Punto de Vistak, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak sustatutako eta NICDOk antolatutako jaialdia, Sail Ofizialera filmak aurkezteko deialdia zabaldu du. Hautagaitzak aurkezteko epea 2022ko irailaren 20an amaituko da. Izapide hori egiteko inprimakia zinemaldiaren webgunean dago eskura.
Punto de Vista-ko Sail Ofiziala irekita dago 2020ko abuztuaren 1etik aurrera egindako edozein nazionalitatetako film dokumentalek parte hartzeko. Ez da onartuko fikziozko filmik, ez instituzionalik, ez publizitatekorik, ez kazetaritza-lan edo erreportaje zorrotzik. Ez dago mugarik gaiari, iraupenari edo jatorrizko hizkuntzari dagokienez.
Izen-emateak 5€-ko prezioa du, eta jaialdiaren webgunearen bidez egiten da. Bertan, formulario bat prestatu da filma inskribatzeko.
Hautatutako filmak jaialdiaren hamazazpigarren edizioaren parte izango dira, Iruñean 2023ko martxoaren 27tik apirilaren 1era egingo dena.
Hautapena
Punto de Vista 2023ko Sail Ofizialeko hautapen-batzordea Manuel Asin jaialdiko Zuzendaritza Artistikoak eta zinema dokumentalaren arloko adituek osatuko dute, eta bigarren aldiz jarraian parte hartuko dute rol horietan: Lur Olaizola, Lucía Salas, Pablo García Canga eta Miguel Zozaya. Datorren urtarrilan jakinaraziko dituzte aukeratutako filmak. Jaialdiaren oinarri diren ideien eta kalitate- eta sormen-jarraibideen arabera aukeratuko ditu lanak:
- Dokumentala topagune bat da
- Punto de Vista maila desberdinetan topaketak sortzeko espazioa da, gainditze eta berritze borondatearekin.
- Punto de Vista jaialdiak proposamen arriskutsuak eta bilaketa-proposamenak egiten dituzten ikus-entzunezko sortzaileei arreta berezia eskaintzen die.
- Punto de Vistak errealizadoreek filmetako subjektuekin eta ikusleekin duten konpromiso etikoa baloratzen du.
- Punto de Vista jaialdiaren atal ofizialak errealitatea ezagutzea eta adierazpen independentea ahalbidetzen ditu.
- Punto de Vista ez-fikziozko zinemaren ospakizuna da.
Jaialdiaren helburua, aurreko urteetan bezala, mundu osoko ekoizpenak bilduko dituen Sail Ofiziala osatzea da, errealitatea hainbat ikuspuntutatik atzemateko modu desberdinekin, betiere berritzaileak, independenteak eta sozialki konprometituak.
Epaimahaia eta sariak
Jaialdiaren Zuzendaritzak nazioarteko epaimahaia izendatuko du. Epaimahaia arlo horretako aditu eta profesionalek osatuko dute. Epaimahaiak kanpoko idazkari bat behar badu, zinemaldiko zuzendaritza artistikoak bat izendatuko du, eta erabakiak hartzen direnean bertan egonen da, betiere boto-eskubiderik gabe.
Epaimahai ofizialak sari ofizialen adjudikaziorako proposamena egin beharko du:
- “Punto de Vista” sari nagusia film onenarentzat: 10.000 euro. Epaimahaiaren iritziz zinemaldiko sail ofizialean pelikularik onena zein den, saria hari emateko proposamen arrazoitua eginen du, filmaren iraupena edo nazionalitatea gorabehera.
- Jean Vigo saria zuzendari onenarentzat: 5.000 euro. Sari horren bidez Jean Vigoren irudia omentzen da, eta sail ofizialeko pelikulen artean Vigoren lanaren balio etikoak eta formalak hobekien islatzen dituenari emateko proposamen arrazoitua eginen du epaimahaiak.
- Saria film labur onenarentzat: 3.000 euro. Saria 35 minutuko edo gutxiagoko iraupena duen film onenari emateko proposamen arrazoitua eginen du epaimahaiak.
- Aipamen bereziak: epaimahaiak gehienez ere bi aipamen berezi eginen ditu, diru-zuzkidurarik gabe.
Gainera, honako sari berezi hauek ezartzen dira:
- Publikoaren Sari Berezia, 1.650 eurokoa.
- Gazteen Saria, 1.500 eurokoa.
Horrela, Punto de Vista-ren edizio berri bat jarriko da abian, aurten ere ez-fikziozko sorkuntza zinematografikorako erpin izan nahi duena. Zinemagileen eta ikusleen arteko topaketa honek, lurralde-mugarik eta gairik gabe, zinema dokumentalaren bidez errealitatea ulertzeko modu oso eta berritzailea aurkezten duten ikus-entzunezko produktuetan jarriko du arreta.