KONTUEN GANBARA GAUR EGUN

Kontuen Ganberak ehun eta berrogei urte baino gehiagoko etenaldia izan zuen eta 1980an Nafarroako Parlamentuko organo tekniko gisa birrezarri zen. Hasieratik lanerako independentzia erabatekoa ezagutu zitzaion. Zentzu honetan azpimarratu behar da Nafarroa izan zela demokrazia iritsi ondoren, fizkalizaziorako kanpoko erakunde batez hornitu zen Estatuko lehen elkargo autonomoa.

1978ko konstituzio espainiarrak, bere Lehen xedapen gehigarrian “Konstituzioak foru lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu” aldarrikatuz, Kontuen Ganberaren berreskurapenerako bidea ireki zuen.

1980ko urtarrilaren 28an Foru Parlamentuak Erakundearen Birrezarpenerako Araua onetsi zuen. Handik urtebetera, Mariano Zufia Kontuen Ganberako lehen presidentea izendatu zuen. Geroztik, erakundeak beste lau lehendakari izan ditu: Patxi Tuñon (1991-1997), Luis Muñoz Garde (1997-2010), Helio Robleda (2010-2016) eta Asun Olaetxea, 2016ko martxoan izendatua. Kontuen Ganberako lehendakarien agintaldia sei urtekoa da.

Kontuen Ganberak bi eginkizun nagusi ditu: Nafarroako sektore publikoaren kudeaketa ekonomikoa eta kontuak fiskalizatzea eta Parlamentuari aholku ematea ekonomi eta finantza gaietan. Beraz, erakunde honen azken helburua da hiritarrek zergen bitartez ematen duten diruren kudeaketa aztertzea. Bere lana fiskalizazio edo aholkularitza txostenen bidez egiten du. Txosten guztiak publikoak dira eta Kontuen Ganberaren web orrian daude irakurgai. Parlamentuko Aldizkari Ofizialak ere argitaratzen ditu. Txostenen helburu nagusia da diru publikoaren kudeaketa eta hura hobetzeko gomendioak ematea.

Sektore publikoaren kontuak fiskalizatu eta Parlamentuari aholku emateaz gain, Kontuen Ganbera beharturik dago, kontabilitateko erantzukizunen arrastoak somatzen baditu bere lanean, informazio horren berri Estatuko Kontu Auzitegiari ematera. Erantzukizun penalaren zantzurik sumatuz gero, berriz, Nafarroako Justizia Epaitegiko fiskal buruari jakinarazten zaio.

1982ko Foruaren Hobeagotzeari buruzko Legeak eta Kontuen Ganbera arautzen duen 1984ko Foru Legeak xedadutakoaren arabera, erakunde hau pertsona bakarrekoa da eta bere ordezkaria lehendakaria da, Nafarroako Parlamentuak sei urterako hautatuta. Nabarmentzekoa da Kontuen Ganberaren ondoren sortutako kontrol erakunde gehienek ez diotela eredu honi jarraitu, aitzitik taldeko kudeaketaren bidea hartu dute.

Kontuen Ganberaren lehendakariak, erakundearen ordezkari izateaz gain, bere helburuak erabaki eta ikuskatze-jardueraren ildo nagusiak erabakitzeko ardura du. Idazkari nagusia izendatzea ere berari dagokio, legelari batek hartu ohi duen kargua. Idazkariaren betebehar nagusia erakundearen aholkularitza juridikoa zuzentzea da.

Kontuen Ganberaren Foru Legeak, hura erakunde gisa pertsona bakarrekoa izatearen ondorioz, auditoreei garrantzi berezia ematen die, beste kontu auzitegietan beren zerbitzuak ematen dituzten maila berdineko gainerako auditoreengandik bereizten dituena. Nafarroan Ganberako organo eta kide dira, lehendakariarekin eta idazkari nagusiarekin batera; lehendakaria zenbait erabaki hartu aurretik behartuta dago horiek diotena aditzera, eta zilegi dute Parlamentura bidalitako behin-betiko txostenarekiko beren desadostasuna agertzea hala iruditzen bazaie, eta eraskin bat bidaltzea zertan ez diren ados agertuz.

Auditoretza taldeak, auditore-buruen zuzendaritzapean, txostenak egiten laguntzen dieten teknikariz osaturik daude.

Lehengoez gain Kontuen Ganberan badira beste teknikari batzuk, arlo juridikoaz, komunikazioaz, informatikaz eta administrazio lanez arduratzen direnak.

    • Auditoretza publikoa: administrazioen kudeaketa hobetzeko tresna

Kontuen Ganberak egiten duen kontrola ez da berez helburua, diru publikoaren kudeaketa hobetzeko tresna baizik, administrazioen kudeaketa gero eta gardenago eta eraginkorragoa izan dadin. Horregatik, fiskalizazio txostenetan arazo eta hutsuneak ez ezik, haiek gainditzeko gomendioak ere eskaintzen dira, eta horixek islatzen du hobekien ontrolaren alderdi positiboa. Gure ustez, Kontuen Ganberaren txostenak tresna erabilgarriak izan daitezke kudeaketa hobetzeko segitu nahi duten administrazioetako arduradunentzat.

    • Beste erakundeekin harremanetan

Kontuen Ganberak gainerako erakundeekin harreman estuak ditu. Batetik, jakina, Nafarroako Parlamentuarekin, haren menpeko erakundea baita gurea. Kontuen Ganberako presidentea izendatzeaz gain, Parlamentuak txostenak eskatzen ahal dizkio Ganberari, eta bertako batzordeetara joaten da presidentea txostenak azaltzera.

Parlamentuarekin ez ezik, gainerako erakundeekin ere harreman handia daukagu, eta ez bakarrik fiskalizazio lanak eskaturikoa. Horrez gain, elkar lanean aritzen gara prestakuntza arloan edota administrazioen kudeaketa hobetzeko proiektuetan.

Azkenik, Estatuko gainerako kontu erakundeekin eta nazioarteko mailakoekin ere harreman estua daukagu, beti ere fiskalizazio lana hobetzeko asmoz.

    • Kontu-ikuskaritza-programa

Kontuen Ganberaren kontu ikuskaritza-programak urtean egin beharreko txostenak biltzen ditu, eta presidenteak onartzen du, auditoreekin hitz egin ondoren. Kontu orokorraren txostena da legeak behartzen duen bakarra. Txostenak Foru Administrazioaren egoerari buruzko ikuspegi orokorra jasotzen du. Gainerakoak zehazteko orduan, plan estrategikoaren irizpideak kontuan hartzen dira: aurrekontuaren zati nagusia hartzen duten gaiak, gizartean eragin nabarmena dutenak, irregulartasun edo iruzurra gertatzeko arrisku handiagoa duten arloak, eraginkortasunaz iritzia emateko aukera ematen dutenak, udal nagusiak urtero ikuskatzeko beharra…

    • Gardentasuna, gako nagusienetakoa

Kontuen Ganberak gardentasuna eskatzen die gainerako erakundeei eta, beraz, horretan eredugarria izan behar du. Horregatik, ahalegin guztiak egiten ditu fiskalizazio lanaren berri emateko, bai komunikabideen bitartez eta baita zuzenean ere, bereziki web orria erabiliz: www.camaradecomptos.org Twitter-en ere bagaude: @camaradecomptos.