Eta bi ikasturte luze eta neketsu haiek, Zizur Nagusiko eskola publikoan, A ereduan, nire borondatearen aurka eman ondoren, azkenean, iritsi zitzaidan, Sanduzelai auzoan zegoen Miluze euskaltegira joateko ordua, nire nahia zen bezala, pertsona helduekin jarduteko eta zeharo euskaraz.
Gorago esana gelditu den bezala, bi ikasturte zail eta gogaikarri haiek, Zizur Nagusian eman behar izan nituen, Miluze euskaltegiak oztopo arkitektonikoak zituelako sarreran, alegia, atarian maila bat, eta, gero, barruan, eskailera luzeak, joan-etorrikoak. Eragozpen haiek gainditzeko, atarian arrapala arrunt bat egin behar zen, edo, bestela, beste arrapala eramangarri bat eduki, jarri eta kendu ahal izateko, behar zenean. Eta, barrualdeko eskailera luze haiek pasatzeko, edo igogailu bat jarri, edo bestela, eskailerak igotzeko bi plataforma paratu behar ziren; azkeneko konponbide hau aukeratu zuen Nafarroako Gobernuak, baina, kontua da, hiru tresna haiek ipintzea (arrapala eta bi plataformak), kostatu zitzaizkiela bi urte osorik, nire zoritxarrerako.
Bi plataforma haien tresneria Alemaniatik ekarri behar omen zuten, bai, baina bi ikasturte oso-osorik kostatzea ere Nafarroako Gobernu ahalguztidunari, 90eko hamarkadan, gutxienez harrigarria bada. Gai hartan jardun zuen pertsonak ez dakit zer-nolako eginahalak eginen zituen, baina oso handiak behinik behin ez dirudite. Askotan pentsatu izan dut, behi pare bat uztarrian lotu eta gurdi batean bertan jarrita, askoz ere lehenago ekarri ahal zirela Alemaniatik, ditxosozko bi plataformatxo haiek.