Labor omnia vincit improbus
Gaur egun, ekintzailea, bizia, eraginkorra eta poliglota ez bazara, jai daukazu, literalki. Lan-iragarkietan erruz aurkituko duzu langile perfektuaren profilaren deskribapenaren ele-ederra, kasik lana edozein delarik ere. Lan bila bazabiltza, eta zerrenda horretan zeurekin bat ez datozen kontzeptu gehienak buruz zirrimarratu ostean, lan horretarako egokia ez zarela pentsatu eta lan-elkarrizketan antzerkia egin beharko duzula uste duzun bakarra zarela iruditzen bazaizu, lasai, denok bizi izan baitugu gutxi-asko lan-munduan sartu ahal izateko horrelako pantomimaren bat. Hitzaldiak ez du nahitaez gezurra izan behar, bai, ordea, geure burua handietsiko duena; amonak gutaz uste duena azaldu besterik ez, alegia. Eta amonak ez du gezurrik esaten.
Etsi-etsian lan bila dabilenak itsu-itsuan erantzun behar izan ohi du lan-elkarrizketako galdetegi hotza. Norbere burua saltzearen truke izango dituen baldintzen ezjakintasun betean igaro beharko du hautagaiak trantze txarra. Izan ere, bat-batean, zeharo ezezagunak zaizkizun hainbat pertsonen aurrean eseri, ahalik eta aurpegirik onena ipintzen saiatu, profesional itxura eman, eta giza baliabideetako aurpegiaren, zuzendariaren begiradaren eta lantokiari berari garrantzia emateko asmoz hirugarren aulkian parez pare jarri duten beste norbaiten aurrean, lider sena duzula uste osoz baieztatu, talde-lanean efizientea zarela baietsi eta, noski, militante hitza erabili. Enpresagatik zure gauak, egunak, osasuna (fisikoa edo/eta mentala) eta astebukaerak izorratzeko prest zaudela sinesgarritasunez eta poliki-poliki ahoskatu, parean dituzun aurpegiera arakatzaileek ondo entzun dezaten.
Orain, gainera, lantoki guztietan liderrak nahi dituzte, pertsona arduratsuak, asertziozkoak, gidari onak, agintari bikainak, enpresaren beharrak txintik atera gabe lehenetsiko dituzten profesional obediente eta autonomoak. Noiz bihurtzen da, baina, norbait halako pertsona batean? Jaio ala ikasi egiten da? Batzuek umetatik daukate nabarmenki lider-traza, baina aski al da pertsonekin eta pertsonentzat lana egiteko?
Taldean lana egiten jakitea ere enpresaburuek bereziki estimatzen duten zerbait da. Badirudi, talde-lanaren kudeaketa norberarengan dagoen zerbait dela, funtzionamenduaren egokitasuna edo, areago, norbere moldaezintasuna norberari soilki leporatzeko moduko zerbait, hain zuzen. Edozein mailatako ikasleengan ere gero eta ohikoagoak dira talde-lanak. Gure garaian ere egiten genituen halakoak. Eta, daitort, inoiz ez zaikidala gustatu izan. Betikoa: talde heterogeneoak osatu bai, eta gero, zer? Ba, batzuek lana egin eta denok sinatu. Nota guztiontzat. Eta zorionak, lana aurrera ateratzeko gai izan zaretelako! Lanik egin ez duenaren izena jartzerik nahi ez baduzu, nola edo hala isilik egotea da komenigarriena, ez baitago ondo ikusita irakasle, enpresaburu edo agintarien artean; ez baitator talde-lanaren filosofiarekin bat, eta arazoa, nola ez, langile prestuarena, lanik egin ez duena salatzen duenarena, ez dakielako gizartean moldatzen, ez daukalako gizartera egokitzeko nahikoa tresnarik. Ixo, beraz.
Lan-esperientzia izatea ere ohiko baldintzetako bat bilakatu da edozein lanpostuetarako. Hortaz, aurreko bizitzan lanik egin ez baduzu edo, ez dakit noiz kontratatu ahalko zaituzten; lanpostu guztietan eskarmentua hobesten badute, ez dut batere garbi ikusten lanerako lehen aukera noiz izan daitekeen. Akaso zeure enpresa sortu behar, edo autonomoetan alta eman. Agian horretarako da.
Gidabaimena izatea ere ezinbestekoa bilakatu da, lantokia bizilekuan bertan egon arren; izan ere, ikastaroren baterako ez bada, bileraren baterako mugituaraziko zaituzte. Baina, kontuz, gidabaimena izatea autoa edukitzearen baliokidetzat hartzen da. Lanik egin ezean, ordea, gurasoek ordaidutakoa edo bankuaren kredituarekin finantzatua izan beharko du, ez?
Gauza bera, milaka euro balio duten masterrekin eta hainbat hizkuntzaren tituluekin. Nola ordaindu lan bila baldin banabil?
Eta hori guztia, esan bezala, itsu-itsuan, horren guztiaren truke zenbat, noiz eta nola ordainduko dizuten arrastorik izan gabe, harrapa ezak/ezan! Normalean, kontratatzaileek iragarkietan ez baitute jartzen balizko militantzia hori zenbat ordaintzeko prest dauden eta zer baldintzatan. Hori jakitea, antza, aukeratuari soilik dagokio. Lan-elkarrizketako eginahal eta izerdiak, akaso, ez zuela horrenbeste merezi izan damuak hartuta, baina, tira, “lana, behintzat” pentsatu eta eskertuta puska batean bederen, hasiko da zorioneko hautagaia hainbeste kostatako beharrean.
Eta hori da bestea! Erabat normalizatua izatea gizakiok baliabidetzat hartzea. Pertsonok lanerako baliabideak gara, “norbaitek dituen edo erabil ditzakeen ondasun edo bide materialak” edo “zerbait lortzeko baliagarri gerta daitekeen bidea”. Bide hori makinek merkeago eskaintzen badute, berriketa gutxirekin gizakiak haiengatik ordezkatu, eta kitto. Giza baliabideetako arduraduna ere, aitzitik, giza baliabidea da bere baitan; metabaliabide bat, baliabidearen baliabidea, edo auskalo.
Lana terminoaren etimologia, bestalde, oso da interesgarria. Gaztelaniazko trabajo hitza latinezko tripalium-etik dator, hiru makila esanahia duen hitz elkartutik, alegia. Itxuraz, ditxosozko tripalium hura erruduna lotzeko erabiltzen ziren elkarri lotutako hiru hesolaz egindako tortura-tresna bat zen; esklaboak jipoitzeko hiru makilez egindako uztarria. Beste (giza?) baliabide bat. Lana, beraz, zigorra da, etimologikoki behinik behin, baina, zenbaitetan, baita egiazki ere.
Euskaraz beharra hitza lana-ren sinonimoa izatea ere ez da alferrikakoa. Lanera, gustuz bainoago, beharrak jota joan ohi garelako asko-askotan. Diruagatik, finean. Eta ezetz esatea da politikoki zuzenena, politikariek nahi dutena; horretarako heziak izan baikara subliminalki, lanera pozik joaten garela esateko, lana osasuna dela, diruak ez duela zoriontasuna bermatzen; baina, batez ere, kapitala irabazi eta xahutzeko gaude hemen, giza-baliabideak garen neurrian.
Aisialdia irudikeria hutsa da, langilea kexa ez dadin egindako opari gazi-gozoa. Haize ahokada laburra. Arnasaldia, arnasestu betean. A zer tristea aste osotik ostirala izateak soilik emandako poztasunagatik bizitzea! Bizitzeko motibazioa aparteko ordainsaria izatea edo asteburua iristeko grina sutsua izateak bizitzaren zentzua erabat deuseztatzen du. Zer da, ba, asia, latinezko otium hitza, aisialdirik ezaren ifrentzua ez bada? Zer da, ba, negozioa, latinezko negotium (nec otium), aisiaren ukazioa ez bada?
Bizitza laburra den ala ez, hurrengo baterako utziko dut. Labur esan dezaket, ordea, gaztea zarenean, denborarik ez duzula, eta denbora daukazunean, zaharra zarela. Horretara murrizten da bizitza.