LEBITAZIO AKUSTIKOA

Iñigo Ezcurdia (ezkerrean) eta Asier Marzo NUPeko ikertzaileak Arrosadiko campusean, lebitagailu akustiko batekin

NUP-eko ikertzaile batzuek lebitazio akustikoaren bidez piezak muntatzeko sistema berri bat garatu dute

SIGGRAPH ordenagailu bidezko grafikoen eta teknika interaktiboen kongresu garrantzitsuenean onartu dute ikerlana

https://youtu.be/9eHmmhpYXdQLeviPrint objektuak, kontakturik gabe, manipulazio akustikoaren bidez muntatzeko sistema bat da. Eremu akustikoak sortzen ditugu, eta eremu horiek partikula txikiak harrapatzen dituzte, kola-tantak adibidez, eta inportanteena da elementu luzeak ere harrapatzen dituztela, makilak esaterako; gero, birbideratu eta manipulatu egiten ahal dira lebitatzen ditugun bitartean. Laburbilduz, ukipenik gabeko manipulazioa erabiliz 3D-ko egiturak fabrikatzeko sistema guztiz funtzionala da”. Hala azaldu dute sistema Asier Marzo eta Iñigo Ezcurdia Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek. Izan ere, ikertzaile horiek dira Rafael Moralesekin (Ultraleap Ltd, Erresuma Batua) eta Marco Andraderekin batera (Sao Pauloko Unibertsitatea, Brasil) “LeviPrint: Contactless Fabrication using Full Acoustic Trapping of Elongated Parts” izeneko ikerlanaren egileak.

Abuztuan aurkeztuko dute ikerketa, Vancouverren (Kanada) SIGGRAPH kongresuan, hots, ordenagailu bidezko grafikoen eta teknika interaktiboen kongresu garrantzitsuenean. Hor aurkezten dituzte beren lanak Nvidia, Disney Research eta Facebook Reality Labs enpresek.

Asier Marzo ikertzaile nagusi eta NUPeko Smart Cities Institutuko kideak adierazi duenez, “lebitagailu integratu bat diseinatu dugu, beso robotiko bat duena, eta likido-banagailu bat, kontakturik gabe objektu konplexuak fabrikatzeko”. Mihiztatze- eta fabrikazio-teknika ohikoen aldean, non piezak kontaktu zuzenean baitaude makinarekin, manipulazio akustikoa erabiltzen dute ikertzaile horiek piezak muntatzeko prozesuetan ukitu gabe jartzeko eta orientatzeko. “Pieza txikiak eta hauskorrak manipulatzen ahal ditugu, baita likidoak eta hautsa ere, eta horrek aldatzeko gaitasun handiagoa ematen die prozesuei”. Kutsadura gurutzatu gutxiago dago, manipulatzaileak ez baitu materiala ukitzen. Gainera, 3D-ko inprimaketa tradizionalarekin lortu ezin diren fabrikazio-teknikak erabiltzen ahal dira, esate baterako, lehenagoko piezei elementuak eranstea edo kanpotik itxitako ontzien barrenean fabrikatzea” dio Iñigo Ezcurdia doktoretzako ikasle eta ikerketaren egile nagusiak.

Ekarpen berriak

Ikertzaileek azaldu dutenez, “lortu zen lehenago partikula eta tanta txikiak lebitaraztea eta manipulatzea, baina ez zegoen ikerlanik objektu luzeak posizioan harrapatzeko eta orientazio jakin bat emateko moduari buruz. Ikerketa honi esker, segmentuak, makilak edo habeak erabil daitezke egitura sendoak, arinak eta konplexuak bizkor eta kontakturik gabe fabrikatzeko”.

Proposatutako tekniketako bat kola likido berezi bat erabiltzea da: argi ultramorearekin solidotzen da. Kolaz bakarrik eginak dauden piezak ere fabrikatzen ahal diren arren, partikula eta segmentu luzeak kola horrekin mihiztatuz fabrikatzen dira normalean egiturak. Adibidez, xiringa batek emandako kola-tanta bat harrapatzen du sistemak lebitagailu akustikoarekin. Tanta lebitarazi egiten dugu hurrengo pieza erantsiko (mihiztatuko) zaion posizioraino. Sistemak segmentu edo partikula bat jasotzen du, aurrekoen ondoan jartzen du, eta argi ultramorea erabiltzen da kola lehortu eta pieza berria egiturarekin lotzeko.

Eremu ultrasonikoak oihalak, sareak eta bestelako materialak gurutza ditzake. Adibidez, ikertzaileek ontzi bat eraiki zuten sare metalikozko botila baten barrenean irekidura txiki baten bidez kanpoko materialak sartuz kontakturik gabe. «Leviprint egokitu eta ura dagoen lekuetan funtzionatuko balu —esan dute—, egitura konplexuak mihiztatuko lituzke zelula-hazkuntzako inguruneetan eta baita, agian, izaki bizidunen barrenean ere”.

Ikerlanaren bideoa: https://youtu.be/9eHmmhpYXdQ

Ikerlanaren preprinta: https://bit.ly/3Oi3CtQ

Segmentuen mihiztaketa lebitazio akustikoaren bidez

Kubo bat sortzea 12 segmentu erabiliz

Argi ultramorearen bidez gogortutako likidoarekin egindako egitura

Partikula esferikoekin sortutako egitura