“BATZEN GAITUENARI BURUZ” ERAKUSKETA

 

‘Batzen gaituenari buruz’ erakusketak sanferminen eta Alcoyko Mairuen eta Kristauen festaren arteko kointzidentziak aztertzen ditu

Erakusketa Kondestablen egonen da, abuztuaren 20ra arte, eta kartelak, jantziak, arte-instalazio bat eta errealitate birtualeko eremu bat barne hartzen ditu

Iruñeko sanferminek eta Alcoyko Mairu eta Kristauen festek, a priori, ez dute zerikusi handirik. Hori da edozein herritarrek izan lezakeen pertzepzioa bi festei buruz hitz egitean. Edonola ere, behin bata zein bestea aztertuta, kointzidentziak eta paralelotasunak biderkatzen dira. Hori da Batzen gaituenari buruz. Festa, kultura eta tradizioak San Jurgitik San Ferminera erakusketaren oinarria. Gaur inauguratu da Kondestablearen jauregian, eta abuztuaren 20ra arte bisita daiteke.

Alcoyko Museoak eta Alcoyko San Jurgi Elkarteak sustatutako erakusketak bi festen arteko lotura aztertzen du, Alcoyko festen apirileko lau egun horietan barnako ibilbidearen bidez. Erakusketak Iruñera ekarri ditu festen sei kartel –hainbat garaitakoak–, Alcoyko trilogiaren argazkiak, festa-egunetako ekitaldi nagusiak laburbiltzen dituen ikus-entzunezko ekoizpen bat eta festa-jantzien hautaketa bat. Hala, hainbat jantzi ekarri dituzte, kapitain, alferez eta San Jurgirenak, baita hemengo peñakide baten Alcoyko baliokidearena ere.

Peñetako bat (edo filà) “los Navarros” da, eta 2022ko Mairuen eta Kristauen festetan 150. urteurrena ospatu du. Berez, urteurrena 2020an zen, baina pandemiaren ondorioz ezin izan zuten ospatu. Horren harira, peñak ‘Entrada Cristiana’ izeneko ekitaldian eskuadra berezi bat kalera atera zuen, haien jatorria gogora ekarri eta Filà-k izan zuen lehenengo jantzietako bat –ia 1903ra arte indarrean egondakoa– irudikatzeko. Erakusketaren harira, Alcoyko Museoak eta Alcoyko San Jurgi Elkarteak jatorrizko jantzietako bat ekarri dute Iruñera, hain zuzen, Navarros Filàk duen zaharrena.

Horrez gain, arte-instalazio bat ere badago, San Fermin eta San Jurgiren bi eskultura harien bidez lotzen dituena –bien arteko paralelotasun hori sinbolizatze aldera–, baita festei buruzko errealitate birtualeko eremu bat ere. 3D betaurrekoekin, bisitaria Alcoyko festetan murgildu eta festaren erdian buru-belarri sartuko da, aurrez aurre bizitzeko pregoia, desfileak, mairuen sarrera, kristauen sarrera, gerrillak eta mascletá.

Erakusketa Iruñearen eta Alcoyren arteko elkarlanaren fruitu da, zeina apirilean abiatu baitzen San Jurgiren omenezko festen ospakizunaren harira. Orduan, Alcoyko Museoak Emakumeak sanferminetako karteletan erakusketa hartu zuen, zeinak 45 kartelen bidez aztertzen baitzuen emakumeek festekin izandako harremana XIX. mendearen erdialdetik gaurdaino; denbora-tarte horretan karteletan irudikatuak izatetik kartelen egileak izatera pasa dira. Orain, sanferminak ospatzearekin bat, Alcoyko San Jurgi Elkarteak Iruñera ekarri ditu Mairuen eta Kristauen festak, nazioarteko interes turistikoko jaiak 1980az geroztik.