AKI KAURISMÄKI ATZERA BEGIRAKOA

Azken urteetan zuzendari ezberdinen atzerabegirakoak eskaintzen egon gara Kresala Zinekluban, eta datorren denboraldian zinemagileen lanak deskubritzen jarraitzeko aukera edukiko dugu.

2022-2023 denboraldian Aki Kaurismäki zuzendari finlandiarra izango da protagonista. Unibertso partikularra duan zinegilea, beti gizartearekin konprometituta eta jende apal eta baztertuenganako begirada errukitsua duena. Zazpi luzemetrai eta laburmetrai batek osatuko dute atzerabegirako hau, 2022ko irailean hasita 2023ko martxora arte luzatuko dena. Finlandiarraren mundu triste eta bakartiak ezagutuko ditugu; beti, hori bai, esperantzarako atea zabalik utzita, zailtasunak zailtasun zoriontasunaren bila etangabe diharduten pertsonaia maitakor horiekin. Hori guztia Kaurismäkiren humore propioarekin, bere filmen estetika bisual zein musikalaz bustita.

Varjoja paratiisissa (1986), Ariel (1988) eta Tulitikkutehtaan tyttök (1990) osatutako Proletariotzaren trilogiak emango dio hasiera zikloari. 90ean itxi zen trilogia, baina dirudienez, jarraipena emango dion laugarren filma prestatzen dabil zuzendaria.

Horrez gain Jean-Pierre Léaud protagonista duen I Hired a Contract Killer (1990) komedia beltza, Kauas pilvet karkaavat (1996) eta Oscarretara izandapena jaso zuen Mies vailla menneisyyttä (2002) ere ikusiko ditugu.

Atzerabegirakoari amaiera emateko, Cannesen saritua izan zen Le Havre (2011), oraingoz zinegilearen azkenaurrena den luzemetraia, eta Guimaraesen, Centro Histórico (2012) film kolektiboaren baitan filmatutako O Tasqueiro laburmetraia.

Gurekin zinemagile interesgarri honen filmografia deskubritzera gonbidatzen zaituztegu. Film bakoitzaren datak, gure webgunean eta sare sozialetan adieraziko ditugu.

FILMAK

SOMBRAS EN EL PARAÍSO

Aki Kaurismäki, 1986 – Finlandia – 76′

Niklanderek zabor-kamioi bat gidatzen lan egiten du; gau batean, bere lankidea hiltzen denean bere bizitza nahasiko da. Gainera, Ilona izeneko supermerkatu bateko langile batetaz maitemintzen da. “Proletariotzaren trilogiaren” lehen zatia.

ARIEL

Aki Kaurismäki, 1988 – Finlandia – 70′

Taisto Kasurinen berak egin ez duen krimen batengatik espetxeratua da. Kartzelan dagoela bere herrialdetik kanpo bizitza berri bat hastea da bere ametsa. Egun batean ihes egitea lortzen du, baina gauzak ez dira berak pentsatu bezela irtengo.

LA CHICA DE LA FÁBRICA DE CERILLAS

Aki Kaurismäki, 1990 – Finlandia – 69′

Emakume gazte batek ohiko lan mekanikoa egiten du pospolo fabrika batean. Etxera iristen denean bere aita maltzurra eta bere amaren maitasun eza pairatu behar ditu. Gauetan dantza egitera ateratzen da, ondo pasatzeko eta bikotea aurkitzeko asmoarekin, baina ez du zorterik.

CONTRATÉ A UN ASESINO A SUELDO

Aki Kaurismäki, 1990 – Finlandia – 79′

Bizitzeko gogorik ez duen gizon batek soldatapeko hiltzaile bat kontratatzen du, bere bizitzarekin bukatzeko asmoz. Baina ustekabean emakume bat ezagutzen du eta ideiaz aldatuko du: bizirik jarraitu nahi du. Kontratatutako hiltzailea aurkitu beharko du honek enkargua bete baino lehen.

NUBES PASAJERAS

Aki Kaurismäki, 1996 – Finlandia – 96′

Bizitzako kolpeak jasan behar dituen bikote baten (Ilona eta Lauri) erlazioaren historioa. Arriskuak hartu gabe bizi da bikotea, alokatutako pisu apal batean. Baina behin Ilonak Helsinkiko jatetxe batean zerbitzari lana galduko du. Hau gutxi balitz, Lauri duela hilabete lanteik bota zutelaren berri izaten du.

UN HOMBRE SIN PASADO

Aki Kaurismäki, 2002 – Finlandia – 97′

Oroimena guztiz galdu duen gizon batek bizitza berri bat hasi behar du eremu marjinal batean, gizartetik baztertuta dauden pertsonekin batera.

EL HAVRE

Aki Kaurismäki, 2011 – Finlandia – 93′

Marcel Marx idazle bohemioa Le Havreko hirian bizitzen jarri da. Zapata-garbitzaile lanetan pozik bizi da, jendearekiko gertu sentitzen baita. Bere literatura anbizioak alde batera utzita, bere bizitzak lasai darrai etxe ondoko tabernan, lanean eta Arletty bere emaztearekin; baina ume migrante bat azaltzen denean Estatuaren mekanismo hotzen aurka aritu beharko da, bere baikortasuna eta bizilagun eskuzabalak lagun dituela, umea poliziaren eskutan eror ez dadin.

O TASQUEIRO

Aki Kaurismäki, 2011 – Portugal – 15′

Guimaraes hirian egindako “Centro Histórico” pelikula kolektiboaren barnean Kaurismäkik zuzenduriko film laburra. Tabernari bakarti baten istorioa.