Hogeigarren mendeko azken hamarraldiko egun eguzkitsu eta bero batean, Iruñeko Larraona ikastetxe nagusitik atera nintzen lagun batekin, atsedenalditxo egiteko. Uztaila zen eta Udako Euskal Unibertsitatean ari ginen parte hartzen biok, Euskal herri osoko beste gazte askorekin batera.
Kontua da, atseden hartzen genuen bitartean, bururatu zitzaigula eguzkia hartzea, sendagile batek halaxe gomendatu baitzidan, D bitamina zela eta. Gauzak hala, ikastetxe nagusitik atera eta Nafarroako Unibertsitate pribatuko campusera joatea bururatu zitzaigun, hurbiltasuna zela medio.
Eguzkia hobeki eta erosoago hartzeko asmotan, lagun hark, ni lurrean eseri ninduen eta nikia erantzi zidan, eguzkiaren izpi dirdaitsuak hobekixeago jasotzeko asmoz. Baina, horra bada, gure malurra! Halako batean, ez dakit zein infernutatik, baina, han, plakadun zaindari bat agertu eta berehalaxe honela mintzatu zitzaigun:
–Sentitzen dut, baina jakinarazi behar dizuet, hemen ezin dela egon gerritik gora estali gabe; beraz, edo kamiseta jantzi, edo bestela, segituan alde egin beharko duzue hemendik.
–Barkatu, jauna, baina sendagileak esana dit, eguzkia komeni zaidala eta hartzeko ahalik eta gehiena–, hasi nintzaion argudiatzen ni, apal-apalki.
–Gogotik sentitzen dut sendagileak hori esan badizu ere, baina hemendik kanpo hartu beharko duzu eguzkia, hemen, gure barneko arauek, debekatu egiten baitute pertsonak horrela egotea–, jarraitu zuen hark berean izukaitz, kopetilun, ezetz eta ezetz. –Eta hemen segitzen baduzue, poliziari deitu, beste erremediorik ez dut izanen!–. Bukatu zuen zaindariak lehor eta serio-serio.
Giro hura ikusita, bada, lagunak eta biok, handik hanka egitea erabaki genuen, iskanbila handiagotan sartu baino lehen. Adiskideak berriz ere lagundu zidan, oraingo honetan lurretik gurpil aulkira igotzeko, eta, jarraian, ospa egin genuen handik, bizi-bizi. Opus Deiko campus “sakratu” hartatik ateratakoan, gure oinetako hautsak astindu eta UEUra itzuli ginen, zaindari zipotz hari eskerrak emanez, gutxienez, bizirik joaten utzi zigulako.