Aezkoa ibarreko mendietan abeltzaintza aldatu izanak eta larre naturalak erretzeak nolako eragina duten izan da aztergai ikerketa batean
María Durán Lázarok doktoretza-tesia defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan
María Durán Lázaro Basoetako eta Natura Inguruneko Ingeniaritzan graduatuak Iratiko Oihaneko larre naturalak ikertu ditu NUPen defendatutako doktoretza-tesian. Zehazki, hango larreen flora-dibertsitatearen galera ikertu du; izan ere, su- eta abeltzaintza-erregimen tradizionalen desorekak ondorio hori izan du, eta mendiko landa-eremuetan gertatutako aldaketa sozioekonomiko handiek bultzatu dute desoreka (despopulazioa, populazioaren zahartzea, animalia gutxiago aritzea bazkatzen, suaren gehiegizko erabilera landaredia kontrolatzeko, etab.). “Aezkoa ibarrean —adierazi du doktore berriak— flora-dibertsitate handia galdu da alka belarra, hots, bazka-kalitate eskaseko gramineo autoktono bat, hedatu delako.
Alka belarra (Brachypodium rupestre) zabalduz gero, flora-dibertsitate txikiko eremuak sortzen dira, aziendak bazkatzen ez direnetik batez ere, alka belarraren hazkuntza mugatzen baitzuen horrek. “Abeltzaintza estentsibo tradizionalean —azaldu du tesiaren egileak—, ganadua (ardiak, behiak eta zaldiak) alturako larreetara eramaten da udan, eta elikagai naturala, kalitate bikainekoa eta doakoa dute han. Aldaketa sozioekonomikoek izugarri gutxitu dute bazkatzen diren animalien kopurua. Hortaz, aziendek sasiak kentzen ez dituztenez, pilatu egiten da biomasa, eta abeltzainek erre egiten dute desagerrarazteko. Larreetan animalia gutxiago ibiltzeak eta sasiak erretzeak eragin zuzena dute landare-estalkietako floraren konposizioan”.
Tesiak izenburu hau du: “Brachypodium rupestre espeziearen hedapena Mendebaldeko Pirinioetan: onddo endofitoak eta zerbitzu ekosistemikoen galera”; eta cum laude kalifikazioa lortu du. Tesiaren zuzendariak Rosa María Canals Tresserras NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko Landare Ekoizpeneko irakaslea, ISFOOD institutuari atxikia, eta Leticia san Emeterio Garciandía sail horretako proiektuko lankide doktorea izan dira.
Flora-dibertsitatea galtzearen kostu ekonomikoa
María Durán Lázarok tesian garatutako ikerketa-ildoetako bat izan zen ekonomikoki kuantifikatzea alka zabaltzearen ondorioz larreen kalitatea murriztea. “Ikerketaren helburua zen lurraldearen kudeatzaileak sentsibilizatzea mendietako larreen kontserbazioa bultzatu beharraz, ekosistema baliotsuak baitira ingurumenaren aldetik eta ekonomikoki”. Tesiko kalkuluen arabera, 50.007 elikagai-errazio galtzen dira uda bakoitzean alkaren hedapenaren ondorioz, eta horren kostu ekonomikoa 21.146 € da edo 107 €-ko batez besteko galera hektarea bakoitzeko.
María Duránek beste ikerketa-lerro bat aztertu zuen alkaren onddo endofitoen inguruan. Onddo endofitoak landareak barrenean dituen mikroorganismo batzuk dira, gaixotasun-sintomarik sortzen ez dutenak. “Ohartu gara onddo horiek egokitzeko abantaila asko ematen dizkietela landareei estres-egoeretan (gazitasuna, herbiborismoa, patogenoak, etab.)”.
Zenbait teknika erabili zituzten landare-estalki diferenteetan (flora-dibertsitate txikiagokoetan eta handiagokoetan) dauden onddoen barietatea karakterizatzeko, eta ikusi zuten alkaren komunitate endofitikoa ohiko espezie gutxi batzuek kantitate handian eta espezie arraro edo ezohiko askok osatzen dutela. “Horretaz gainera —adierazi du ikertzaileak—, landarearen hiru ehun bereizirik karakterizatu genituenean konturatu ginen zeinen diferenteak diren haietako bakoitzaren komunitate endofitikoak, eta lurrazpiko ehunen komunitateak lur gainekoenak baino askoz aberatsagoak eta dibertsoagoak direla”.
Azkenik, ikusi genuen espezie batzuk ugariagoak zirela belar-estalki jakin batzuetako landareetan. “Itxura denez, horrek zerikusia du su- eta abeltzaintza-erregimen tradizionalen desorekak eragindako flora-konposizioaren aldaketarekin, perturbazioa batzuek mesede handiagoa egiten baitiete onddo-espezie batzuei”.
CV laburra
María Durán Lázaro Basoetako eta Natura Inguruneko Ingeniaritzan graduatua da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Ikasketak bukatu ondoren, Iruñeko IdAB Agrobioteknologia Institutuko ikerketa-zentroan hasi zen lanean. Gero, Ingurumeneko Agrobiologiako Masterra egin zuen NUPen, eta doktoretza aurreko beka bat jaso zuen NUPeko Ekologia eta Ingurumen Sailean ikertzeko, Rosa Maria Canalsen eta Leticia San Emeterioren zuzendaritzapean. Gaur egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoan ari da proiektuko laguntzaile gisa.
“Orreaga-Iratiko Oihana” izeneko zainketa bereziko eremuko mendietako larretan egin du ikerketa. Ikertzaile gisa trebatu bitartean, nazioko eta nazioarteko hamabost bat kongresutan hartu du parte, eta hamar bat artikulu zientifikoren idazleetako bat da.