UDABURUA EUSKAL GOGOETA ZAHARRETAN

Oso garai zaharretatik euskaldunok sua gurtu dugu eta sua erabili izan dugu solstizio eta ekinozioen inguruko jai erritualetan. Jondoni Joane edo San Joanen udako solstizioan sua da jaun eta jabe, garbitzaile eta berritzaile ber denboran. Inotean (edo inauterian) ere, sua indar handiz dagerkigu. Berak finkatzen du udaberriko ekinozioaren amaiera eta halaber, ziklo berri baten abiapuntu bilakatzen zaigu.

Neguko solstizioan ere sua protagonista dugu, eta gure arbasoek abenduaren 24ko gauean enbor handi berezi bat erretzen zuten etxeko tximinian. Subilaro, Olentzero edo Eguberri enborra deitu izan zaio eta orain dela oso gutxi arte oso zabalduta izan den usaia edo ohitura dugu.

Oraindik ere, zenbait etxetan egin egiten dute. Errito hau eguzkiaren jaiotza ospatzeko egiten zuten, edo beste modu batez esanda, eguzki jaioberriaren ohorez.

1.- Udaburua eta neguburua euskaldunon gogoeta zaharretan.-

Europa osoan ospatu izan den jai hau zahar-zaharra da, eta badirudi loturik dagoela Paleolito Aroan kontinentea populatu zuen herri ibiltari, ehiztari eta biltzaile zahar harekin, orain, Europako mapa genetikoa burutu ondoren, ikerlariek deitzen duten herri protoeuskaldun harekin, alegia. Jai honen jatorria naturako indar menderaezinak nolabait ezagutzeko eta bereganatzeko garai haietako gizakiak egindako ahaleginetan bilatu beharko genuke. Ortzia edo unibertsoa ziklikoa zela jakitera iritsi ziren eta urtearen banaketa ezagutu zuten.

Horretaz gain, gogoeta handiak egin zituzten bizi-gurpilaz, ama-lurraren zikloaz, emankortasunaz, egunaren eta gauaren txandatzeaz, eguzkiaren inguruko lurraren mugimenduaz, urtaroez, ilargiaren aldiez, denboraren mugagabetasunaz, naturaren indarra menperatzen zuten jainko eta jainkosez, gizakiaren bizitza laburraz… Eta hori dela eta, naturaren aldaketekin zer ikusirik zuten jai eta erritoak antolatu zituzten, horietako garrantzitsuenak solstizio, ekinozio edota ilargiaren aldiekin loturikoak.

2.- Euskal egutegi zaharraren banaketa eta hainbat data dantza.

Aro zaharretan gure arbasoek urtea bi zatitan banatu zuten: uda eta negua. Hainbat ikerlariren ustez, lehenak badu zer ikusirik urarekin eta bigarrena Paleolito Aroan gurtzen zuten Egu izeneko jainkoarekin. Mari lurraren pertsonifikazioa den bezala, Egu loturik zegoen zeruarekin. Gaur egun, oraindik, hitz anitz erabiltzen dugu egu hitzaz osaturik direnak: eguraldi, eguena, eguaztena, egubakoitz, eguerdi, eguberri, eguzki, egun…

Bittor Kapanagaren irudikoz, negu behe egutik letorke, hau da, zeru iluna nagusi den garaia. Geroago uda hiru zatitan banatu zen: udaberria (uda etorri berria), uda goiena (eguzkiak zeru goia jotzen duen aldia) eta uda azkena (udaren azken aldia). Urtea horrela banatzeko, Europa osoan zabaldurik zeuden euskaldun zaharrek, gaur protoeuskaldun deitzen duten horiek, solstizioak eta ekinozioak baliatu zituzten.

Neguburua dugu neguko aldirik gorena, hau da, neguko solstizioa ere deitzen duguna; eta udaburua udako aldirik gorena, udako solstizioa deitzen duguna. Tartean ditugu udaberriko ekinozioa eta udazkenekoa.

Europa zaharreko mundu-ikuskeran, zeruan bazen jainkosa bat, Eguzki edo Eki deitua zena, berotasuna, bizitza, uztak…, gizakiari ekartzen zizkiona eta urtero, neguburuan sortzen edo jaiotzen zena. Hau oso zabalduta egon zen Europako herri zahar guztien artean, ez bakarrik euskaldunen artean, erromatarrek ere gauza bera erraiten zuten. Europako egutegi zaharretan, neguburua abenduaren 25ean zen eta udaburua ekaineko 24an. Neguburuan, eguzki berria sortzen zela pentsatzen zuten, eta euskaldunok Eguberri deitzen genion egun horri, hau da, eguzki berriaren eguna.

Abenduaren 25etik aitzina eguzkia indartzen eta handitzen hasten zen. Udaberria etortzean, lurra esnatzen zuen, eta harekin hartz mitikoa eta gizaki bera ere. Uda etorri berriaren garaia da, bedatsea ere deitua, hau da, belarraren lehen hatsa. Abenduko 25etik udaberriko solstiziora (martxoaren 21a) doan denbora negua zen, eta hartzaroa edo inautea hartza eta lurra iratzartzeko denboraldi luze, hits, ilun eta sakratua, erritoz betea zena; gaur zuberotarrek maskaradez betetzen duten denboraldi erritual berbera.

Udaburuan, gaurko ekainaren 21ean (garai zaharretan ekainaren 25ean), eguzkiak zeruko gaina edo goia jotzen zuen. Batzuren ustez ekaina hori izan daiteke, eki + gaina. Eguzkiak indar oroz argitzen zuen zeruan. Hortik aitzina eguzkia behera zihoan, Udazkeneko ekinoziora iristean, hau da, irailaren 22ra, aski indarge zegoen jadanik. Abenduaren 24an, eguzki zaharra hiltzen zen, eta 25ean beste eguzki berri bat pizten zen zeruan. Hori zen beste ziklo baten hastapena, euskaldun zaharren gogoan.

Europa osoan barna zabaldu zen kristau erlijio berriak ezin izan zituen eguzkiaren zeru ibilaldiarekin loturiko errito jentil zaharrak ezabatu, eta horiek beren kultura bereganatu nahian, Julio II.a aita sainduak 354an ospatu zuen lehen aldiz Jesukristoren jaiotza, eguzkiaren sortze egun berean, hau da, garai hartan abenduaren 25ean erortzen zen neguburuan. Hortxe ezarri zuten Jesusen jaio eguna edo Natibitatea, historian inolako arrastorik ez duena. Horrela, Euskal Herrian, Eguberri eguzkiaren jaiotze eguna izatetik Jesusen jaiotze eguna izatera pasatu zen.

Udaburuarekin gauza bera gertatu zen. Udaburua abenduaren 24an erortzen zen aro zaharretan, eta hortxe asmatu eta ezarri zuten Jondoni Joane edo San Joan eguna. Horrela trikimailu horren bidez, Europako errito zahar guztiak kristau erlijiorako bereganatu zituzten.

1528an Gregorio XIII.a aita sainduak egutegi berria egin zuen, gaur gregoriarra deitzen eta erabiltzen duguna. Egutegi berriaren egokitzapen eta ezarpenak hainbat eguneko aldea ekarri zuen. Horrela egutegi berrian neguburua abenduaren 21-22an gelditu zen eta udaburua, berriz, ekainaren 21-22an. Baina jadanik, besta kristau bilakatuak ziren Eguberri eta San Joan data zaharretan gelditu ziren, hau da, abenduaren 25ean eta ekainaren 24an. Hauxe da, solstizio egunen eta Eguberri eta San Joanen artean, gaur ditugun hiru egun edo hiru egun eta erdiko aldearen arrazoia.

Neguburuan, Gipuzkoan eta Bizkaian san Tomasak ospatzen dituzte gaur, eta udaburuan, ez da deus berezirik ospatzen. Besta handiak orain, hiru egun berantago ospatzen ditugu, hau da Eguberri eta San Joan kristauetan.

3.- Solstizio eta ekinoziorekin loturiko errito zenbait.-

Euskal sinesmen zaharretan, errito solstizialak loturik zeuden lurraren pertsonifikazioa den Mari jainkosarekin, eta alaba duen Eguzki edo Eki-rekin. Ekinozio jaietan, berriz, Mariren senarra zen Sugaar, Maddu edo Herensugerekin. Ekaitzetako garaia zen, eta tximistak eta trumoiak zeruetan ziren nagusi. Udaberriko ekinozioa inaute zaharra zen, eta hortxe kristauek garizumaren aurreko karnabala arautu eta finkatu zuten, inaute jentil zaharra ezabatuz edo bereganatuz. Udazkeneko ekinozioaren inguruan, irailaren 29an, San Migelen kultua ezarri zuten, sugetzarra edo herensugea hil zuen saindua. Horrela ezabatu zuten euskal gogo zaharretik Sugaar edo Herensugeren oroitzapena.

Euskaldunok badugu beste pertsonaia bat, abenduaren 24an kokatzen duguna. Olentzero, Olentzaro, Orentzaro, Subilaro… deitzen duguna, eta gaur, tamalez, eraldaturik eta kontsumismoaren garretan amildurik,

4.- Udaburuaren inguruko erramolde zaharrak.-

Euskaldunon artean horren garrantzi handikoa den Doniane gauak atsotitz edo erran zahar ainitz ekarri ditu. Ikus ditzagun horietako batzuk:

– Donianeko euria gariaren galgarria.

– Egunik luzeena San Juanena, gaurik luzeena Santa Luziarena.

– Eguzkiak San Joanetan dantza.

– Gaur da San Juan, bihar juan zan.

– Gaur dala, bihar dala, Doniane etzi, San Joan biharamune.

– Iduzkia Donianetan zeru goian dantzari.

– Jondane Johanez kükü, Jondane Petiriz mütü.

– Jondoanez belea gorde eta Jondore Petiriz bildotsa.

– Jondone Baladi, gutaz urrikal hadi.

– Jondoni Joaneren euriak ogia itotzen eta arnoa urtzen.

– Jondoni Joaneko euria, ogien galgarria.

– San Joan bezpera, sarna fuera,. Ogi eta ardoa etxera. Atso zaharra

gangelpera. Neskatxa guztiak txokolate hartzera.

– San Joan eguna goizetik iluna.

– San Joan eguna, argitu orduko iluna.

– San Joan euri gabie, urtea ogi gabie.

– San Joan euritsu, urtea ogitsu.

– San Joan, artoa eta ogia kanpoan.

– San Joan, nekez etorri eta azkar joan.

– San Joan,nik ez daukat besterik gogoan, bi arraultza kolkoan, beste bi

gehiago altzoan. Artoak eta gariak gorde, gorde! Sorginak eta aztiak gure

artean beude! Sugeak eta apoak erre, erre!

– San Joanek esku batean suba eta bestean uda.

– San Juan egunak ostirala harrapatzen duen urtea urte gaztigatua.

– San Juan eta barikua, saldu idi zurixa eta ekarri artua.

– San Juan goizeko inontzagaz hankak busti ezkero, gatxak kendu.

– San Juan larraka (eguraldi txarra), urte guziko marraka.

– San Juan su, bazter guztiak mamitsu.

– San Juan, biba San Juan! Artuek eta garixek gora!

– San Juan, jan-edanak juan.

– San Juan, zelan etorria, halan juan.

– San Juanetako artoak behar du belea tapatu.

– San Juanetako euriak kentan dei ogi eta ez dei emoiten ardau.

– San Juanetako euriak, ez ardo, ez ogi, ez haragi.

– San Juanetan euri garoa.

– San Juanetan festak, alaitzeko mutil eta neskak.

– San Juanetan kuku, San Pedrotan mutu.

– San Juanetan sagartzeari hiru ale ikusten bazaizkio, urte horretan nahiko

sagar.

– Sua Gabonetan txapan, San Juanetan plazan.

– Udara, San Juanetatik San Pedroetara.