“IRUÑEKO LASTERKETA”

XIX. mendearen amaieran, Iruñeko zenbait intelektual aberatsen artean nolabaiteko giro euskaltzalea zegoen indarrean. Hor dira Kanpion, Iturralde, Antsoleaga, Oloritz eta bertze; egun ezin baita ukatu haiek idatziriko hainbat lan historiko, filologiko edota arkeologikok harridura sorrarazten digula, ereindako haziak agerian utzi duen fruitua (?) bezala.

Haiei eginiko argazki eta margolan zaharrei jende langile eta serioaren planta, itxura baldin badarie ere, bertzelako arropaz janztea gustuku zuten, zirikatzekotz denborari muzin ez eginez. Aisialdiari eskainiriko tartetxo horietan, beraz, ulergarri bilakatzen zaigu haien garaian herrikoi bihurturiko “Iruñeko lasterketa”, erronka ironiko ezin farregarriagoa. Edota maltzurra, kristalaren kolorearen arabera, jakina, lagun talde konplizea eta errugabe bat behar baitzen, ez bertzerik.

Kontua hagitz erraza zen. Gaztelu Enparantza zutabez hornituriko paseotxo batez inguraturik dago. Bada, Saratsate-Balentzia alderdian hasirik, Foru Aldundiaren horma ikutu, lehendabiziko zutaberantz jo eta berari itzulia emanez abiapunturaino itzuli behar zen. Guti, ezta? Noski, baina gakoa zen jarraitu behar zela: bi zutabe eta buelta, hiru eta buelta,… Enparantza osoa bete arte! Benetako maratoia, eta gainerat denbora neurtzen omen zuten, zorabiatzen ari zen gisarajoa etengabe animatuz. Nik, behinik-behin, ez dut bigarren aldiz eginen, zinez.