AUZO-LOTSA 32 BESTE IBILBIDE BAT

 

Hamarraldi berberaren hasieran, ekain aldean-edo, jakin nuen, Nafarroako Gobernuko euskaltegia, hurrengo ikasturtean, Azpilagaña auzoko solairuarte batean egonen zela kokatuta. Gauzak hala, berehalaxe aztertu nuen Iturrama auzoko gure etxetik, euskaltegiaren kokagune berrirainoko ibilbide osoa, eta, aurreko aldian egin nuen bezalaxe, oraingoan ere, oztopo eta eragozpen guzti-guztiak, zehaztasun handiarekin apuntatu nituen.

Euskaltegi hura, Nafarroako Gobernukoa zenez gero, oso garaiz (ekaineko oporrak baino lehen), jakinarazi nion, behar zuen arduradunari, nire errealitatearen berri, ez ibili behar izateko azken orduan, arazo guztiak konpondu nahian.

Udako oporraldia ailegatu, eta, beti bezala, nahi baino askoz ere azkarrago joan egin zen, batez ere, irakasle eta ikasleentzat. Niri ere, euskara irakasle moduan, berehalaxe iritsi zitzaidan ikasturte berria hasteko tenorea. Gauzak hala, lehenengo egunean, etxetik atera eta Azpilagaña auzo aldera jo nuen, Nafarroako Gobernuko funtzionarioen euskaltegira joateko. Abiatu, eta, ikusi ahal izan nuen, beheragune gehienak ongi samar eginak zeudela, nahiz eta, batzuk, ez egon guztiz ongi bukatuta, eta, beste batzuk, ordea, egin gabe utzita zeuden. Gauzak hala, euskaltegirako bidean, hautazko beste igarobide batzuk ere bilatu eta aurkitu behar izan nituen, oztopo haiek gainditzeko. Euskaltegiko sarreran eta barruan halaber, egiaztatu ahal izan nuen, egokitzapen gehienak, behintzat, nahiko ongi eginak zeudela.

Ibilbidea nahiko luzea zen, kilometro inguruko luzera gutxienez izanen baitzuen, eta hura ere ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula, batez ere, neguan, eguraldi busti eta hotzarekin, eta, are gehiago oraindik, gogoan edukita, goiz batzuetan, eguna argitu baino lehen atera behar izaten nuela etxetik, nire ordutegia ongi bete ahal izateko; gogoan eduki behar da, ikasleak Nafarroako Administrazioko funtzionarioak zirela, eta, haietako batzuek, eskolak, lanera joan baino lehen hartzen zituzten.

Argi dago, kasu honetan, jokaldia ongi samar atera zitzaidala, baina ez dakit gauza bera esan ahalko nukeen, udako oporrak baino lehen, mugitu izan ez banintz Nafarroako Administrazioaren aurrean, pixka bat presionatu eta erreibindikatzeko. Bejondeiala, Xanti!