HAUTUAREN TENOREA

Egun batean hautua egin beharko da,

egun horretan argiak izan beharko gira,

jakin beharko dugu nor nahi dugun izan,

jakin beharko dugu zer nahi dugun izan.

Elebitasunak hiltzen baitu gure hizkuntza,

euskara zaharra indartzeko ordez, murrizten

da, berdintasun eta bakearen izenean,

frantsesa lehenik, ulertzeko gisan.

Manatzaileen bikoitz mintzaira, xuria ta,

espekulazioa, azeri ustelen politika,

horrek behartzen du gure Euskal Herria,

arotz aberatsei uzten gure lurra.

Elkarbizitza ta jendearen ordeztea,

dira herrian inposatuak, ai zepoa!

abilki sartuak, ongi hedatuak,

bihar betirako maltzurren legeak.

Gure inguru osorik dago frantsestua,

iduri luke normaltasuna hori dela,

guztiok onartuko beharko duguna,

ezin bestelako maluran girela.

Desagertzeko kondenatuak ote gira?

hainbeste herri, naziorekin den bezala?

Noiz arte horrela bizi ahalko gira?

azken aukera da, bestela hiltzera!

Egun batean hautua egin beharko da,

egun horretan argiak izan beharko gira,

jakin beharko dugu nor nahi dugun izan,

jakin beharko dugu zer nahi dugun izan.