ALZHEIMERRA PREBENITZEKO

Mikel Izquierdo Redín, NUPeko katedradun eta proiektuan parte hartzen duen ikerketa-talde baten zuzendaria

CITA Go-On” proiektukoak 60 eta 85 urte bitarteko jendearen bila dabiltza ikerketan parte har dezaten

Gaixotasun horri buruz Europan inoiz garatu den ikerketa handienetako bat da, eta horretan diharduten zazpi erakundeetako bat da NUP

Cita-go-on” izeneko proiektua Alzheimerren gaitza prebenitzearren Europan inoiz egindako handienetako bat da, eta 60 eta 85 urte bitarteko boluntarioak behar ditu narriadura kognitiboa prebenitzeko prestatu duten programa batean parte har dezaten. Programak osasun alderdiak eta arrisku faktoreen kontrola ditu ardatz. Honako entitate hauek daude proiektuan: CITA Alzhéimer fundazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Basque Culinary Center, Biodonostia, Achucarro Basque Center for Neuroscience eta Camp Tecnológico enpresa.

60 eta 85 urte bitarteko pertsonei zuzendua dago ikerketa, eta honako helburu hauek ditu: aztertzea zenbateraino den eraginkorra estimulazio kognitiboa sustatzea, arrisku kardiobaskularreko faktoreak kontrolatzea, nutrizio ohiturak hobetzea, jarduera fisikoa bultzatzea eta adimen emozionala eta osasun psikosoziala hobetzea. Zehazki, frogatu nahi dute bizitza osasungarrirako programa batek, arrisku faktoreak ere kontrolatzen dituenak, txikitu egiten duela alzheimerra izateko probabilitatea.

Boluntario bilaketa honekin, mila parte-hartzaile lortu nahi dituzte. Boluntarioen erdiek —ausaz hautatuak— esku-hartze egituratu batean hartuko dute parte bi urtez; beste erdiek, berriz, Osasunaren Mundu Erakundearen osasun-gomendioak jasoko dituzte.

Bi urte horietan, hautatutako boluntarioek osasun- eta ongizate-programa bat eginen dute eguneroko bizimoduaren hainbat alderdi lantzeko. Osasun azterketak eginen dizkiete aldian-aldian, ikerketa bukatu ondoren parte-hartzaile bakoitzak nolako bilakaera izan duen jakiteko.

Proiektuan parte hartu nahi duten 60 urtetik gorakoek www.cita-alzheimer.org estekaren bidez ematen ahal dute izena.

Gisa horretako lehenbizikoa da espainiar estatuan “CITA Go-On” proiektua, eta Suediako Karolinska Institutuaren laguntza eta aintzatespena ditu. Europako eta munduko ekimen baten barrenean jarri da martxan, zahartze aktibo eta osasungarrirako estrategien bidez buru osasuna sustatzeko eta dementzia arriskua murrizteko. Jarri dira martxan lehendik antzeko proiektuak Estatu Batuetan, Latinoamerikan, Txinan eta Singapurren.

NUPen aldetik, E-FIT Ariketa Fisikoko, Osasuneko eta Bizi Kalitateko ikerketa-taldea ari da proiektuan; zehazki, ikerketa-taldearen zuzendari Mikel Izquierdo Redín katedraduna (Navarrabiomedeko ikertzaile ere badena) eta Mikel López Sáez de Asteasu eta Robinson Ramírez Vélez irakasleak.