Egile berriendako euskarazko XXXII. Literatur Lehiaketak urriaren 28ra arte izanen du zabalik lanak aurkezteko epea poesia eta narrazio modalitateetan
Nafarrak diren edo bizitokia Nafarroan duten egileek gai libreko lanak aurkezten ahalko dituzte, euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak
Iruñeko Udalak beste urte batez deitu du Egile berrientzako euskarazko literatur lehiaketa, zeina hogeita hamabigarren aldiz eginen baita. Urriaren 28an amaituko da lanak aurkezteko epea aurreikusitako bi modalitateetan, poesian eta narrazioan. Parte hartzen ahalko dute nafar egileek edo nafarrak izan gabe, helbidea Nafarroan dutenek. Aurreko urtean 24 lan aurkeztu ziren.
Lehiaketaren xedea da egile berrien artean euskarazko literatur sormena bultzatu eta sustatzea. Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute eta euskaraz idatziak izan beharko dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Egileek beren izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu badute, ezin izanen dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo argitalpen kolektiboetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Halaber, lehiaketa honetako aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.
Poesia modalitatean, lanek 200 bertso izan behar dituzte gutxienez, eta narrazioan, gutxienez 15 orrialde. Deialdiaren oinarriek honako sari hauek ezartzen dituzte: lehen saria, 2.500 euro, bigarrena 1.000 euro eta hirugarrena 500 euro, eta horiez gain lau aipamen ematen ahalko dira, bakoitza 250 eurokoa, kontuan hartu gabe lanak zein modalitatetan aurkeztu diren.
Lanak aurkezteko modua
Lanak online aurkezten ahalko dira www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.es webguneetan edo aurrez aurre udal-erregistroetan. Deialdiak barne hartzen du lanen online aurkezpena azaltzen duen apartatu bat, Kulturako udal-webguneetan dagoen esteka baten bitartez. Online formularioa egilearen datu pertsonalekin bete behar da, modalitatea aukeratuta eta lanaren PDF fitxategia erantsita. Ez izenburuan ezta artxiboan ere ezin izanen da egilearen nortasunaren inguruko aipamenik egin, ezta datu pertsonalik adierazi ere. Era berean, adierazpenetan klik egin beharko da lanaren egilearen nortasuna baieztatzeko, eta berria eta originala dela egiaztatzeko, datuak baliozkotu eta sistemak erreferentziako plika-zenbaki bat sortu aurretik.
Halaber, lanak Udalaren Erregistro Orokorrean edo erregistro osagarrietan aurkeztu daitezke. Kasu honetan, interesdunek gutun-azal itxi bat aurkeztuko dute, eta haren barruan, lanaren kopia bat. Gutun-azalean ‘Egile berrientzako euskarazko literatur lehiaketa’, modalitatea eta lanaren izenburua idatzi beharko dira. Barruan bigarren idatzi bat txertatuko da, eta idatziko dira lanaren izenburua, egilearen izen-abizenak, jaioteguna eta jaioterria, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa.
Lehiaketaren epaimahaiburua Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkaria da eta literaturan adituak diren hiru pertsonak osatuko dute, eta Iruñeko Udaleko euskarazko kultura programazioko teknikaria idazkari arituko da.