak sortzen ditu kolektiboak balira bezala. “Beiratu” 12 abestiz osatuta dago eta horiekin Peru Galbetek bizitzari begietara begiratu nahi dio. Berarekin batera arituko dira Xanti Etxeberri kontrabaxuan eta Idoia Arizaleta gitarran eta teklatuan.
Kantu eta Hitza
- Ekainak 2, osteguna, 20:00etan. Erraldoien Txokoa (Descalzos k., 72)
- MIKEL URDANGARIN. ‘25 TOUR’
- Sarrera librea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta
- Ekainak 9, osteguna, 20:00etan. Erraldoien Txokoa (Descalzos k., 72)
- JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK. ‘JIEL III’
- Sarrera librea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta
- Ekainak 16, osteguna, 20:00etan. Erraldoien Txokoa (Descalzos k., 72)
- MAITE LARBURU. ‘KRAK’
- Sarrera librea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta
- Ekainak 23, osteguna, 20:00etan. Erraldoien Txokoa (Descalzos k., 72)
- PERU GALBETE ETA GU. ‘BEIRATU’
- Sarrera librea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta