Nafarroako Kontuen Ganbera, Estatuko kontu-auzitegi zaharrena, 1365. urtean sortu zen Karlos II.a nafar erregeak emandako agindu baten odorioz. Erakunde honen sorburua ulertzeko oroitarazi behar da 1274. urtetik 1328ra bitartean Nafarroak ez zuela erregerik izan eta errege frantsesek gobernatu zutela. Har bedi kontutan Frantzian garai hartan bazirela gastu publikoa kontrolatzeko erakundeak.
Kontuen Ganbera modu ofizialean eratu baino lehenago Nafarroako Erreinuak “Aditzaileak” eta “Kontuen Maisuak” zituen erreinuko finantzen egoera noizean behin kontrolatzeko. María Puy Huici historialariak bere “La Cámara de Comptos de Navarra entre 1328 y 1512” liburuan dioenez, gai honi buruz dagoen dokumentazio zaharrena 1258. urteko Kontuen Liburua da, eta honek erakusten du Karlos II.aren aginduaren aurretik ere bazela erreinuko ondasunen nolabaiteko kontrola.
Karlos II.aren errege-aldian Nafarroako Erreinuak egoera ekonomiko latza jasan zuen, gaztelauen, aragoarren, ingeles eta frantsesen kontrako gerren gastuengatik. Ogasunaren une zaila zela-eta, Karlos II.ak erreinuko finantzen gaineko kontrola indartu nahi izan zuen, eta horretako botere haundiko erakunde iraunkorra sortu zuen.
• Hasierako antolamendua eta eskurantzak
Kontuen Ganbera eratzeko agindua, Karlos II.ak emana 1365eko otsailaren 18an, Erreinuari bere egoera ekonomiko latza kontrolatzeko organo bat ematearren egin zen. Aginduak dioenez, erakundea sei lagunek osatua zegoen: kontuen lau aditzaile orokor –”gizon zintzo eta zuzenak” behar dute izan– eta bi elizgizon, notario-lanetan aritzen zirenak. Horiekin batera, hasmentatik, atezaina eta erreinuko ofizialak dira, aditzaileen eta elizgizonen aginduak betearazteko ardura dutenak.
Karlos II.ak botere haundia eman zion erakundeari, eta aipatutako aginduan honakoa eskatu zuen: “Kontuen maisu aditzaileek lehenagoko, oraingo eta geroko kontuak aditu ahal izatea, eta kontu horien deklarazio, definizio eta zehaztapenak ikusi, aztertu, zuzendu, definitu eta erabaki ahal izatea. Nahi dugu, halaber, Erreinuko errezibitzaile guztiak, diru-biltzailea eta edozein mota edo lerrunetako jendea haien aurrera deitzeko ahalmena izan dezaten, guregandik edozer jaso duen orok gure Erreinuan ditugun eskubideen berri izan behar duelakoz. Bestetik, Erreinuko finatzen aferetan ere esku hartuko dute, hilketa, mesede, igorpen eta bestelako zioetan. Nahi dugu aditzaile hauek arazoak ezagutu eta aholkuak eman ditzaten. Gure desioa da, bestetik, atezainari, eta beste ofizialei ere agindu ahal izatea, bai ofizialek bai edozein menpekok beren esana egin dezatela. Orabat, maisu aditzaile hauei kasurik egin ezean zehapenak eta zigorrak paratzen ahalko dituzte, horren gaineko gure manuen beharrik gabe”.
Kontuen Ganberaren lehenbiziko eskumenak hauexek ziren: aditzea erregearen izenean zergak biltzen zituztenen kontuen azalpena (handik heldu da aditzaile izena); erregearen eskubideak administratzea eta Erreinuko finantza-kontuetan aholkuak ematea.
Oinarrizko hiru eskumen hauetaz gain (gaur eguneko hizkeran fiskalizazioa, administrazioa eta aholkularitza ziren), Kontuen Ganberak beste eginkizun batzuk hartu zituen bere gain, errege-erreginek eskaturik, seguruenik erakundearen izen ona zela-eta. Ildo horretan oroitaraztekoa da Kontuen Ganberak berehala Ogasun arloko Auzitegiaren izaera bereganatu zuela, eta horregatik beste izen bat eman zitzaiola: Kontuen Ganberaren Auzitegia. Zerga-bilketaz arduratzeko lana ere agindu zitzaion, zehatz-mehatz esan zezan zenbat bildu behar zen eta zer epetan. Ganberako funtzionarioek Nafarroako monetak izan behar zituen kalitatea, pisua eta bestelako ezaugarriak egiaztatzen zituzten. Moneta zigilatu ere Kontuen Ganberaren egoitzan egiten zen, eta erreinuko ofizialen, jaun feudalen, zaldunen eta soldaduen karguei zin egin ere bai.
Azkenik, esan beharra dago Kontuen Ganberak lan haundia hartzen zuela agiritegia antolatzen. Erakundearen liburu eta agiriak, gaur egun Nafarroako Agiritegi Orokorrean daudenak, Beranduko Erdi Aroari buruzko informazio iturri hoberena dira, eta erakunde fiskalizatzaile honen funtzionamendua ezezik Nafarroako Erreinuko beste kontu asko ere ezagutzen laguntzen digute.
• Abolizioa. 1836ko martxoaren 6ko Errege Dekretua
1365. urtean sortu zenetik, Kontuen Ganbera gero eta garrantzi haundiagoa lortuz joan zen Erreinuaren egitura politikoan. Nafarroako auzitegi honek Kontseilua eta errege-erreginak besterik ez zituen bere gainetik, eta behin baino gehiagotan aditzaile batzuk Kontseiluko kide izatera ere heldu ziren, nahiz eta hori gaizki ikusia zegoen eta bien partaide izateko bateraezintasunari buruzko eztabaida piztu zen. XIV. eta XV. mendeetan Kontuen Ganberak garrantzi eta ospe haundia erdietsi zuen, bere eskumenengatik, profesionaltasunagatik eta independentziagatik.
Nafarroa Gaztelaren menpera igaro zenean erregeordeak, batzuetan Gorteek lagundurik, Kontuen Ganbera deusezteko saioak egin zituen. Iruñeko hiriak, aldiz, kontra egin zien erakunde hau desagertarazteko eginahal guztiei, eta horren ondorioz lanean segitzea izan zuen XVI. eta XVII. mendeetan.
• XVIII. mendean, zentralismo gogorra zen garai honetan, Kontuen Ganbara desegiteko saio gehiago egin ziren.
1820. urtean Grazia eta Justizia Ministerioak Kontuen Ganbera deuseztatzeko agindu bat onetsi zuen, baina 1823. urtean, “hirurteko konstituzionala” akiturik, berriz eratu zen. Ondotik, 1833. urteko agindu baten bitartez aditzaile gehiago izendatzea debekatu zuten; bi urte geroago Juztizia Administrazioaren Behin-behineko Arautegian Nafarroako erakunde honen deseztatzea iragarri zen. 1836ko martxoaren 18an berretsi zuten, horrekin batera kontraforu aunitz izan ziren, eta horrek guztiak Erreinuko erakundeen heriotza ekarri zuen. 1841eko Lege Hitzartuak, Erreinua probintzia soil bihurtu zuena autonomia hondar bakar batzuekin utzita, Kontuen Ganberaren desagertzea berretsi zuen.
You must be logged in to post a comment.