Hasteko eta behin, inor harrituta geldituko balitz abizen hau honela idatzita ikusi ondoren, Euskaltzaindiaren webgunean begiratzeko gomendatuko nioke, eta, gero, eztabaida liteke.
Eta orain, bai, orain gaiari helduta, zera kontatu behar dut, alegia, 90eko hamarkadan sarritan joaten nintzela Iruñeko kontserbatorio hartara, musika ikasketa batzuk egitera. Garai hartan, Iturrama auzoko etxetik abiatzen nintzen gurpil aulki motordunean, kontserbatorio aldera, hiriko oihan basa haren erdian, eta, bere arrisku eta oztopo guztiak saihestu nahian. Sasoi hartako Pablo Saratsate kontserbatorioa, Iruñeko Agoitz kalean zegoen, hortaz, haraino iristeko, hiriburuko baso trinko eta erasokor haren elorri arantzatsu guztiak, banaka-banaka ekidin behar izaten nituen, esate baterako, trafiko basatiaren eraso burrunbatsua eta kolpatzailea, adibidez, Iruñeak zeuzkan gabezia asko eta asko: hiribusak eta taxiak egokitu gabe egote aspergarri eta nekeza, zebra bideetako beheraguneen falta lazgarria, eguraldi txarraren gogorkeria guztien ondorioak eta abar.
Gorabehera astun haien guztien ondoreek, ezohiko neurri batzuk hartzera bultzatu ninduten, alegia, azkenean, etxetik kontserbatoriorainoko ibilbidea ongi aztertu, eta, zerbait falta zuten leku guzti-guztiak, apuntatu nituen. Geroago, toki bakoitzean zer konponketa egin behar zen, gurpil aulkian ongi igarotzeko, gogoan zehazki hartu ondoren, lagun zurgin bati eskatu nion moldaketa-lan haiek egiteko.
Gauzak hala, udako garai lasaia aprobetxatu genuen arrapala guztiak egiteko, –egin, lagunak, jakina–, hainbat neurritakoak, kasuaren arabera, eta, gastuak, neronek ordainduta, noski.
Haiek hala, kontserbatorioko ikasturte berrirako, arrapala guztiak txukun-txukun jarrita zeuden beren lekuetan, zuzen eta artez. Kurtso berria hasi, eta, nik pozik eta alai ekin nion musika ikastetxera joateari. Lehenengo egunean, ongi; bigarrenean, hor nonbait; hirugarrenean, okerrago; laugarrenean, gaizki, arrapala asko falta baitziren; eta, horrela, hurrenez hurren. Eguberrietarako jadanik oso gutxi gelditzen zitzaizkidan, eta, ekainerako, ez dakit bakarren bat ere libratu ote zen: batzuk, ibilgailu handiek puskatu zituzten, eta, besteak, norbaitek kentzen zizkidan.
Nire ametsetako asmo ona, garesti samar atera zitzaidan: eragozpenak gainditu behar izatea, denbora galtzea, dirua ordaindu behar izatea, eta, azkenean, berriz ere, atsekabeak eta bihozminak pairatu behar. Berriro ere, arrisku nardagarriak pasatzera itzuli behar izan nuen; Jainko potoloa!