KONTUEN GANBERAREN ETXEA (1)

Kontuen Ganbera Antsoleaga karrikako etxe zaharrera itzuli zen 1995ean, erakunde honen egoitza 1524tik 1836an desagertu arte izan zen lekura. Eraikin historiko honi buruzko xehetasunak ematen hasi aurrretik komeni da bere sorreratik gaur egun berreskuratu duen egoitzara aldatu arte Ganbera kokaturik egon zen lekuak gogora ekartzea.

Antzinako egoitzak

Kontuen Ganbera Evreuxeko Karlos II.ak sortu zuen, edo erabat berrantolatu, 1365ean. Garai hartan Nabarreriako Kale Nagusian kokatu zen: gaur egun, Curia eta Mercaderes karrikek hartzen duten tokian. Garai horretan Finantza Auzitegia beste etxe batzuetan ere egon zen, Juan Goñi merkatariarenean, Badostaingo-juanarenean eta Pedro de Artaxokoarean. 1412an Agramonteko batena zen beste batean zegoela dirudi.

Data zehatza ezagutzen ez bada ere, XIV. mendearen lehen herenean, Ganbera San Zernin elizaren atzean zegoen etxe batera aldatu zen, seguruenik Tezenderias aldera, 1449ko irailaren hasieran lur jo baitzuen. “Juan II.a erregeak, orduan. Erregearen Dorrea eman zien Kontuen Ganberako aditzaileei.

Erregearen Dorrea Burguko kanpoko harresiaren ondoan zegoen, San Lorentzo elizaren eta Errege Ateko labetik hurbil. Barne aldetik Cuchilleriaraino iristen zen, gaurko San Frantzisko karrikaraino. Orubea gaurko San Frantzisko Eskolena zen.

Diru Etxea

Diru Etxea, non Nafarroako Erreinuko dirua zigilatzen baitzen, XIV. mendean San Zernin Burguan zegoen, Santa Katalinaren Kofradiarena zen etxe batean. XVI. mendearen hasieran Erregeren Dorrera aldatua zen, ikusten denez edozertarako erabiltzen zen eraikina baitzen, gaur honetarako eta bihar hartarako.

1450etik aurrera, ikusi dugunez, Kontuen Ganbera eta Diru Etxea eraikin berean baturik geratu ziren.

Kontuen Ganbera oraingo eraikinera aldatzea

1521ean, arrazoi militarrengatik, San Frantziskoren Anaia Txikien komentua bota egin behar izan zen, Takoneran baitzen, gutxi gorabehera Hotel de los Tres Reyes gaur egun den lekuan.

Karlos I.ak Frantziskotarren anaidiari orube oso bat eman behar izan zion harresien barruan beren komentua berreraiki zezaten. Horretarako leku egokia berriro ere Erregeren Dorrea kontsideratu zen, Erreinuaren Ondarekoa baitzen eta artean ere Kontuen Ganbararen eta Diru Etxearen egoitza baitzen bertan. Eta horretarakoxe baimena eman zuen erregeak, Zedula bitartez eraikin zahar hura eskaleen ordenako erlijioso haientzat utziaz.

Bi erakunde horientzako egoitza moldatzeko, Erregeak 1524an Pedro de Berio Otazuko jaun zaldunaren jauregia erosi zuen, Tecenderias karrikan –gaur Antsolega–, Erregearen Dorretik hurbil.

1785 aldera erudito izengabe batek Historiaren Erret Akademiari bidali zion hiriaren deskripzio bitxi eta zehatza, zeinean luze edo laburrago aipatzen baititu bertako monumentu eta eraikin publikoak, ia haiei guztiei buruzko berri interesgarriak emanez. Kontuen Ganberaz mintzatzean hauxe dio hitzez hitz:

Hiri honetan Diru Etxe bat ere bada, eta bertan zigilatzen da Erreinuan dabilen kobre-zilar edo kobrezko guztia, eta lehen urre edo zilarrezkoa ere hortxe egiten zen, baita Gaztelarekin bat egin ondoren ere; baina bada urte mordoxka bat pribilegio horren usadioa galdu zela. Etxe horretan biltzen da Kontuen Ganbera deritzan Auzitegia eta bertan dago agiritegi eder bat, instrumentu, paper eta bestelako agiri franko biltzen dituena, bai publikoak, bai pribatuak, bereziki Nafarroak bere errege-erreginak zituen garaikoak, historia, genealogia eta bestelako antzinako gaiak argitzen dituena …”.

Antzinako Ganbera ezabatu ondoren, eraikina erabili gabe geratu zen, nahiz eta Erreinuko Ondareari eratxikia gelditu. Barnean, ordea, bazuen balio handiko altxorrik: Fr. Liciniano Saez Silosko beneditarrak 1785a aldera ordenatu eta sailkatu zuen agiritegi oparoa. 1852an, Jose Yanguas y Miranda Foru Diputazoiko idazkariaren ekimenez, agiritegi baliotsu hau Diputazioaren Jauregira eraman zen, eta bertan egon zen 2003an Nafarroako Artxibo berria egin zen arte.