KOOPERATIBA EREDU HERRITARRA vs. ELITEKOA

Arizmendiarrieta zena mundu guztiak ezagutzen dau, eta beato-gai ere bihurtu dute jada; ostera, Andoni Esparza, Funcor Kooperatiba sortu zuena EHko nazio-proiektu gisa, oso gutxik baino ez du ezagutzen. Elorriokoak eta Markinarrak bai, baina gainerako jende gutxik Euskal Herri zabalean; eta beato-gai izatetik zeharo at utzi dabe, jakina.

Hilonen 4an bai, bailara horretako ehundik gora lagun bildu zen, Andoni eta bere kooperatiba-eredua gogoratu eta omentzeko; neu ere tarteko, gogoz eta pozik. Julia Itoiz iruindarrak, euskera fin-fin ikasten dabilenak, bere liburua aurkeztu zigun (La otra experiencia), zeinetan Andoni Esparzak fundatu zuen eredu herritarra azaltzen den zehatz-mehatz, Arizmendiarrieta jaunaren ekonomia-ereduaren aurrez aurre.

Izan ere, Mondragoeko MCC Kooperatiba sortu zuen Arizmendiarrieta jaunak argi eta garbi zehaztu zuen bere eredua: “langile onak, maila bikainekoak sortzea”. Eta kitto. Zeri begira edo zertarako, ez zuen aipatu; “Kalitatea izango da errentagarritasunaren bermea”.

Andoniren proiektuak, ostera, herri osoa zeukan xede, bertako bailarako populutik hasita. Zera esaten eban: “Euskal Herria pobrea izango da, baina euskal herritarrak dira altxor”.

Pentsaera horrekin, Andoniren kooperatiba-eredu herritarrak enpresa-politika bakana eraiki zuen (Estatu osoarekiko bakana), FUNCOR fundizio-enpresa horretan islatua.

Andoni Esparzaren ekimenak herritarren ezagutzan eta heziketan oinarritu zen, euskal hizkuntza eta kulturari protagonismo zentrala eskainiz, Iñigo Agirre, Elorrioko semeak eta Mikel Onaindia durangarrak azaldu euskuenez. Andoni Esparza jaunak, euskal sozialista talde bateko partaidetzatik zetorrenez, langileriarekiko ikuspegi zorrotza zeukan gogoan. Hartaz, herri langileriaren kultura eta heziketa jotzen zuen ezinbesteko. Bizitzako esparru guztietan, salbuespenik bagerik.

Horrela, adibidez, “Euskaldunen Eskola” ireki zuen Elorrion 1958an, frankismoaren garai gogorretan, ezin ahaztu. Eta “Funcor Ikastetxea” 1967an, 25 ikasle-edo Batxilergo mailan hezteko. Hori izan zen, gero, Eibarreko Lanbide Eskolaren hazia. Era berean, 1966an, orduko 3.500 pezetako bekak atera zituen, herriko ikasleek hiru urtez ikasten ihardun zezaten.

Horrez gainera, 1964-65 hartan “Elorrioko Eskola Experimentala” muntatu zuten, Andoni Sistiaga eta Jorge Oteiza bera ere partaide zirela. Pintura eta eskulturaz gain, lehen euskal zinearen urratsak emon ebezan (gogora “Amalur” antologikoa). Eta izen handiko artista mordoxka iragan zen Eskola hartatik: Ibarrola, Fuldain, Iñaki Landa, Bergara, Hualde, Arriola…

Bada, Eskola Experimental harko ikasleak Bilbon azterketa egitera zihoazenean, zera esan omen zuten Bilbokoek: “ya vienen los soviéticos”. Eta beti nota onak emon behar “sovietiko” haiei.

Beraz, urte gutxitan eta eremu mugatua gauzatu arren, egiazko “Eskola Popularra” izan zen hura, gai eta eduki anitzez osaturiko hezkuntza-eredua, globala bezain herritarra era berean. Aniztasun horren isla gehiago: “Txirrindularitza  Eskola”. Rikardo Arregik azaldu euskunez, garai haietan txirrindularitza zaletasun handia zegoenez, ziklista alkarteak sortu ebezan, “Sociedad Ciclista Mungia” eta “GAT”. Uriona izan zan hainbat lehiaketan garaile.

Rikardo Arregik “61-62ko Denboraldi” bikaina aipatu eban. Gogora, Urionaz gain, Jesus Loroño Larrabetzukoa, Barrutia, Carlos Etxebarria… eta hortik geroago Marino Lejarreta berriztarra-eta. “Funcor Taldea” sortu zuten, beraz, eta euskal ziklistek arreta izan eben munduko ziklista zaleen aldetik, ospe hura are gehiago nabarmendu zelarik ondorengo  “KAS Taldea” eta “Euskaltel” taldeen kanpainekin, Tour, Giro eta gainerako karreretan.

Azkenez, bilera honetako azken parte-hartzaile Jabier Lertxundi enpresariak bere liburu “polemikoa” aurkeztu zuen: “Funcor eta Mondragon, bi kooperatiba eredu kontrajarriak”. Lertxundi jaunak bi eredu horiek alderatzen ditu: bata, FUNCOR, autogestio horizontalean eta proiektu abertzalean oinarritua, Andoni Esparzarena. Bestea, aldiz, Mondragoeko MCCk islatzen duena, Arizmendietarrarena: teknokrazian eta erreformismo teknokratan oinarrituta, diru handikiena… eta Espainiako politikari handikiena, Eliza Katolikoaren bedeikapenarekin.

J. Lertxundik, mihian bizarrik gabekoa izanik, gogorarazten du Lauzirika monsinorearen babesa. Lauzirika artxepezpikoarena, bere buruaz esan zuena lekuko: “ni Francoren Erregimenaren gudari naizen honek…” Eta “erregimen franquista” hartako beste zenbait teknokrata “inpresentable”-ren babesa, tartean Carrero Blanco bera. Gogoratu behar da, dana dala, garai zailak zirela haiek. Gogoan dut talde txikienak antolatu ahal izateko ere, Espainiako Falangeren izenean behar zuela.

Egoera orokor horren esparruan, argi dago Andoni Esparzaren ekimenak Sistemaren aldekoen amorrua sortu zuela. Eta amorru horrek pikutara bota zuela esperimentu bakan hura, eta lehenik eta behin, Andoni bera. Laboral Kutxa sartuz geroztik leherrarazi zuten ekimen bakan hura: euskal lurraldetasuna eta naziotasuna xedetzat zuena.

Lehenbizi buloak, jakina, ondo dakigu Ilun Semeen estrategia. Andoni diruarekin gelditzen zala. Eta gero eta difamazio gehiago, sistema zaleen eskutik, nahiaz Espainiako Erreinuan eroso bizi gura zutenen aldetik. Badakigu zein taktika ankerra erabili ohi dute: bertsio bakarra, zentsura, inkisizioa, hedabide mertzenarioak…

Kontua da Andoni betirako erauzi zutela bere lur-zorutik, bere proiektu maitetik.

Ez hala ere Elorrioko bilerara etorri zirenen oroimenetik.