laneratze-tasari dagokionez, bai graduko ikasketetan bai masterrekoetan
Ministerioaren azken azterlanaren arabera, NUPen lidergoa finkatu egin da graduetan, laneratze-tasa % 86,1 baita, eta masterretan lehen posizioan kokatu da (% 84,8)
Nafarroako Unibertsitate Publikoa espainiar estatuko unibertsitate publikoen rankingaren lehen postuetan dago bere ikasleen laneratzeari dagokionez, bai graduko ikasketetan, bai masterrekoetan, Unibertsitateen Ministerioak berriki argitaratu duen Unibertsitateko Egresatuen Laneratzeari buruzko Azterlanaren (2015-2016 ikasturtea) arabera. Zehazki, titulua lortu eta lau urtera, NUPeko ikasleak lehenak dira Gizarte Segurantzako afiliazio-tasan, tasa hori % 86,1 baita graduko ikasketetan eta % 84,8 masterrekoetan.
Azterlan horren azken hiru edizioetan, NUPek lidergoa mantendu du unibertsitate publikoen artean gradu bat amaitu dutenen laneratze-tasari dagokionez; masterretan, berriz, % 79,4tik (2013-2014) gaur egungo % 84,4ra igo da, eta horrek lider jarri du NUP masterreko tituludunen laneratze-tasan ere.
Unibertsitate publikoen banakapenean, Cartagenako Unibertsitate Politeknikoak (% 82,8), Lleidakoak (% 82,7) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (% 82,2) jarraitzen diote NUPi graduko ikasketen laneratze-tasari dagokionez. Masterren kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren atzetik daude Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatea (% 82,5), Balear Uharteetakoa (% 81,9) eta Zaragozakoa (% 80,8).
Testuinguru horretan, Inma Farran Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzako errektoreordeak azaldu duenez, “datu horiek islatzen dute Unibertsitateak azken urteetan egin duen lana bere tituludunen graduatu profila Nafarroako gizarte- eta enpresa-ingurunearen eskarira eta beharretara egokitzeko”. Era berean, gogoratu beharra dago berriki NUPeko fakultate eta eskoletako aholkularitza-batzordeak sortu direla. Jakintza-arlo desberdinetako hogeita hamar bat profesionalek eta adituk osatzen dituzte, eta beren eskarmentua baliatzen dute prestakuntza-jarduerak zehazten eta lan premia aldakorretara egokitzen laguntzeko.
Batez besteko afiliazio-tasak espainiar estatuan
Espainiar estatuko unibertsitateetako graduatuen batez besteko afiliazio-tasa % 72,52 da unibertsitate publikoetan eta % 74,62 unibertsitate pribatuetan, unibertsitate presentzialak soilik kontuan hartuta.
Masterretan, batez besteko afiliazio-tasa % 64,6 da unibertsitate publikoetan eta % 65,3 unibertsitate pribatuetan.
“Masterreko batez besteko afiliazio-tasak gradukoak baino txikiagoak badira ere —dio txostenak—, tituludunen taldean kontratatuen ehunekoa eta batez besteko kotizazio oinarriak zertxobait handiagoak dira masterrean graduan baino; horrek adierazten du masterreko ikasketak amaitzen dituztenak baldintza hobeetan sartzen direla lan merkatuan graduko ikasketak amaitzen dituztenak baino”.
Ikasketa-arloak
Ikasketa-arloen arabera, hauek izan dute laneratze-tasarik handiena NUPen gradua amaitu ondoren: Informatika (% 91,8), Ingeniaritza, industria eta eraikuntza (% 90,3), Osasuna eta gizarte-zerbitzuak (% 86,7), Hezkuntza (% 85,7), Negozioak, administrazioa eta zuzenbidea (% 85) eta Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, arrantza eta albaitaritza (% 84,4).
Masterren kasuan, honako hauek dira laneratze-tasarik handiena izan duten ikasketa-arloak: Hezkuntza (% 91,7), Ingeniaritza, industria eta eraikuntza (% 87,9) eta Osasuna eta gizarte-zerbitzuak (% 83,1).
Oro har, azterlanak adierazten duenez, “zenbait arlotan, hala nola Informatikan, eta Osasunean eta gizarte-zerbitzuetan, ikasketak amaitu eta lau urtera batez besteko afiliazio-tasa % 80tik gorakoa da, baina beste batzuetan ez da % 60ra iristen, Arteetan eta giza zientzietan kasu. Era berean, ikus daiteke unibertsitate pribatuetan afiliazio-tasa nabarmen handiagoa dela Hezkuntzan, eta Arteetan eta giza zientzietan, baina publikoetan tasa hobeak dituztela Osasunean eta gizarte zerbitzuetan, baita Nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan, arrantzan eta albaitaritzan ere”.
Datu horiek eta beste batzuk unibertsitateko egresatuen Laneratzeari buruzko liburuan ikus daitezke.
Azterlanak aurretik argitaratutako datuak eguneratu ditu, espainiar estatuko Unibertsitateen Gizarte Kontseiluen Konferentziak eta orduko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak sinatutako hitzarmen baten ondoriozkoak.
Unibertsitateko Informazio Sistema Integratuaren (SIIU) eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren datuetan oinarrituta, unibertsitateko ikasleei buruzko informazio hau ematen du azterlanak: egresatuen afiliazio-tasa, autonomoen ehunekoa, lan mota eta lanaldia, bai eta zer kotizazio taldetan dauden eta zer kotizazio oinarri duten ere.
You must be logged in to post a comment.