NURIA VILLANUEVA ARGUIÑANO, IRABAZLE NUPEKO FAMILIA ENPRESAREN KUDEAKETAKO TITULU BEREKIKO IKASKETA AMAIERAKO LANEN III. SARIKETAN

Nuria Villanueva Arguiñano, lan irabazlearen egilea

Laura Ciriza Vera eta Marina Beaumont Miqueleiz ikasleek bigarren eta hirugarren sariak lortu dituzte hurrenez hurren

Nuria Villanueva Arguiñano EAZko Graduko hirugarren ikasmailako ikasleak irabazi du “Familia Enpresaren Kudeaketako Unibertsitateko Aditua” titulu berekiko Ikasketa Amaierako Lan hoberenen Sariketaren hirugarren edizioa, “Ernatzen eta eraldatzen diren haziak: Villanueva haztegien kasua” lanarekin. Sariketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Familia Enpresaren Katedrak sustatzen du eta Familia Enpresaren Kudeaketako titulu berekiko ikasleei dago zuzenduta.

Familia Enpresaren Kudeaketako titulu berekia zeharkako prestakuntza bat da eta familia-enpresen berezitasunetan dago espezializatua. Haien helburua ikasleen prestakuntza osatzea da, eta horretarako prestakuntza berezitua eskaintzen dute, mota horretako enpresen zuzendaritzarako eta kudeaketarako gaitasun espezifikoak garatu ditzaten.

Ana Lucía Caicedo Leitón NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko ikertzailea izan da lan irabazlearen zuzendaria, eta EAZko ikasleari 300 euro eta diploma bat eman dizkiote sari gisa. Nuria Villanueva lanaren egileak azaldu duenez, lanak “familia-enpresen alderdi emozionalak (aberastasun sozioemozionala esaten zaio horri) berrikuntza oztopatzen duela dioten azterlanak zalantzan jartzea” du helburu. Ildo horretan, “frogatu nahi nuen familia-enpresen ezaugarri bereizgarri horrek, oztopatu ordez, berrikuntza sustatu egin dezakeela. Familia enpresariak jakintza bereganatzeko duen gaitasunaren araberakoa izanen da hori, hots, hura eskuratzeko, barneratzeko, eraldatzeko eta ustiatzeko duen gaitasunaren araberakoa”.

Hori argudiatzeko, Viveros Villanueva Vides haztegietan aztertu zituen alderdi horiek. Larragako enpresa bat da, eta mahatsondoak hazten dituzte. Nahiz eta enpresa txikia eta familiarra izan, berrikuntzako zenbait proiektu ditu martxan. Horri esker, liderra da Espainiako merkatuan, eta aurrera egiten ari da nazioarteko merkatuan. Azterketa egin ondoren, Nuria Villanueva Arguiñanok ondorioztatu zuen “badela elkarrekiko harreman bat berrikuntzarako gaitasunaren eta familia-enpresen aberastasun sozioemozionalaren artean, eta berrikuntza ez oztopatzeko gakoa enpresaren esentzia familiarra mantentzea dela, baina hura profesionalizatuz”.

Bigarren eta hirugarren sariak

Laura Ciriza Vera Ekonomiako Graduko 3. ikasmailako ikaslea izan da bigarrena, “Protokolo ‘oso familiar’ bateranzko lehen urratsak” lanagatik. 200 euro eskuratuko ditu, eta, kasu honetan ere, Ana Lucía Caicedo izan da zuzendaria. “Ciriza e Hijos SL” enpresarako familia-protokolo bat eratzeko aldez aurretik eman beharreko urratsak ezarri ditu bere lanean. Protokolo horren xedea da enpresaren jardueraren jarraitutasuna zaintzea eta bermatzea familia enpresariaren belaunaldietan zehar, horretarako enpresakideen artean itunak eginez. Egileak azaldu duenez, bi arrazoirengatik aukeratu zuen enpresa hori: “lehenbizikoa, enpresak oraindik ez zuelako protokolorik, eta, bigarrena eta nagusia, inplikazio pertsonalagatik, familia enpresariko kide baita, eta, ondorioz, enpresaren jarraitutasuna zaindu nahi baitu NUPeko titulu bereki honetan eskuratutako ezagutzaren bitartez”.

Azkenik, Marina Beaumont Miqueleizek eskuratu du hirugarren saria, 100 eurokoa. AZLko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko 5. ikasmaila bukatu berri du, eta “Kasu baten azterketa familia-enpresaren berrikuntza-prozesuari buruz. Oztopoak eta indarguneak” izan da bere lana, Lucía Garcés Galdenako Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslearen zuzendaritzapean egina.

Bere lanean bi familia-enpresa aztertu zituen, Exkal eta IED Electronics. Haien balioei eta helburuei buruzko informazioa lortzeaz gain, alderdi hauek aztertu zituen: berrikuntza-prozesuak, hura garatzeko modua eta metodoak eta urtean horretara bideratutako inbertsioaren ehunekoa. Hortik abiatuta, bi enpresa horien oztopoak eta indarguneak alderatzeko modua izan zuen. Marina Beaumontek azaldu duenez, ondorio nagusia da “familia-enpresek barne hartzen dituzten sentimenduen, arduraren eta konpromisoaren ondorioz, eta beren balioak taldeari helarazteko duten gaitasuna eta epe luzeko ikuspegia aintzat hartuta, ahal duten guztia egiten dutela etorkizunean enpresaren jarraitutasuna bermatzeko, eta, horretarako, ezinbestekoa dela berrikuntza-prozesuak egitea”.

Laura Ciriza Vera, bigarren sariduna

Marina Beaumont Miqueleiz, hirugarren sariduna

Epaimahaiaren osaera

Honako hauek osatu dute edizio honetako epaimahaia: Francisco Esparza Unsain, Nafarroako Familia Enpresaren Garapenerako Elkarteko zuzendaria (ADEFAN); Lucía Garcés Galdeano, Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle eta NUPeko Familia Enpresaren Katedraren zuzendaria; Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano, Zuzenbide saileko irakasle eta Familia Enpresaren Kudeaketako titulu berekiaren zuzendaria; Ana Lucía Caicedo, NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko kidea; eta Ricardo Goñi Leranoz, Rural Kutxako Harreman Instituzionalen zuzendaria.